Otsoak dira partida honetako arbitro nagusiak

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Otsoak Yellowstoneko parkean sartu izanagatik, bertako ekosistemetan eragindako beste ondorio bat berretsi dute ikertzaileek: harrapakariek belarjaleen populazioen gainean egiten duten kontrolari esker, bertako zuhaitz zaurgarriak berreskuratzen ari dira.

Zientzia harrigarria da ekologia, baina baita eremu labainkorra ere: ekologoek jakin badakite ekosistemak arras konplikatuak direla, eta askotan, horiek ulertzeko ezin daitekeela logika hutsa erabili. Gauza bat da errealitatean gertatzen denari buruzko eskema teoriko bat marraztea, eta, beste bat, benetan naturan bertan gertatzen dena ikustea. Modu horretan, askotan, gizakiek egindako esku-hartzeek aurreikusi ez diren ondorio latzak izan dituzte.

1. irudia: Otsoa harrapakari apikala da, eta, horren desagerpenak kate trofiko osoan eragin nabarmena izan dezake. Hala gertatu da Yellowstonen. (Argazkia: Michael Larosa / Unsplash)

Tartean harrapakari handiak badira, are tentu handiagoz ibili beharra dago. Yellowstoneko (AEB) parke natural ezagunean horrela ibili dira otsoaren kudeaketarekin. Duela mendebete inguru, jakin badakigu zer nolako kudeaketa zen ohikoena. Patari arriskutsutzat jotzen zen animalia, eta 1926an ehiztariek azken saldoa akabatu zuten. Baina, orduan, gauzak okertzen hasi ziren. Harrapakaririk gabe, oreinak (Cervus canadensis, batez ere) nagusitzen hasi ziren, eta landareek animalia hauen gainpopulazioaren eragina nozitu zuten. Otsoak hil izanagatik, gizakiak oreinak akabatzeari ekin behar izan zion. Kate trofikoaren oreka hauskorra birrinduta zegoen.

Denbora berrien adierazle, 1995ean berreskuratu zuten harrapakaria Yellowstonen, modu kontrolatuan parkean hainbat otso ale sartuz. Otsoa tartean dagoenean gertatu ohi den modura, polemika egon zen; baina, hala eta guztiz ere, parkeko arduradunek aurrera jotzea erabaki zuten. Orduan, gauzak pixkanaka berriro aldatzen hasi ziren. Asko idatzi eta hitz egin da esku-hartze horren inguruan, baina, funtsean, horrelakoa izan ziren lerro nagusiak: otsoen bueltatzeak oreinen populazioak aldarazi zituen, eta horiek belar eta zuhaitz hosto gutxiago jan zituzten. Landarediaren berreskurapenak ibaien inguruko ekosistemak aberastu zituen, bereziki ur hegaztien eta kastoreen mesedean. Koioteen populazioek ere behera jo zuten, eta horri ugaztun txikien onerako izan zen, eta baita ugaztun hauetaz elikatzen diren hegaztientzako ere.

Hasieran, otsoek lan erraza izan zuten, 50 urte inguruz harrapakaririk gabe egon gabe, oreinak ez zirelako izutzen otsoen aztarnak atzematean. Baina ikertzaileek ondorioztatu zuten ere oreinek arin ikasten zutela; adibidez, otsoek hildako kumeen amak askoz zuhurragoak bihurtzen ziren otsoen zantzuak sumatzean. Ohitu arren, otsoen eragina nabaria izan zen. Kalkulu baten arabera, otsoa sartu baino lehen 20.000 bat orein zeuden parkean, baina 2019an 5.000 inguru besterik ez zituzten zenbatu .

Dena dela, zuhur jokatu beharra dago. Askotan, ez baitago argi horrelako aldaketa handiak benetan horrelakoak diren ala pertzepzioen araberakoak ote diren. Izan ere, otsoen berreskurapenarena istorio polita da, hedabideetan eta dokumentaletan erraz zabaltzen den horietakoa. Horregatik, bereziki halako istorio mediatikoen inguruan aritzen direnean zientzialariek oso datu ziurrak behar dituzte.

2. irudia: Bisonteak eta oreinak bereziki udan biltzen dira landareak jateko. Belarra ez ezik, zuhaitzen hosto eta adaxkak jaten dituzte. (Argazkia: Luke Painter / Oregon State University)

Horixe egin berri dute oraingoan. Bide batez, kontserbazionisten artean zegoen aspaldiko eztabaidari amaiera eman nahi izan diote. Yellowstoneko iparraldeko zenbait lekutako ibaietan egon den aldaketa kuantifikatzen saiatu dira ikertzaileak. Egiaztatu ahal izan dutenez, West Blacktail Creek izeneko eskualdean ibai ertzeko hainbat espezie berreskuratu dira. Bereziki zumeak (Salix spp.) eta makalak (Populus spp.) dira hoberen berreskuratu diren zuhaitzak. Horien tamaina handitu da, duela hamarkada batzuk zeuden zuhaitzekin alderatuta, eta estaldura gehiago eskaintzen dute gehienetan. Oregongo Estatuko Unibertsitateko ikertzaileek berretsi dituzte aspaldiko susmoak, eta Ecosphere aldizkarian eman dute horren berri.

Besteak beste, Walking Shadow Ecology taldekoak ibili dira zeregin horretan. Sei urteko zenbaketa burutu dute parkeko erreken inguruan biltzen diren landareak zenbatzen. 14 espezietako 40.000 landare inguru jaso dituzte bertan, eta, parkean gora eta behera, orotara 6.000-8.000 kilometro inguru egin dituztela kalkulatu dute. Ordenagailu bidezko simulazioak jaun eta jabe diren garai batean, ez da, ba, lan makala egin dutena. Biologo askok eskatzen duten bota-biologiaren aldarrikapen ederra izan da.

Alde nabarmena aurkitu dute larre hezeetan hazitako eta erreken inguruetan hazitako zuhaitzen artean: larreetakoak beren horretan mantendu diren bitartean, erreken albokoak dezente handitu dira, bi metro baino gehiago hartuz.

Luke Painter ekologoak prentsa ohar baten bitartez adierazi duenez, zientzialarien arteko eztabaida egon da gaiaren bueltan, ez baitzegoen argi harremana norainokoa zen. Baina, oraingo datuak eskura, lotura frogatzeko moduan daudela uste dute. “Gure emaitzek erakusten dute azken bi hamarkadetan Yellowstoneko iparraldean oreinek egindako kimakaritzaren gutxitzeak ahalbidetu duela leku askotan zumeak gehiago haztea, klima beroa eta lehorra izan arren”, laburbildu du Painterrek. Ekosistemen lehenengoratze pasiboaren adibidetzat jarri dute urte hauetan guztietan gertatutakoa.

Beste leku batzuetan, berriz, zuhaitzak ez dira berreskuratu, bertan bisonteak (Bison bison) daudelako, eta horiek kimakari lanak egiten dituzte, zuhaitzen kaltetan. Belarjale askorik gabeko eremuetan zuhaitzek hiru edo lau metrora arteko garaiera hartu duten bitartean, bisonteak dauden lekuetan, berriz, 120 zentimetrotik behera mantendu diren zuhaixkak baino ez daude.

Ohartarazi dute oreinen kontrola ez dela soilik otsoen kontua izan, bestelako harrapakari eta ehiztariak ere jardun horretan ibili direlako, baina otsorik gabe hau ez zela gertatuko nabarmendu nahi izan dute.

Erreferentzia bibliografikoa

Painter, L. E., Tercek, M. T., (2020). Tall willow thickets return to northern Yellowstone. Ecosphere, 11 (5), e03115. DOI: 10.1002/ecs2.3115


Egileaz: Juanma Gallego (@juanmagallego) zientzia kazetaria da.


1 iruzkina

  • […] Yellowstoneko (AEB) parke naturalean modu kontrolatuan sartu zuten hainbat otso ale 1995ean bertako ekosistema kontrolatzeko. Hori izan dute ikergai zientzialariek orain eta berretsi dute harrapakariek belarjaleen populazioen gainean egiten duten kontrolari esker, bertako zuhaitz zaurgarriak berreskuratzen ari direla. Gaia […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude