Paleolito garaiko Dama Gorriaren loreak

EHUko ikerketa

Erdi Paleolitotik Brontze Arora bitartean Kantabriako Ramales de la Victoria herrian dagoen El Mirón kobazuloa gizakien bizilekua izan zen. 1903tik kobazuloaren berri izan badugu ere, 1996ra arte ez ziren arkeologia ikerketa sistematikoak hasi. Bertan aurkitutako aztarnek biltegi arkeologiko garrantzitsua dela adierazi dute. Horrela, 2010eko kanpainan Kantabriako Behe Madeleine aldiari dagozkion mailetan, gizaki bat lurperatuta zegoela deskubritu zuten.

35 eta 40 urte arteko emakume baten hezur geldikinak zituen hobi bat zen, haitzuloaren amaieran zegoena. Hezurrek gorriz koloreztatuak zeudenez “Dama Gorria” izena jarri zioten gorpuzkiei. Hezurren kolore gorriak eta hauen sedimentuak aditzera ematen zuten, besteak beste, okrea erabiltzen zutela ehorzketa errituan.

Irudia: Mirón kobazuloan ikertzaileak lanean. (Argazkia: El diario montañés)
Irudia: Mirón kobazuloan ikertzaileak lanean. (Argazkia: El diario montañés)

Dama Gorriaren gorpua lurperatu zuten Behe Madeleine aldian, El Mirón haitzuloko ingurumena oso hotza eta lehor samarra izan zen, Kantabriako gainerako eskualdean bezala. Horrek eragina izan zuen landare paisaian; zuhaitz urriko paisaia zen, pinuz eta urkiz osatua. Madeleine aldi horren amaiera aldera, ordea, klimak hobera egin zuen eta, horri esker, zertxobait ugaritu ziren arboladiak eta hurritza agertu zen. Mª José Iriarte eta eta Alvaro Arrizabalaga UPV/EHUko Historiaurreko Taldeko ikertzaileek, Gloria Cuenca Zaragozako Unibertsitateko irakaslearekin batera Mirón kobazuloko Dama Gorria lurperatu zeneko ingurumen egoera ikertu dute. Alde batetik, jalkinean kontserbaturiko polenak eta esporak aztertu dituzte, eta, bestetik, berreskuratutako mikrofaunaren arrastoak.

Haitzuloko hilobiaren mailan, han bakarrik, familia bakar bateko landareen polenen kontzentrazio handia aurkitu dute UPV/EHUko ikertzaileek; zehazki, Chenopodiaceae delako familiakoena. Multzokatutako polenak agertzeak eta haitzuloaren beste eremu batzuetako maila arkeologiko berean taxon hori ez egoteak adierazten dute polena ez dela naturalki ezarri. Izan ere, kobaren inguruan zegoen landare paisaia da horren erakusgarri. Aurkitutako arrastoak direla eta “hilobian lore osoak ipini zituztela da hipotesirik sinesgarriena” esan du Mª José Iriartek.

Beste aukera batzuk baztertu egin dira, hainbat arrazoi direla medio; esaterako, landareak elikagai edo sendagai gisa erabiltzea. “Ezin izan da egiaztatu hildakoari erritu eskaintza egiteko ipini ote zituzten loreak, edo beste helburu soilagoren bat zuten; adibidez, edo higienerako elementu gisa erabiltzea” argitu dute ikertzaileek. Lore osoak ipini zituzten hilobian, baina ezin izan da egiaztatu hildakoari erritu eskaintza egiteko ipini ote zituzten, edo lurperatzeak eragindako usain txarrak saihesteko. “Loretxo txikiak dira, nagusiki zuriak edo horixkak, eta gaur egun ez genituzke hartuko landare deigarritzat” dio Iriartek.

Ikerketaren emaitzaren berri eman dute Maria José Iriarte eta Alvaro Arrizabalaga ikertzaileek Journal of Archaeological Science aldizkarian.

Erreferentzia bibliografikoa:
Iriarte-Chiapusso, M.J., Arrizabalaga, A. and Cuenca-Bescós, G. “The vegetational and climatic contexts of the Lower Magdalenian human burial in El Mirón Cave (Cantabria, Spain): implications related to human behavior”. Journal of Archaeological Science, 2015. doi:10.1016/j.jas.2015.02.008

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Paleolito garaiko hilobi batean loreen arrastoak aurkitu dituzte.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.