Hiru erregistro paleoklimatiko garrantzitsu uztartuz, ornodun txikiak, itsasoko mikrofauna eta belarjaleen isotopo egonkorrak, UPV/EHUko diziplina askoko talde batek iraganeko inguruneak berregin ditu, sekula lortu gabeko bereizmen handienarekin. Azterlana Britainia Handiko Nature taldeko Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute. Juan Rofes, Parisko Muséum National d’Histoire Naturelleko CNRS unitateko ikertzailea izan da lan honen zuzendaria.
Aurreneko aldiz, arkeologoz, paleontologoz, geologoz, geokimikariz eta paleozeanografoz osaturiko talde batek Kantauriar eskualdean Goi Pleistozenoan izandako ingurumena berregin du, 35.000 urte inguru hartuta. Horretarako, hiru erregistro paleoklimatiko elkartu dituzte: itsasoko mikrofauna, ornodun txikiak eta belarjaleen isotopo egonkorrak. Azken bi erregistro horiek Antoliñako Kobatik (Gautegiz-Arteaga, Bizkaia) lortu dituzte. Izan ere, biltegi arkeologiko paregabe horrek bederatzi mailako sekuentzia krono-kulturala biltzen du; zehazki, Aurignac garaitik Epipaleolitikora arte.
“Azterlan honek bi meritu nagusi ditu: alde batetik, eskualde bereko kontinenteko eta itsasoko erregistroak kontrastatu ditu, eta, hala, lurreko sekuentzian itsas erregistroarekiko zeuden hutsuneak bete dira (izan ere, itsasokoa osoagoa izan ohi da). Bestetik, egungo Kantauriar eskualdea baino lehenagoko 44 eta 9 mila urte arteko aldiko paleoingurumena berreraikitzea lortu da” azaldu du Juan Rofes arkezoologo eta paleontologoak.
Mikro-ornodunen komunitateetako (ugaztunak, anfibioak eta narrastiak) eta aztarnategi kontinentaleko oreinen hezur kolagenotik lortutako isotopo egonkorren (karbonoa eta nitrogenoa) datuak kontrastatzeko, itsasoko mikrofaunaren ebidentziak erabili dira (foraminifero plantonikoak eta bentikoak, ostrakodoak eta oxigeno isotopoak). Ebidentzia horiek Blanca Martínez García doktoreak (UPV/EHU) bildu ditu, Bizkaiko golkoaren hegoaldean. Antoliñako Kobako sekuentzia erradiokarbonoaren bidez datatu zen, eta, horri esker, seinaleak elkarrekin konparatu ahal izan ziren. Horrez gain, Ipar Atlantikoko beste ingurumen erregistro ezagun batzuekin erkatu ziren ere: Kantauriar eskualdeko fase sedimentario eta polinikoekin, itsas mailaren bariazioekin eta Groenlandia iparraldean egindako izotz zundaketekin.
Ikerketak frogatzen du zenbait gertaera bero eta hotz izan zirela Kantauriar eskualdean, eta horiek, neurri handiagoan edo txikiagoan, bat datoz ipar hemisferioak Goi Pleistozenoan izan zuen bilakabide klimatikoarekin. “Paleoingurumenaren berreraikuntza sakon honek, zalantzarik gabe, ekarpen handia egiten dio eskualdeko eta kontinenteko historiaurreari. Izan ere, horren bidez, jakin dezakegu zein klima eta ingurumen esparrutan bizi izan ziren iraganeko gizakiak, esparru hark zehaztu baitzituen gizaki haien moldatzeko eta bizirik irauteko estrategietako asko.
Gainera, klima aldatzen ari den honetan (are gehiago gizakien presioagatik), ez dator gaizki iraganera begiratzea, etorkizunerako ikasteko” esan du Rofes ikertzaileak.
Juan Rofes Zaragozako Unibertsitateko doktorea da eta UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean doktorego ondoko egonaldia egiten ari zela sortu zen arestian aipatutako ikerketa. Gaur egun, Rofesek Europa Batasuneko Marie Curie doktorego ondoko kontratua du Parisko Muséum National d’Historie Naturelleko CNRS unitatean.
Erreferentzia bibliografikoa:
Rofes, J., Garcia-Ibaibarriaga, N., Aguirre, M., Martínez-García, B., Ortega, L., Zuluaga, M.C., Bailon, S., Alonso-Olazabal, A., Castaños, J. & Murelaga, X. Combining Small-Vertebrate, Marine and Stable-Isotope Data to Reconstruct Past Environments. Scientific Reports 5, 14219; doi: 10. 1038/srep14219 (2015).
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Kantauriar eskualdean 35.000 urtean egon zen ingurumena berreraiki dute.