Erosi berri duzun arropa garbitu al duzu?

Josu Lopez-Gazpio
Arropa berria garbitu egin behar da. Hori dio zientziak. Dendan sartu eta arropa berria erostean burutik pasa dakigukeen azken gauza da ehunen artean gordeta mikroorganismo pila egon daitekeela, baina, izatez, halaxe da. Erosi dugun galtza berria hainbat bezeroek probatuko zuten eta berriro ere esekigailuan utziko zuten kolorea ez zutelako atsegin edo handiegia zelako. Bada, erosi dugun jantzi berria pentsa daitekeena baino jende gehiagok jarri du gainean eta, zientziak dioenez, garbiketa sakon bat beharrezkoa izango da mikroorganismoak kentzeko -edo, murrizteko behinik behin, izan ere, inoiz ez dira guztiz desagertu-.

1. irudia: Arropa bezero askok janzten badute mikroorganismoen trukaketa gertatzeko arriskua dago, nahiz eta arrisku hori altua ez izan. (Argazkia: markusspike – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Duela gutxi garbigailuetan gertatzen diren prozesu mikrobiologikoak aztertu bagenituen eta, ikusi genuenez, garbigailuan arroparen arteko mikroorganismo transferentziak gerta daitezkeela esan bagenuen, gaurkoan arropa berrian dauden mikrobioak izango dira aztergai. Philip Tierno New Yorkeko Unibertsitateko ikertzaileak eta bere lankideek frogatu ahal izan dutenez, erosi berria izan den arropan bakterioak eta birusak kantitate nabarmenean aurkitu dituzte, eta gorotz-germenen presentzia ere antzeman dute.

Egin dituzten ikerketetan hainbat arropa mota aztertu dituzte, esaterako, galtzak, jantziak, barruko arropa eta bainujantziak, eta guztietan aurkitu dituzte beste bezeroren batzuen aztarnak. Ikerketaren arabera, bezero batek arropa janzten duenean hiru bide nagusi daude mikroorganismoak zabaltzeko: arnas aparatutik -ahoa eta sudurra, nagusiki-, azaletik eta uzkitik. Germenak dituen arropa ukitu ondoren geure ahoa, begiak edo sudurra ukitzen baditugu, mikroorganismo patogenoak gorputzera sartzeko arriskua dago, nahiz eta Tierno eta haren lankideen arabera arrisku hori benetan murritza den. Arriskua areagotu egingo litzateke azalean ebakiak edo zauriak badaude; izan ere, agente patogenoak erraztasun handiagoz sar daitezke. Ikerketan ikusi zutenez, arropa gehienak beste bezero batean jatorria zuten mikroorganismoak aurkitu zituzten eta, adibidez, zetazko blusa batean baginako mikroorganismoak eta gorotz-germenak identifikatu zituzten. Jantzi batzuek, gainera, hainbat germen desberdin zituzten, dendan bezero askoren eskuen artean ibili zirela adieraziz.

2. irudia: (Argazkia: jarmoluk – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com).

Mikroorganismoak denbora luzez egon daitezke jantzietan eta, arriskua txikia bada ere, Tierno eta bere lankideen arabera arriskua, egon, badago. Zentzu horretan, ikertzaileek erosi berria izan den arropa garbitzea aholkatzen dute bakterio eta birusen kopurua murrizteko. Era berean, dendan arropa probatu behar denean tartean beste jantziren bat egotea aholkatzen dute -azalaren eta dendako arroparen arteko kontaktua saihestuz-, eta baita arropa ukitu ondoren eskuak garbitzea ere. Oro har, arropa garbigailuan sartzean mikroorganismo kopurua murriztu egiten da, baina ez beti. Zentzu horretan, garbigarriek mikrobioen aurka duten efektuak ere ikertu ditu zientziak eta, esaterako, hala egin zuten Marlitt Honisch eta bere lankideek 2016an argitaratutako ikerketa batean. Diotenez, egunotan tenperatura baxuko garbiketak ohikoak dira eta beti ez da lortzen desinfekzio egokia. Ikertzaile talde berak bi urte lehenago argitaratutako ikerketa batean ere ohartarazi zuten garbiketa tenperaturaren murrizketak ondorio nabarmenak dituela lortutako desinfekzioan. Hala ere, adierazi zutenez higiene-kalitatearen murrizketa hori garbigarri egokien erabilpenarekin orekatu daiteke eta, hain zuzen ere, oxigeno aktibozko lixibek eta garbiketa denboraren luzapenak higienea egokia ziurtatzen dute, tenperatura hotzean ere.

Azkenik, arroparen ekoizpenean erabili diren produktuen arrastoak ere gera daitezke arropa berrian eta horrek zenbat alergia eta kontaktuzko dermatitis eragin ditzake. Horregatik guztiagatik, kontsumitzaileen elkarteek ere arropa berria garbitzea gomendatzen dute lehen aldiz erabili aurretik eta umetxoentzako arroparen kasuan garbiketa hori behar-beharrezkoa dela diote. Eta zuk, jantzi al duzu noizbait garbitu gabeko arropa berririk? Bada, orain badakizu zergatik komeni den pazientzia pixka bat izatea eta estreinatzeko hainbeste gogo duzun kamiseta hori jarri aurretik garbigailuan sartzea.

Erreferentzia bibliografikoak:

Marlitt Honisch, Britta Brands, Mirko Weide, Horst-Dieter Speckmann, Rainer Stamminger, and Dirk P. Bockmühl (2016). Antimicrobial Efficacy of Laundry Detergents with Regard to Time and Temperature in Domestic Washing Machines. Tenside Surfactants Detergents: Vol. 53, No. 6, pp. 547-552. DOI:doi.org/10.3139/113.110465

Callewaert Chris, Van Nevel Sam, Kerckhof Frederiek-Maarten, Granitsiotis Michael S., Boon Nico (2015). Bacterial Exchange in Household Washing Machines. Frontiers in Microbiology: Vol. 6, pp. 1387. DOI:10.3389/fmicb.2015.01381

Informazio osagarria:

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

Iruzkin 1

Eman iritzia

Erosi berri duzun arropa garbitu al duzu? | EIBZko liburutegia

[…] Josu Lopez Gazpio / 2018-05-22 / 612 hitz […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>