Azpijokoak basurdearen ehizan

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Bati baino gehiagori jada arraroa egiten zaio ehiza oraindik praktikatzen dela jakitea. Gizakia kobazuloetan bizi zeneko istorioak dira horiek, elikagaia eskuratzeko mamutak eta leizeetako hartzak bezalako basapiztiak harrapatu behar zirenekoak. Alabaina, orainaldian ere badago ehizatzearen grina duen jenderik, geroz eta gutxiago bada ere. Gaur egun, ehizak ere baditu bestelako erabilerak; besteak beste, zenbait animalia basatiren gaineko populazioaren kontrola.

Espainiar estatuan, adibidez, basurdeak arazo bilakatu dira zenbait tokitan beren ugaritasunagatik, eta ehizaren bidez egiten da populazio hauen kontrola. Izatez, ehiza da, gaur egun, basurdeen hilkortasun-kausa garrantzitsuena.

Basurdeak (Sus scrofa) ez dira espezie inbaditzailea, baina ugariak dira ingurune natural askotan. Animalia handiak dira basurdeak, eta, beraz, ez dute harraparirik; eta hori da arazo nagusia. Garai batean, gure lurraldean oraindik goi-mailako harrapariak (otsoa, hartz arrea…) aurki zitezkeen garaietan, animalia horiek kontrolatzen zituzten basurdeen populazioak, beren bazka baitziren. Gizakiok, ordea, kate-trofikotik ezabatu ditugu harrapari horiek, eta orain, gu haien harrapari bihurtzea izan da basurdeak kontrolpean mantentzeko modua.

basurdeak
Irudia: ikerketa bate basurdearen ehizan baimenduta ez dauden praktikekin topo egin du. Animalia hauen elikadura aztertzea helburu zuten ikertzaileek baimendu gabeko elikadura osagarria ematen zitzaiela aurkitu du (azterketa-eremuan modu naturalean aurkitzen ez ziren elikagaiak). Animaliak ehizatzen ziren lekuetara erakartzeko asmoa duen jokabidea litzateke berori. (Argazkia: Eveline de Bruin – pixabay lizentziapean. Iturria: pixabay.com)

Iragana argiturik, orainaldian kokatuko gara, eta gaur egun, basurdeak ehizatzea baliagarria da populazioen kontrolerako. Urtero populazioen neurketak egiten dira, eta behin hau jakinda kupoak ezartzen dira, garai bakoitzean ehizatu daitezkeen indibiduo kopurua zehazteko. Alabaina, praktika honek, batzuetan, guztiz legezkoak ez diren jokabideak hartzen ditu barne, eta ikerketa-zientifiko batek frogatu du, lehen aldiz, ekintza horietako bat benetan gertatzen dela.

Isotopo egonkorrak basurdeak aztertzeko

Kordobako Unibertsitateko ikerketa-talde batek espainiar hego-mendebaldeko zenbait ehiza-barrutietako basurdeak ikertu ditu, zehazki 7 populazio ezberdinetako 75 basurde. Azterketa honen helburua basurde horiek elikadura-osagarria izan zuten ikertzea izan zen. Hau aztertzeko, basurdeen ileak erabili zituzten, zehazki, ileetako isotopo egonkorrak. Isotopo egonkorrak zera dira, erreaktiboak ez dien nukleidoak (elektroirik gabeko nukleoak). Elementu kimiko batek isotopo bat baino gehiago izan ditzake, baina nukleidoan dituen protoi eta neutroien kopuruaren arabera, egonkorra ala ezegonkorra izango da isotopo hori. Bada, karbonoak eta nitrogenoak, adibidez, isotopo egonkor bat baino gehiago dituzte, eta, biologian, bereziki interesgarriak dira Karbono-13 (nukleoan 6 protoi eta 7 neutroi dituen karbonoaren isotopo egonkorra) eta Nitrogeno-15 (nukleoan 7 protoi eta 8 neutroi dituen nitrogenoaren isotopo egonkorra) isotopoak.

Baina zergatik dira interesgarriak isotopo hauek biologian? Ba, landare mota bakoitzak isotopo hauen proportzio ezberdina dutelako beren ehunetan, aurrera eramaten duten metabolismo motaren arabera. Proportzio hauen arabera sailka ditzakegu landareak: Karbono-13 isotopoaren proportzio altuagoa dute, adibidez, gariak, tuberkuluek eta loredun landare gehienek, artoak edo azukre-kanaberak dutena baino altuagoa. Honela banatzen dira C3 eta C4 motako landareak, karbono-13 isotopoak haien ehunetan duen agerpenagatik, hain zuzen. Bestalde, Nitrogeno-15 isotopoaren balioak askoz ere aldakorragoak dira, eta landareen sailkapen zehatzagoa egiteko erabiltzen dira.

Basurdeetara itzuliz, Kordobako ikertzaile hauek ideia erabat berritzailea izan zuten. Izan ere, landare-ehunen isotopo-proportzioen arrastoa jarraitu dakioke kate-trofikoan gora eginda; alegia, landareetatik belarjaleetaraino edo orojaleetaraino. Ilea gorputzeko ehun bereziki interesgarria da honetarako, zelula hilen pilaketak baitira ileak, eta, ondorioz, informazio isotopikoa gordetzen apartak dira. Beraz, ileak erabiliz, ikertzaile hauek 75 basurde horiek beren bizitzan zehar izan zuten dieta berreraiki ahal izan zuten.

Legez kanpoko praktikak agerian

Eskuratutako emaitzak guztiz adierazgarriak izan ziren. Askatasunean orojalea da basurdea, gehienbat ingurunean topatzen dituen landareez elikatzen baita. Alabaina, animalia oportunistak dira basurdeak, eta giza jatorriko elikagai osagarria topatuz gero, zalantzarik gabe baliatuko dute aukera. Hau jakinik, ehizaren inguruan elikagai osagarria jarri izan zaie basurdeei, bi helburu nagusirekin: haiek ehiza-guneetara erakarri eta bertan ehizatzeko, edo/eta basurdeak bazkatzeko eta, honela, ehiza daitekeen indibiduo-kopurua handitzeko. Muturreko egoeretan, basurdeen haztegiak ere aurkitu izan dira, non animaliak hazten diren, ondoren ehiza-barrutietan askatzeko.

Bada, ikerketa honetan aztertutako 7 populazioetan (A-tik G-ra izendatuak), bostek artoa jan izanaren arrastoa zuten beren ileetako isotopoetan. Artoa pentsuaren oinarrizko osagaia da, eta 75 basurde horiek ez zuten inolako aukerarik beren kabuz arto-landaketa batera edo beste edozein jatorrira iristeko. C eta F populazioek landaretza mediterranearra jan izanaren arrastoak erakutsi zituzten, hau da, bertako landaretza. B populazioko basurdeek, ordea, artoan oinarritutako dieta bat izan zuten beren bizitza osoan zehar. A, D eta E populazioen ileetako isotopoetan dietako aldaketa bat argi bat nabari zen; lehen urteetan landaretza mediterranearra jan zuten, eta une batean, artoan oinarritutako dietara egin zuten salto. G populazioak, azkenik, bi dieten arteko nahaste bat erakusten zuen kronologikoki, bertako landaretza eta artoa, biak, jaten zituztenez gero.

Emaitza hauek ikusirik, ikertzaileek zenbait hipotesi aipatu dituzte argitaratu duten artikuluan, datu hauen zergatia azaltzeko:

  • B populazioko basurdeak gatibu hazitako indibiduoak izango lirateke, eta ehiza-sasoia baino zertxobait lehenago askatuko zituzketen helburu argi batekin. Praktika hau guztiz legez kanpokoa da aurretiaz baimena eskatu ezean.
  • Bestalde, A, D, E eta G populazioetako emaitzek iradokitzen dute basurde hauek bazka osagarria izan zutela beren bizitzaren aldiren batean, ehiza-guneetara erakartzeko edo populazioak handitzeko.

Honekin ez da iradoki nahi Espainiar estatu osoan honelako jokabideak izaten direnik. Ikerketa Espainia hego-mendebaldeko ehiza-barruti jakin batzuetan egin zen, eta jokabide horiek ezin dira orokortu beste barruti edo lurralde batzuetara. Alabaina, basurdearen ehiza justifikatzeko premisek bete-betean egiten dute talka honelako praktikekin. Gainera, animaliak inolako kontrolik gabe askatzeak hainbat arazo ekar ditzake. Besteak beste, introgresio genetikoak gerta daitezke populazioetan eta haien kontserbazioa kaltetu. Era berean, populazioen arteko gaixotasunen hedapena ere larriagotu daiteke, eta ondoren gizakietara heltzeko aukerak handitu, ahaztu gabe horrek guztiak dakartzan ondorio sozio-ekonomikoak. Frogatu da kalte egiten diela ekosistemei ingurune naturalean basurde asko egoteak, baina praktika hauek erakusten dute, beste behin, ingurunearen babesa gizakiaren interes propioen azpitik geratzen dela.

Erreferentzia bibliografikoak:

Vedel, G., de la Peña, E., Moreno-Rojas, J. M., Gómez, J. C. M., & Carranza, J. (2022). Stable carbon and nitrogen isotope values in hair reveal management differences and hidden practices in wild boar populations. Science of the Total Environment, 823, 154071. DOI: https://doi.org/10.1016/j.scitotenv.2022.154071

Quirós-Fernández, F., Marcos, J., Acevedo, P., & Gortázar, C. (2017). Hunters serving the ecosystem: the contribution of recreational hunting to wild boar population control. European Journal of Wildlife Research, 63(3), 4–9. DOI: https://doi.org/10.1007/s10344-017-1107-4


Egileaz:

Irati Diez Virto Biologian graduatu zen UPV/EHUn eta unibertsitate berean Biodibertsitate, Funtzionamendu eta Ekosistemen Gestioa Masterra egin zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.