George Dyson (Ithaca, New York, 1953), zientziaren historian aditua, txikitatik bizi izan zen zientzialariz inguratua. Freeman Dyson, fisikaria eta Verena Huber-Dyson, matematikariaren semea, Esther Dyson teknologi analistaren neba da. Aita katedratikoa zen Princetoneko Institute for Advanced Study (IAS) delakoan eta Georgesek han bizi izan zuen haurtzaroa.
Hamasei urte bete zituenean zientzia girotik ihes egin nahi izan zuen, eta kayak kanoen zalea izanik Columbia Britainiarrera joan zen kayak kanoen mundua ezagutu eta ikertzera. Kanadan hogei urte igaro zituen eta bere lehen liburuan Baidarka (1986) izenekoan, aleutiarren kayak kanoen historia eta garapena aztertzen du.
Ondoren, beste hiru liburu idatzi ditu Darwin Among the Machines (1997), Project Orion: The Atomic Spaceship 1957–1965, 2002 eta azkenik, Turing’s Cathedral (2012), Debate argitaletxeak gaztelaniaz aurten argitaratua.
Teknologiaren garapena testuinguru historikoan aztertzea da Dysonen berezitasuna, besteak beste, ordenagailuen historia. La Catedral de Turing liburu honetan, lehen ordenagailuaren historia kontatzen du, Princetonen 1951n sortu zuten lehenengo makinarena eta ikerketa luze horretan ezinbestekoak izan ditu Institute for Advanced Study-ko (IAS) liburutegian gordeta zeuden fitxategi eta dokumentuak.
Egileak txikitan jolasean ibili zen lekuetara itzuli behar izan du lehenengo ordenagailuaren fosilak berreskuratu eta aztertzera. Urte bete egon zen IASen lanean eta konputagailuen sortzaile taldeko hainbat lekuko elkarrizketatzeko aukera ere izan zuen. Dysonen iritziz John von Neumannen zuzendaritzapean IASen lanean ibili zen ingeniari eta matematikari taldea izan zen ordenagailuen sortzailea. Talde honek Alan Turingen ideia gauzatu ahal izan zuen.
2005ean Dysonek Googlen egoitzara egin zuen bisitan bururatu zitzaion liburu honen izenburua. Ingeniari batek adimen artifizialari buruz hitz egin zion, eskaneatzen ari ziren liburuak ez zituzten gizakientzat, baizik eta adimen artifizialarentzat eta hortik dator Dysonek idatzi duen liburuaren izenburua, Turing-en katedrala: unibertso digitalaren sorrera.
Estatu Batuetako gobernuaren diru-laguntzarekin sortu zen lehenengo ordenagailua, Bigarren Mundu Gerraren amaiera ondoren, hidrogeno bonbaren sorrerarekin lotua. Hidrogeno bonbek, guztiz suntsitzaileak, ordenagailuak behar zituzten leherketa nuklearrei hasiera emateko. Zientzialari haiek eman zioten hasiera aro digitalari.
Argitalpenaren fitxa
- Izenburua: La catedral de Turing: los orígenes del universo digital
- Egilea: George Dyson
- Argitaletxea: Debate, 2015
- Orrialdeak: 555 orrialde
- Prezioak: Paperean: 28,40 €; E-Book: 12,34 €
- ISBNa: 9788499922508
- Non eskuratu: La catedral de Turing eskuragarri dago liburutegi publikoetan, besteak beste, Donostiako Udal Liburutegien sarean.
Egileaz: Arantxa Arzamendi Sesé (@arzamendisese), Filosofia eta Letretan lizentziatua da eta egun, Donostiako Liburutegi Nagusiaren arduraduna da.
1 iruzkina
[…] Zientzia Kaiera: Post hau jatorriz Zientzia Kaieran argitaratu […]