Olalla Prado, giza eboluzioan aditua: “Lorpenak ez dira indibidualak, taldearenak baizik”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Olalla Prado Novoa doktoretza-ondorengoa egiten ari da, eta justu AEBn egiten ari den egonaldia amaitzen ari zaio. Esperientzia paregabea izan dela onartu du, eta nabari zaio benetan gozatu duela, alde pertsonaletik zein akademikotik: “Giza metabolismoaren gastua neurtzeko teknika jakin batzuk ezagutzera eta haietan trebatzera etorri nintzen, eta beste mundu batekin egin dut topo. Hemen beste era batera ulertzen dute ikerketa, eta bai harremanak bai baliabideek ez dute zerikusirik Espainiakoarekin. Beste maila batean daude”.

Ourensen jaioa da, eta Galizian egin zituen unibertsitate-ikasketak eta bitartekoak. Gero, giza eboluzioan sakontzeko, masterra egin zuen Burgosko Unibertsitatean, eta CENIEH giza eboluzioaren ikerketarako zentroan, berriz, egin du doktoretza. Eta orain, Aberdeengo Unibertsitatearen bitartez, VPISU Virginiako institutu politekniko eta unibertsitate estatalean izan da. Eta garbi ikusi du aldea sekulakoa dela.

Olalla Prado
Irudia: Olalla Prado Nóvoa, giza eboluzioan doktorea.

“Alde batetik, gogo handia nuen doktoretza atzean uzteko eta nire kasa ikertzeko. Baina, batez ere, alderdi akademikotik eta formazioarenetik, hartu dudan erabakirik onenetakoa izan da. Ikerketa nola ulertzen duten, zenbat baliabide inbertitzen dituzten, kideen arteko harremanak… ez du hangoarekin zerikusirik. Hemen ulertzen dute merezi duela ikerketan inbertitzea, eta diziplinartekotasuna egiazkoa da. Lorpenak ez dira indibidualak, taldearenak baizik; beraz denak prest daude besteari laguntzeko, denen onurarako izango baita haren lana aurrera ateratzea. Asko arduratzen dira gustura egon zaitezen, ikertzaile gazteak gehiago zaintzen dira, eta baikorragoak dira”.

Horrez gain, doktoretza egin ondoren, askoz ere errazagoa da enpresa pribatu batean lana lortzea; eta zientziei buruzko ikuspegi zabalagoa dute, ez dute hainbeste bereizten humanitateen eta zientzien artean.

Izan ere, egiaz, bereizketa ez da hain garbia kasu askotan, adibidez, Pradoren beraren kasuan: historia ikasi zuen, eta metabolismoa aztertzeko teknikak lantzen ari da.

Horrela azaldu du bi arloen artean dagoen lotura: “Txikitatik, garbi nuen arkeologo izan nahi nuela ―bai, Indiana Jonesek du errua― . Eta, orain, badaude beste bide batzuk arkeologo izateko, baina orduan historia-ikasketen bitartez egiten zen. Giza eboluzioa da nire intereseko gaia, bereziki, emakumeen ikuspegitik. Eta garbi nuen Atapuercara joan behar nuela. Hortaz, Burgosko Unibertsitatera joan nintzen, giza eboluzioari buruzko masterra egitera. Horrela hasi nintzen emakumeen gastu energetikoa ikertzen, egoera fisiologikoaren arabera, eboluzioan zehar”.

Eboluzioa, emakumeen ikuspuntutik

Jakina, hori ezin da zuzenean ikertu, baina gaur egungo emakumeen datuak ikertuta, eta aztarna arkeologikoetatik lortutako zenbait parametro aintzat hartuta, simulazioak egin daitezke. Hori izan da Pradoren lana, eta, orain, AEBn, egun osoko gastu metabolikoa ezagutzeko metodo ez inbaditzaile bat ezagutu du. “Ura deuterio eta oxigeno-isotopoekin markatu, eta, boluntarioak ur hori edan ondoren, gernuan zein kantitatetan azaltzen diren neurtuta, jakin daiteke zein izan den pertsona horren gastu metabolikoa”, esplikatu du.

Metodo hori, beraz, oso lagungarria zaio datu zehatzagoak lortzeko eta simulazio hobeak egiteko. Azken helburua da ulertzea talde bateko kideen arteko harremanak, eta ingurunearekin zuten elkarrekintza, eboluzioaren zehar. Batik bat, emakumeetan, gizonetan baino gutxiago ikertu baita. Bere tesian, esaterako, batetik, ikertu zuen haurdunen gastu metabolikoa gizaki modernoaren aurreko espezieetan, eta, bestetik, ea sexuen araberako lan-banaketa sexuen arteko diferentzia energetikoen ondorio zen.

Ondorio honetara iritsi ziren: “Ikusi genuen ezetz, gizonen eta emakumeen artean ez dagoela abantaila edo desabantaila energetikorik, lan jakin bat egiteko. Antza denez, espezializazioak inguruneko baliabideak hobeto ustiatzea dakar. Gero, baliabideak taldekideekin partekatuta, bizirauteko aukera areagotzen da. Horrek azaltzen du lan-banaketa; eraginkorragoa eta hobea da taldearentzat“.

Elkarlanak norbere kasa aritzeak baino emaitza hobeak ematen ditu, beraz, lehen eta orain. Aurrera begira, Espainian lan egitea gustatuko litzaioke, baina ez du erraza ikusten. Doktoretza-ondorengoarekin jarraitzeko atzerrian eskatu ditu pare bat beka, eta erantzunaren zain dago Olalla Prado. “Ea zortea dudan”. Hala bedi.

Fitxa biografikoa:

Olalla Prado Nóvoa Ourensen jaioa da (Galizia), 1990ean. Historian lizentziatu ondoren, Giza eboluzioari buruzko masterra egin zuen Burgosko Unibertsitatean. Jarraian, doktoretza egin zuen CENIEH giza eboluzioaren ikerketarako zentroan, eta, orain, Aberdeengo Unibertsitatearen bitartez, VPISU Virginiako institutu politekniko eta unibertsitate estatalean izan da, egonaldi bat egiten.


Egileaz:

Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.