Teknologiak etengabe aurrerapausoak ematen dihardu, aparailu berriek funtzio berriak dakartzate eta hauek etengabe eguneratzen ari dira. Ez da harritzekoa makinek noizbait ikusteko gaitasuna izango dutenik esatea, baina dagoeneko badaude batzuk ahalmen hori eskuratu dutenak.
Maiatzaren 26an Iñaki Goirizelaia, UPV/EHUko errektoreak eta Gaizka Abaroa, Ikusmen enpresako zuzendari teknikoak, adibide praktikoen bidez makinen ikusteko gaitasunaz mintzatu ziren Bilboko Azkuna Zentroan ospatzen den Zientziateka ekitaldian.
Makinek ikusmen gaitasuna eskuratzeko ahaleginak ibilbide luzea dute. Standford Research Institute 1972an mugitzeko gaitasuna zuten robotak diseinatzen hasi zen. Ordutik hona urte asko pasa dira eta dagoeneko mugimendua ez da lehentasuna, ikusteko ahalmena bai ordea.
Baina zer da ikusmena? Gizakion begiek ingurunearen informazioa jasotzen dute eta ondoren, informazio hori burmuinera bidaltzen da honek “irakurri” dezan eta prozesu horren ondoren objektuak antzeman ditzakegu. Irudiak garrantzia handia du, makinentzat zein gizakientzat, informazioa behin ikusita ezagutza bihurtzen baita, horregatik makinek ikusteko gaitasuna eskuratzea aplikazio industrialetarako, medikuntza aplikazioetarako etab interesgarria litzateke.
Makinen eta gizakien arteko ikusmenaren alderaketa txiki bat honako hau litzateke:
Makinen ikusteko ahalmenaren aplikazioak
Makinek ikusteko gaitasuna izatea industrian lan egiteko guztiz baliagarria litzateke. Kalitate inspekzioak errazagoak, azkarragoak eta zehatzagoak izango lirateke eta piezen dimentsioa guztiz perfektua. Baina aplikazio industriala ez litzateke ikusmen gaitasuna izango lukeen aplikazio bakarra, beste hainbat esparruk ere onura handiak lortuko zituzten, hala nola: medikuntza, elikagaien industrian, birziklapena…
Natura kopiatuz
Egun hiru dimentsiotako ikusmen artifizial sistemak ditugu jada eskuragarri. Sistema horiek, bi kamaren erabileran eta triangulazioan oinarritzen dira, naturan bezalatsu. Kamera hauek, bi irudi ateratzen dituzte eta irudi horiek ordenagailu batera bidaltzen dira, bertan prozesatu eta programa baten bidez hiru dimentsioetako irudiak kalkulatu.
Programa horiek lau pausu jarraitzen dituzte:
- Irudietan agertzen diren puntu esanguratsuak detektatu.
- Ezker-irudiko puntu esanguratsuak eskuin irudiko puntu esanguratsuekin alderatu eta berdinak direnak topatu.
- Puntu berdinen arteko triangulazioa zehaztu.
- Puntu guztien arteko triangulazio erroreak murrizten dituen distantziak kalkulatu.
Modu horretara, robotak bezalako sistema artifizialek hiru dimentsiotako ikusmena erabil dezakete, Curiosity robotak esaterako horrela funtzionatzen du. Honen inguruan Gorka Azkune informatikaria aritu zen ere “Bi begi, hiru dimentsio” artikuluan.
Egileaz: UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedra (@Zientzia), zientzia gizarteratzea helburu duen erakundea da. Horren baitan, besteak beste, Bilboko Azkuna Zentroan (@azkunazentroa) puri-purian dauden zientzia arloko gaiak jakitera emateko #Zientziateka hitzaldia antolatzen du hilean behin.
Artikuluaren testua Zientzia Kaierako kolaboratzailea den Adrian Alvarez kazetariak landu du, #Zientziatekako hitzaldian eskainitako datuekin.