Asteon zientzia begi-bistan #392

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako gehigarria da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

kolesterola

Paleontologia

Iberiar penintsulako hainbat aztarnategitan legatz arrasoak jaso dituzte, horien azterketa zabala egiteko. Aztarnategi horietako sei Erdi Aroko aztarnategi arabarrak dira. Azterketa honen helburua arrantzaren eta merkataritzaren historian sakontzea zen, eta Fish and Fisheries aldizkarian argitaratutako artikuluan azaldu dutenez, uste zena baino mende bat lehenago gertatu zen arrantza handiaren berragerpena. Bestalde, ezusteko beste ondorio bat ere jaso dute ikerketan. Izan ere, ikusi ahal izan dute oraingo arrainen tamaina askoz txikiagoa dela. Batez bestean, 10-15 zentimetro arteko aldeak aurkitu dituzte lehengo eta oraingo espezie bereko arrainen artean. Alea aldizkarian irakur daiteke: Legatz hezurrek esateko dutena.

Matematika

Morfogenesia organismo batek etorkizunean izango duen eta enbrioian ematen den formaren sorrera- eta garapen-prozesuari deritzo. Prozesu honen ikerketarekin erlazionatuta, 1952 urtean Alan Turing matematikariak biologia matematikoaren arloa aztoratu zuen, The Chemical Basis of Morphogenesis artikuluaren argitalpenarekin. Turingek artikulu horretan biologiarekin zein kimikarekin erlazionatuta dagoen morfogenesiaren mekanismoa ikertu zuen, landareetan zein animalien ilajeetan agertzen diren patroiak aztertu nahian. Zientzia Kaieran irakur daitekeen “Alan Turing, morfogenesiaren oinarriak matematikarekin azaltzen” artikuluan, Turingen matematikako tresnak eta ideiak zehaztasun eta sakontasun gehiagorekin ulertzera gonbidatzen gaituzte.

Biologia

Olalla Prado Novoa doktoretza-ondorengoa egiten ari da, eta giza eboluzioa da bere intereseko gaia, bereziki, emakumeen ikuspegitik. AEBn egin duen egonaldi batean egun osoko gastu metabolikoa ezagutzeko metodo ez inbaditzaile bat ezagutu du. Azaldu duenez, ura deuterio eta oxigeno-isotopoekin markatu, eta, boluntarioak ur hori edan ondoren, gernuan zein kantitatetan azaltzen diren neurtuta, jakin daiteke zein izan den pertsona horren gastu metabolikoa. Teknika hau erabiliz, bere helburua da ulertzea talde bateko kideen arteko harremanak, eta ingurunearekin zuten elkarrekintza, eboluzioaren zehar. Datu guztiak Zientzia Kaieran.

Espainiar estatuan, basurdeak arazo bilakatu dira zenbait tokitan beren ugaritasunagatik, eta ehizaren bidez egiten da populazio hauen kontrola. Alabaina, ehizak batzuetan guztiz legezkoak ez diren jokabideak hartzen ditu barne. Kordobako Unibertsitateko ikerketa-talde batek Espainiako hego-mendebaldeko ehiza-barruti ezberdinetan egin du azterketa. 75 basurderen ileak ikertu dituzte beren bizitzan zehar izan zuten dieta berreraikitzeko. Honela, ikusi ahal izan dute, basurdeen dietetan oinarrituta, ehiza-barruti horietako batzuetan basurdeak elikadura osagarria izaten dutela, eta beste batzuetan, berriz, gatibu hazitako basurdeak askatu izan dituztela ehiza garaian. Azalpenak Zientzia Kaieran: Azpijokoak basurdearen ehizan.

Mikrobiologia

Aitziber Agirrek Elhuyar aldizkarian azaldu duenez, herpesbirus latentea nola berraktibatzen den argitu dute. Julius Maximilians Unibertsitateko (Alemania) ikertzaile-talde batek lortu du emaitza. Birusaren mikroRNA bat da berraktibazioa eragiten duena. Honekin, orain arte ezezaguna zen mekanismo biriko berri bat aurkitu dute. MikroRNA horrek miR-aU14 du izena, eta birusaren erreplikazioan parte hartzen du berez, baina egoera latentetik ateratzen ere laguntzen duela ikusi dute. Oraindik ez dute birusaren berraktibazio-mekanismoa guztiz xehetu, baina ikertzen jarraituko dutela adierazi dute.

Genetika

Azken 15 urteetan Afrikako biodibertsitatea ikertu dituzten egitasmoen % 70 ez dituzte afrikar ikertzaileek gidatu. Batez ere, Estatu Batuetako, Txinako eta Europako ikertzaileak ibili dira lan horretan. Honek arazo bat ekarri du. Izan ere, ez dira geratzen Afrikan genomikako eta bioinformatikako analisiak egiteko eskarmentua eta baliabideak. Horregatik, 109 afrikar ikertzailek eta 22 afrikar erakundek martxan jarri dute “The African BioGenome project” egitasmoa. Egitasmo honen bidez, 105.000 afrikar espezie sekuentziatu nahi dituzte. Informazio horri esker, besteak beste, Afrikako biodibertsitatearen kontserbazioaren egoera jakingo da eta elikagai-sistema iraunkorrak garatuko dira. Datuak Zientzia Kaieran: Afrika, bere gene-beharrei heltzen.

Klima-aldaketa

Ekonomia justuagoa lortzeko, basoak zabaltzeko eskatu du FAOk. Seulen, Hego Korean, egiten ari diren basoei buruzko kongresuan egin du eskakizuna, “Munduko basoen egoera 2022an” izeneko azterlanean. Honen helburu nagusiak mende amaierarako planeta osasungarriago bat izatea eta tokiko ekonomia sendotzea dira. Hauek lortzeko, aholku orokor batzuk zerrendatu dituzte, besteak beste, oihanak sendatzea, hedatu eta zaintzea, munduan hazten ari den eskaerari erantzuteko basogintzaren sektorea sustatzea edo isuriak gutxitzea.

Osasuna

Ezaguna da kolesterola maila altuegietan izateak osasun arazoak ekar ditzakeela. Alabaina, kolesterolaren funtzioak ezezagunak dira gizartean, eta ez da beti argi izaten zer neurritatik gora den arriskutsua. Hau argitzeko asmoz, Jakes Goikoetxeak molekula honen ezaugarri orokorrak azaldu ditu Berrian: zer den, zer egiten duen gure gorputzean, zenbat mota dauden… Honetaz aparte, azaldu du osasun arazoei dagokiela, LDL edo kolesterol txarra aintzat hartu behar dela batez ere. Arrisku faktorerik ez badugu, LDL kolesterolak dezilitroko 130 miligramotik behera egon beharko luke, eta arriskurik bagenu, dezilitroko 100 miligramo baino gutxiago. Azalpenak Berrian: Kolesterola, ezagun arrotza.

Osasunaren Munduko Erakundeak adierazi duenez, obesitateak epidemia-izaera hartu du Europan. Bere azken txostenean kontinente zaharreko datuak argitaratu ditu, eta azaldu duenez, helduen % 59, eta haur eta gazteen % 28 bizi da obesitateaz. Argitu du, gainera, munduan obesitate-tasa handiena duen kontinentea dela Europa. Gainera, azpimarratu du heriotzen % 13 eragiten dituela obesitateak, eta gaixotasun ez-kutsakor asko izateko aukera nabarmen handitzen duela. EAEn, bestalde, Save The Children elkarteak gisa honetako datuak argitaratu ditu, eta Europakoen antzekoak dira: 16 urtetik beherako haur eta gazteen % 24,7 bizi da obesitateaz.

Medikuntza

CardioPrint ikerketa-proiektuak bihotzekoren bat izan dutenen bihotzak birsortu nahi ditu hiru dimentsiotako inprimagailuak erabiliz. Zazpi bazkideetatik lau Euskal Herrikoak dira. Bihotzeko baten ondorioz, oxigenorik jasotzen ez duen bihotzeko zatiko zelulak hil egiten dira. Orban bat sortzen da eremu horretan eta bertako zelulak ez dira birsortzen. Horixe izango da, izatez, CardioPrint proiektuaren abiapuntua: laborategian giza bihotzeko ehunak sortu gero bihotzekoa izan dutenei jarri ahal izateko, eta honela, kaltetutako bihotzeko zatiak birsortu. Azalpenak Berrian: Bihotza ‘inprimatzeko’ saioa.

Minaren arloko genero arrakala zera da, medikuek sentitzen duzun mina serio ez hartzea, emakumea zarelako. Honen atzean, osasunarekin lotutako estereotipoak daude, emakumeen gaixotasunak gutxiestean sustraitutako estereotipoak, adibidez. Estatu Batuetako azterlan batek ikusi zuen larrialdi unitateetan emakumeek gizonek baino 16 minutu gehiago itxaron behar izatea botikak jasotzeko, abdomeneko mina zutela azaldu ondoren. Beste ikerketa batek, oraingoan Erresuma Batuan, emakumeek bihotzekoa izan ondoren diagnostiko okerra jasotzeko dituzten probabilitateak % 50 handiagoak dira gizonezkoekin alderatuta, mina gaizki interpretatzearen ondorioz.

Teknologia

Alea aldizkarian irakur daitekeenez, Arabako Parke Teknologikoan jarri dute instalazio fotovoltaiko flotagarri bat ur baltsa txiki baten gainean. Emica Solar enpresak egin du prototipoa, eta teknologia foltovoltaikoaren aldaera hau probatzeko egin dute instalazioa. Ur baltsa bertako lorategiak ureztatzeko baliatzen da berez, eta bertan, plataforma flotatzaile baten gainean daude ezarrita eguzki plakak. Enpresa sustatzaileak hedabideei helarazitako ohar batean azaldu duenez, diseinu honek lurrunketa naturalaren, mantenu kostuen eta ur flora eta faunaren gaineko afekzioaren gutxitze nabarmena dakar. Azalpenak Alea aldizkarian: Eguzki panelak, uraren gainean.


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko..