Etorkinek eman egiten diote euskal ekonomiari

EHUko ikerketa

Immigrazioaren Euskal Behatokiak, Ikuspegi, eta UPV/EHUko ikertzaileek «Euskadiko immigrazioaren eragin ekonomikoa eta demografikoa» azterlanaren datuak plazaratu dituzte egunotan. Lan honen helburua izan da, krisiaren aurretik eta ondoren atzerritik iritsitako etorkinek euskal ekonomian eta demografian izan duten eragina aztertzea, kontu publikoen ikuspegitik.

Eta, emaitzek, beste behin ere, gutxi gorabehera zabalduta dagoen iritzia ezeztatu dute, hau da, etorkinek Euskadin dauden baliabide sozialen zati handia hartzen dutela. Izan ere, ikerketak agerian utzi du, etorkinek jasotzen dutena baino gehiago ematen diotela euskal ekonomiari.

Immigrazioa Euskadin
Irudia: Gorka Moreno UPV/EHUko ikertzaileak eta soziologoak zuzentzen duen Immigrazioaren Behatokiaren, Ikuspegi, azken azterlanaren arabera, etorkinek zerbitzuetan egindako per capita gastua bertakoek egiten dutena baino txikiagoa da. Izan ere, datuen arabera, etorkinek jasotzen dutena baino gehiago ematen diote euskal ekonomiari.

Krisiak gizartean eta ekonomian izan duen eraginak aldaketa nabarmenak eragin ditu Euskadiko migrazio-fenomenoan: migrazioaren dinamika, atzerritarren bizi-baldintzak eta bertako herritar askorenak ere aldatu egin dira. Horrekin batera, austeritate-politikek eragina izan dute herritarren eta erakunde publikoen baliabide ekonomiko eta sozialetan. Ondorioz, tentsioak agertu dira gizarte-kohesioaren ereduan, eta gero eta sarriago jartzen dira ezbaian ongizate-sistema publikoak.

Testuinguru horrek zuzenean eragiten du immigrazioa ulertzeko eta onartzeko gizarteak duen moduan. Immigrazioaren Euskal Behatokiaren, Ikuspegi, hainbat barometrotan ikus daitekeenez, krisia etortzearekin gogortu egin da euskal gizarteak immigrazioari buruz hitz egiteko darabilen diskurtsoa, batez ere ongizate-sistema publikoak erabiltzeari dagokionez.

Alde horretatik, immigrazioari buruz hitz egitean, gizarteak batez ere etorkinek ongizate-sistemetatik “jasotzen” dutena nabarmentzen du, eta alde batera uzten du etorkinek “ematen” dutena. Beraz, diskurtso hori ez da objektiboa eta distortsionaturik dago. Ezin uka daiteke etorkinek egin duten ekarpen ekonomikoa, soziala, demografikoa nahiz kulturala; alabaina, ekarpen hori argitara ateratzea ez da erraza.

Testuinguru horretan, garrantzitsua da migrazio-fenomenoak Euskadiko ekonomian eta demografian izan duen benetako eraginari argazkia ateratzea eta krisiaren benetako ondorioak zein izan diren arretaz aztertzea. Azterketa honen helburua da ikuspegi kritiko eta orokor batetik abiatuz immigrazioak Euskadiko ekonomian eta demografian izan duen benetako eragina aztertzea, datu eta zifra ofizialak oinarri hartuta.

Immigrazioaren eragin ekonomikoa kuantifikatzen

Krisiaren aurretik (2008) eta atzeraldian bertan (2012) immigrazioak izandako eragin ekonomikoa kuantifikatu du Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak lankidetzan diharduten Ikuspegi behatokiaren lanak.

Bi kasuetan estatistikak ezeztatzen du hazkunde ekonomikoari ekarpen negatiboa egiten diola diotenen iritzia, azterlanak barne hartutako aldian positiboak izan baitira beti kolektibo horren saldoak. Lau urtean lan-errentengatiko ekarpenak ia 200 milioi euro handiagoak izan dira –443 milioitik 631 milioira–, batez ere Gizarte Segurantzako eta PFEZeko kotizazioen hazkundeagatik.

Ikuspegik egindako ikerketaren arabera, etorkinek zerbitzuetan egindako per capita gastua bertakoek egiten dutena baino txikiagoa da. Hala, gastu hori 3.906 eurokoa zen atzerritar bakoitzeko 2012an, eta 3.947 eurokoa biztanle guztiak kontuan hartuta; izan ere, gastu handia dago atzerritarrek presentzia oso txikia duten partida jakin batzuetan (osasun-sisteman, mendekotasunerako prestazioetan edota hezkuntzan, esate baterako).

Euskadiko lan-merkatuan etorkinek okupazio-maila handia badute ere, bereziki gogorra izan da krisialdi ekonomikoa kolektibo horrekin. Hori dela eta, azterlan eta estatistika ofizial guztiek berresten dutenez, prestazio ekonomikoen eta gizarte-zerbitzuen bidez jasotzen dituzten zenbatekoek gora egin dute, baina, edozelan ere, etorkinek egindako ekarpena handiagoa da kasu guztietan jasotzen dutena baino.

Azterlanak, azkenik, atzerritarrek euskal demografian, besteak beste, izandako eragin argia nabarmentzen du, horri esker biztanle kopurua ez baita murriztu azken urteotan. Halaber, jaiotza-tasan, mendekotasun-tasan edo zahartze-tasan atzerritarrak iristeak hobekuntza argia ekarri duela ere azpimarratzen du azterlanak.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Etorkinek jasotzen dutena baino gehiago ematen diote euskal ekonomiari.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.