Asteon zientzia begi-bistan #58

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

zientzia begi-bistan 58

Isabel Salcedo mikologian adituak onddoei buruzko sekretuak azaldu zizkigun aurreko astean. Esan zigunez Antzinaroan ere ezaguna ziren onddoak eta hainbat errituetan erabiltzeaz gain, jaki bezala ere dastatuak izan ziren. Argia aldizkarian onddoei so eginez Historiaurrera eraman gaitu Nagore Irazustabarrenak. Izan ere, Kantabriako El Mirón kobazuloan 2010ean aurkitu zituzten Paleolito garaiko gorpuzkinekin batera landare polena, animalia-jatorriko substantziak eta onddo kondarrak ere aurkitu zituzten. Onddoen arrasto hauek adierazten dute, giza dieta onddoek ere osatzen zutela: Historiaurreko onddozaleak Kantauri isurialdean.

Ana Galarragak ere Mirón haitzuloan jasotako arrastoen berri eman digu Elhuyar aldizkarian. Kasu honetan polen kondarren azterketaren berri eman digu. Maria Jose Iriarte UPV/EHUko ikertzaileak eta palinologoak ikertu ditu el Mirón kobazuloan aurkitutako polenak. Polena Mirón leizean ehortzi zuten emakumearen ondoan utzitako loreena da eta ikertzailearen ustez, “emakume harekin bizi zirenek nahita utzi zituzten loreak hilobian” baina ezinezkoa da jakitea zein intentziorekin utzi zituzten loreok. Datu guztiak Loreak aurkitu dituzte Paleolitoko hilobi batean artikuluan.

Lurrazalean ez ezik, itsasoan ere aurkitzen dira gizakiak utzitako arrastoak. Bestelako arrastoak dira, ordea. Bizkaiko golkoan, esaterako, 50 milioi tona zakar daude. Itsasoa garbitzeko hainbat irteera antolatu dituzte ‘Mater’ itsasontzi museoak eta Greenpeace erakundeak elkarlanean. Lander Muñagorri kazetariak dakarkigu Berrian lan hauen xehetasunak: Itsaso bete zarama.

José Alcamik Mikrobiologia Nazio-Zentroko GIBaren Immunopatologia Unitatea zuzentzen du. Asteon Donostian egon da Seisida Espainiako erakundeak hiesaren gainean egin duen kongresuan parte hartzeko. Arantxa Iraola kazetariak elkarrizketatu du Berrian GIBaren arloan erreferentziazko lana gauzatzen ari den ikertzailea. Elkarrizketan azaltzen du birusa behin betiko desagerrarazteko bidean ikertzaileek laborategietan egiten dituzten ahaleginak asko diren arren, urriak direla arrakastak eta bide erratuak ere hartu izan dituztela, baina euren lana ederra dela deritzo ikertzaileak, interesatzen zaien galderei erantzuna emateko ari baitira lanean. Aurrera begira, ihesari dagokionez botikengatik baino lehenago izango dira albisteak txertoagatik adierazi du Alcamik.

Bide erratua hartu zuen Descartesek bere garaian ebatzi zuenean gizakia zela animalia kontziente bakarra. Gizakiek ez ezik, ugaztunek, hegaztiek eta beste zenbait izakik kontzientzia badutela egiaztatu dute askotariko ikerketek. Horri lotuta, 2012an Kontzientziaren Cambridgeko Adierazpena plazaratu zuten zenbait adituk, animaliek ere sentitzen dutela eta ongi tratatuak izan behar dutela gogoraraziz. Adierazpena abiapuntu hartuta, Amaia Portugal kazetariak Zientzia Kaieran kontatzen digu beste animaliak ere jakinaren gainean daudela.

Haustura hidraulikoa edo frackinga ez da egungo teknika. Nagore Irazustabarrenak azaldu digu frackinga erabili zela ere Erromatar Inperioan. K.a. 26. Oktavio Augusto enperadoreak Bierzoko eskualdeko meatze-eremua ahalik eta modu eragingarrienean ustiatzeko agindua eman zuen eta horretarako, adibidez, Las Médulas inguruan egungo frackingaren antzeko metodoa erabili zuten erauzteko. Erromatarrek mendiak behea joarazteko metodoa erabili omen zuten eta 1.500 tona urre erauzi zituzten, meatzaritza sistema tradizionala baino askoz azkarragoa. Argian datu guztiak ditugu eskura.

Zerk gidatzen du inurri talde baten mugimendua? Galdera erantzuteko asmoz, Alemaniako ikertzaile talde batek inurri multzoen higidura aztertu berri du. Joxerra Aizpuruak azaltzen digu Argian ikerketaren ondorioak harrigarriak direla, izan ere, habiatik elikagaiak dauden tokiraino joateko, inurrien abiadura %50 motelagoa da alderantzizko ibilbidea egiteko baino. Zenbat eta inurri gehiago ibilbidean, orduan eta azkarrago higitzen dira, estropezurik egin gabe gainera. Justu gure autobideetan gertatzen den kontrakoa. Ez al da harrigarria?

Ba al dakizue zigoto bakarretiko bikiek ez dituztela beti gene berdin-berdinak? Hau lagungarria da zientziarentzat. Izan ere, obulu eta espermatozoide berberek sortuak izan arren, gene-ezaugarri desberdinak erakusten dituzten anaia-arrebek genetikaren esparruan ate berriak irekitzeko aukera ematen dute. Maria José Morenok azaldu digu Zientzia Kaierako artikuluan: Bikiak: genetikako laborategi naturala.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.