Zergatik iruditzen zaizkigu berdinak beste etnietako pertsonen aurpegiak?

chinese

Beatriz Martinek eta Karlos Lunak lehen saria lortu dute Ciencia Cognitiva aldizkariko Dibulgazio Zientifikoko I. Lehiaketan

Gure etnia bereko pertsonak edo harreman gehien izan ditugun etnietakoak hobeto gogoratu ohi ditugu, eta horren zergatia Psikologiaren eremuko teoria batzuek argitu nahi dute. UPV/EHUko doktoregai Beatriz Martin Luengok eta Psikologiako doktore Karlos Lunak -azken hori gaur egun Irakasle Laguntzailea da Istanbulgo Suleyman Sah Universityn- birpasatu eta azaletik azaldu dituzte teoria horiek. ¿Por qué las caras de otras etnias nos parecen iguales? izenburu duen artikuluarekin lehen saria lortu dute Ciencia Cognitiva aldizkariko Dibulgazio Zientifikoko I. Lehiaketan.

Saria jaso duen lan horretan aurpegien pertzepziozko prozesamenduari buruzko zenbait teoria biltzen dira. Gizarte-kognizioan oinarritutako teoriak dira, baita pertzepzio-teorien eta gizarte-kognizioan oinarritutako teorien arteko hibridoak ere. Saritutako egileek azaltdu dutenez, “Teoriaren ikuspuntutik oso garrantzitsua da gure pertzepzioa zein mekanismok azaltzen duten jakitea, aurpegiak baitira egunero aurrean ditugun estimulurik konplexuenetako bat. Bestalde, azterlan horiek ekarpen garrantzitsua egin dezakete gizarte-alorrean, bizi garen gizarteetan gero eta sarriago etnia diferentetako pertsonak integratzen direlako”.

Izan ere, gure memoria hobea da geure etniako aurpegietarako, beste etnia batzuetako aurpegietarako baino, “mota horretako aurpegietarako joera daukagulako. Joera hori, aurpegiak prozesatzeko gure moduaren espezializaziotik etor daiteke. Horrenbestez, prozesamendu hori modu kualitatiboagoan egiten dugu gure etniako aurpegietarako, talde barruko edo kanpoko kategorizazio sozial baten antzera, hau da, pertsona hori nire taldekoa den ala ez. Duela gutxiago sortutako beste teoria batek ikuspegi biak uztartzen ditu eta motibazioaren eta egoeraren araberako alderdiak txertatzen ditu”.

Egileek nabarmendu dutenez, garrantzitsua da horrelako teoriak zabaltzea eta ezagutzera ematea edonork ulertzeko moduan, “alde batetik ikerketa-lanak gizarte osoari ezagutzera emateko aukera sustatzen duelako, eta bereziki kasu honetan, gure ingurunearekin nolako harremana daukagun apur bat hobeto ulertzen laguntzen duelako”.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>