Mapping Ignorance blogean hainbat artikulu interesgarri argitaratu dira. Hona hemen asteon plazaratu diren artikuluen laburpena.
Zuk badakizu. Zuk jakin badakizu. Metakognizioa deritzogu horri, hau da, jakin badakizula ezagutzea. Gizaki gehienok metaezagutzen dugu, antza. Eta gizakiak ez direnak? Adibidez, txinpantzeek metaezagutzen dute? Eta erleek? Txindurriek? José Ramón Alonsok argituko digu: Metacognition in nonhumans.
Sistema anitzen propietate kuantikoak menperatzen ikasiko bagenu, gure teknologian honek izango lituzken inplikazioak ikaragarriak izango lirateke. Horietako bat izango litzateke energia biltegiratzerakoan lortzen dugun efizientzia. Kasu honetan erreferentzia fotosintesia izango litzateke. Ba, agian, ingeniaritza genetiko apur batekin lortu daiteke hobetzea. Daniel Manzano eta Quantum Physics + Genetic Engineering = Enhanced Energy Transport.
Lasai egon gaitezke, ingeniaritza genetikoa ez bada guztiz garatzen, beti izango dugu kimika. DIPCko ikertzaileak lanean dabiltza eguzki-energia modu eraginkorrean bildu, eta gerora aplikazio elektronikoetan erabiltzeko: Mimicking Nature’s light-harvesting efficiency: the case of sulphur-bridged terthiophene dimers.
Dementzia duten gaixoen hizkuntzarako gaitasuna ikertzea, zeregin liluragarria da. Horrela da ez bakarrik dementzia dutenen tratamendua hobetu dezakegulako, baizik eta, garunaren barne-barneko funtzionamendua ezagutzeko leiho bat zabaltzen digulako. Adrià Rofesek ditu datu guztiak: Studying language in people with dementia.
Mapping Ignorance bloga lanean diharduten ikertzaileek eta hainbat arlotako profesionalek lantzen dute. Zientziaren edozein arlotako ikerketen azken emaitzen berri ematen duen gunea da. UPV/EHUko Kultura Zientifikoko Katedraren eta Nazioarteko Bikaintasun Campusaren ekimena da eta bertan parte hartu nahi izanez gero, idatzi iezaguzu.