Asteon zientzia begi-bistan #77

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Hona hemen asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien laburpena. Begirada bat emango diogu?

(Argazkia: Mark Roberts)
(Argazkia: Mark Roberts)

Biologia eta ingurumena

Jakina da, araztegiak gizakiok botatzen dugun zikinkeria garbitzeaz arduratzen dela. Arazoa da araztegi gehienak ez daudela prestatuta sortu diren konposatu berriei aurre egiteko. Hori horrela delarik, araztegia bera bihurtu da kutsatzaile nagusia. Eta egoera hori inguruan dauden arrainek nabaritu dute. Hala, EHUko Kimika Analitikoa eta Zelulen Biologia Ingurumen Toxikologikoan taldeetako ikertzaileek ondorioztatu dute, urik kutsatuenak araztegien inguruetan daudela eta horrek eragina duela arrainetan. Konposatu kimiko berriek arrainen sistema endokrinoan eragiten dute; hala nola, malformazioak, feminizazioa eta ugalkortasunaren jaitsiera jasan ditzakete. Ikerketa interesgarri honi buruzko informazio osoa Zientzia Kaieran duzue irakurgai

Astronomia

Eguzkikadei buruz hitz egin digute Naiara Barradok eta Itziar Garatek Zientzia Kaieran. Eguzkiaren jarduerak deskribatzeko erabiltzen duten hitza da. Jarduera hauek mota askotakoak izan daitezke. Adibidez, Eguzki-orbanak, Eguzki-haizea, Eguzki-erupzioak, Eguzki-ekaitzak, Koroako Masa Igorpenak, ekaitz geomagnetikoak etab izan daitezke. Hauek guztiak jatorri berdina dute: eguzkiaren eremu magnetikoa. Urtean behin, Eguzkia lasai-lasai egoten da eta une batean, bere jarduera areagotu eta Eguzkikada kopurua handitzen hasten da. Eguzkiaren barneko eremu magnetikoa da ziklo honen eragilea. Oraindik ez dira ezagutzen eremu magnetikoaren aldaketa prozesuaren nondik norako guztiak baina 22 urteko ziklo bat gauzatzen duela jakina da. Artikulu honetan, Eguzkiaren eremu magnetikoaren sorrera eta ezaugarriak modu argian azaltzeaz gain, eguzki sistema definitzen du, baita eguzkiari buruzko informazioa agertzen du ere. Ez galdu irakurtzeko aukera!

Paleontologia

Arlanpeko kobazuloan emakume-itxurako grabatuak dituen harri handi bat aurkitu dute. Grabatuak duela 17.500 urte ingurukoak dira, eta haietako bat osorik dago. Grabatu eskematiko horiek arrokaren bi aldetan agertzen dira. Bertan, enborra, besoak, hankak eta burua agertzen dira. Gainera, estiloak badirudi bat egiten duela Europaren erdialdean eta Frantzian aurkitutako antzeko grabatuekin. Horretaz gain, Arlanpeko irudiek bereizgarri bat badute: Gönnerdorf-Lalinde tipoko irudi zaharrenetakoak dira. Ikertzaileek diotenez, grabatu-mota hori uste zutena baino antzinakoagoa da. Grabatuen funtzioaz ere mintzo dira ikertzaileak: baliteke espazio erritual bat sortzeko nahiarekin lotuta egotea. Aurkikuntza honi buruz gehiago jakiteko, jo ezazue Sustatura, Berria egunkarira edo Elhuyar aldizkarira.

Matematika eta moda

Matematika eta moda arloak erlazionatu ditu Amaia Portugal kazetariak. Bada, matematika eredu baten bitartez, desfileek gure janzkera baldintzatzen ote duten galderari erantzun dio AEBetako ikertzaile talde batek. New York hartu dute oinarri gisa ikerketarako. Horretarako, moda desfileetan janzten dituzten arropak jende arruntak daramatzan arropekin alderatu dituzte. Konparaketa ez da bakarrik bisuala izan. Konparazio objektibo bat egiteko, ordenagailu bidezko matematika eredu bat erabili dute. Gauzak horrela, alde bateko eta besteko argazkiak ikusita eta horiei matematika eredua aplikatuta, ikertzaileek ikusi dute antzekotasun handiak daudela eta ondorioztatu dute kaleko arropak desfileetakoa hizpide dutela. Adibidez, koloreari erreparatuta, 2014tik 2015era desfileetan urdina indartu zen gerritik beherako jantzietan. Bada, ezaugarri horiek guztiak maizago ikusi ziren kalean 2015. urtean. Interesgarria bi arlo horien lotura!

Osasuna eta medikuntza

Ikertzaile estatubatuar batzuek hiesaren birus latenteen aurkako antigorputz bat sortu dute. Egoitz Etxebestek azaltzen digu gaia Elhuyar aldizkarian. Antirretrobiralak ezagunak dira orain arte, bizitza osorako terapia bezala. Arazoa da birus latente horiek ikusezinak direla immunitate-sistemarentzat eta antiretrobiralentzat. Bada, orain sortu duten antigorputza birus latente horiek aktibatzen ditu eta era berean, immunitate-sistemako T zelulak bideratzen ditu zelula horiek deuseztatzera. Tximinoetan frogatu dute esperimentua eta ikusi dute tratamendua segurua dela. Saio klinikoetan emaitza berdinak erdiesten dituzten ikusi beharko dute.

Osasun arloari jarraiki, aipatzekoa da ere ikerketa batek aditzera eman duena. Izan ere, haustura hidraulikoan erabiltzen diren konposatu kimikoek ugalketarekin zerikusia duten prozesu hormonalei kalte egiten dietela ikusi dute. Juanma Gallegok Berrian azaltzen du laborategian egindako ikerketa batek erakutsi duela konposatu horiek arratoi arren hazi kopuruan eta testosterona mailetan eragina dutela. Ikerketa horretan, petrolioa eta gasa ustiatzeko prozesuan erabili ohi diren 24 konposatu kimiko aztertu dituzte, eta horietatik 23k hormonen funtzionamendu normalean kalteak sor ditzaketela ikusi dute.

Teknologia

Oier Dominguez ingeniariari egin diote elkarrizketa Anboto astekarian. Giza begiari buruz egindako doktorego tesiaz mintzo da gaztea elkarrizketa honetan. Oro har, begiak dituen sentsoreei buruz hitz egin du. Tesian frogatu du, besteak beste, argazki bat lausotu eta gero, “deslausotu” egin daitekeela. Hori difrakzioaren bidez lortzen dela azaltzen du Dominguezek. Hau da, hobeto ikusi daiteke, eta aurretik ikusezina zena, ikusi. Adibide bat jartzen du kontua argitzeko asmoz: “Matrikula bat. Horixe egiten du begiak. Alderantziz ezinezkoa da: lausotu gabeko irudi edo argazki bati ezin zaio bereizmena gehitu”. Hala ere, aipatzen du ikerketan eredu perfektu bat landu dutela: “Gaur egun, edozein sistematan dagoen zarata ez dago begian. Tesian zarataren arazoa konpontzeko dago”.

Fisika

Eremua terminoak historian zehar izan duen garapenaz hitz egin du César Tomé Lópezek Zientzia Kaieran. “Eremu” kontzeptua Michael Faradaykek erabili zuen lehen aldiz 1845ean. Une horretan, azalpen-baliabide gisa erabili zuen. Hurrengo hamarkadan, terminoa garatzen joan zen fenomeno elektromagnetikoentzako marko kontzeptual sendo bat bihurtu zen arte. Bada Faradayren garaikideek ez zioten kasu handirik egin kontzeptu horri. Baina Faradayrek garatutako teoria horrek abantaila bat aurkezten zuen fenomeno elektrikoei zegokienean: ez zuen soilik korrontea garraiatzen zuen kablea kontuan hartzen, baizik eta bere isolamendua eta horren gertuko kanpo-ingurua ere. Horregatik eremuaren kontzeptua garatzea ezinbestekoa izan zen distantzia luzeko komunikazio telegrafikoaren teoria garatzeko, esaterako. Fisikari erlatibistek (Lorentzek eta Einsteinek, batik bat), eterraren ordez eremu ez-mekaniko bat proposatu zuten: indarrak hedatzeko gauza den espazio-denbora bat. Eta hori, gaur egun, fisikaren zutabeetako bat da. Eremuak bere baitan gordetzen duen informazio osoa hemen duzuen irakurgai.

Nobel sariak

Joxerra Azipuruak Nobel sarien bitxikeriak bildu ditu artikulu interesgarri batean. Deigarriak izan dira proposatzen dituen adibideak. Esaterako, Werner Forssmannek 1956.ko Nobel saria jaso zuen gorputzeko zainetan erabiltzeko kateterra garatzeagatik. Baina adi orain: Forssmanek ez zuen animaliarik erabili frogak egiteko, bere gorputza baizik! Esku bateko zainean kateterra sartu eta bihotzeraino eraman zuen. Ez galdu aukera gisa honetako hainbat bitxikeria irakurtzeko!

Neurobiologia

Rafael Yusteri egin dio elkarrizketa Berriak. AEBetan Brain ikerketa egitasmoa abian jarri zuen eta hortaz mintzatu da neurobiologoa. Orobat, burmuina ardatz duen ikerketa bat da non teknika batzuk garatu nahi dituen neuronen zirkuitu osoen mapak egiteko. Egitasmoak helburu zehatz bat duela dio Yustek: “Zenbait animalia txikiren neurona guztien jardunaren mapak egitea; esaterako, orain ornogabe txiki batekin ari gara, idrarekin, eta poliki-poliki eboluzioaren eskalan gora egin nahi dugu, giza burmuinera hurbildu arte”. Egun, Brain egitasmoan, 125 laborategi daude lanean eta bakoitza jarduera zehatz batean ari da lanean. Urratsak eman dituzten arren, Yustek arazo bat azpimarratzen du proiektu honetan: “Gune zentral bat falta da. Zenbait gauza talde lanean bakarrik egin daitezke; helburu oso handiak dira laborategi batek bakarrik egiteko”. Garuna ezezaguna da eta arlo hori argitzen saiatzen ari dira lanean ari diren medikuak. Ikerketa hauei esker garuna gehiago ezagutzera irits daitekeela dio Yustek: “Garunaren teoria orokor handiaren aurreko atarian gaude”.


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.