Isotopo egonkorrak elikadura eta mugikortasun ikerketetan: Erdi Aroko zenbait aztarnategien kasuak

Argitalpenak · Dibulgazioa

Azken hamarkadetan izan den teknologiaren aurrerapenari esker, isotopo egonkorren analisia eskeleto-aztarnetan geroz eta garrantzitsuagoa bihurtu da gure arbasoen bizimodua ikertzeko. Isotopoek antzinako gizakien bizimoduari buruz eman dezaketen informazioa populazio mugikortasun eta elikadura patroiei buruzkoa da. Gainera patroi hauen ezagutzak, besteak beste gizarte-egituraketa sozial eta ekonomikoaren inguruko informazioa lortzea ahalbidetzen du ere.

isotopo egonkorren analisia elikadura ikertzeko.
1. irudia: Isotopo egonkorren analisiak arbasoen elikadura ikertzeko baliagarriak izan daitezke.

Isotopoak zenbaki atomiko berdina baina masa-zenbakia ezberdina duten elementu kimiko baten atomoak dira. Elementu baten isotopoek propietate kimiko berberak dituzte, baina masa atomikoan duten desberdintasunaren eraginez, propietate fisiko desberdinak azaltzen dituzte. Ikerketa hauetan isotopo-egonkorrak dira erabiliak. Egonkorrak dira ez dutelako desintegraziorik jasaten, baina isotopo-frakzionazioa deritzon fenomenoa pairatzen dute. Hau da edozein prozesu kimiko, fisiko edo biologikoen aurrean isotopo arinak eta astunak (masaren araberakoa) jokaera desberdina dute, izan ere prozesu mota batean isotopo batek bestearekiko lehentasuna izaten du.

Gizakiaren edozein ehunetan neurtu daitezke isotopo erlazioak (isotopo arin eta astunaren arrazoia), bizitzan zehar jan eta edan dugunaren isotopo-konposizioa gizaki eta animalien gorputz ehunetan islatzen baita. Ekosistema bateko isotopo-konposizioa elikagaietara pasatzen da, eta elikatzean gure gorputzak jasotzen du konposizio hori. Horrela gure ehunak aztertzerakoan atzerako ibilbidea egiten da, alegia gizakian neurtutako isotopo-erlazioetatik abiatuta bizi izan ziren eskualdea eta elikagai motak bereizten dira.

Antzinako gizakien elikadura eta mugikortasun ikerketetan hezurretako kolagenoan eta hortzetako esmaltean neurtzen diren karbono (δ13C), nitrogeno (δ15N), oxigeno (δ18O) eta estrontzio isotopo arrazoiak (87Sr/86Sr) erabiltzen dira. Karbono eta nitrogeno isotopo-erlazioek elikaduraren berri ematen dute. Karbono 13C eta 12C isotopo-erlazioak landaretza motak bereizteko erabiltzen dira, izan ere landareen δ13C balioak burutzen duten fotosintesi-bide moduaren araberakoak dira (C3 eta C4 landare motak). Nitrogeno isotopoen 15N eta 14N arrazoien kasurako, kontsumitzen den animalia-proteinen maila trofikoa islatzen du, zenbat eta animalia-proteina sarrera ugariagoa izan, δ15N balioak aberatsagoak dira. Bestalde, oxigeno 18O eta 16O isotopo egonkorren erlazioa edaten den eskualde geografiko bateko ur meteorikoaren oxigeno isotopo konposizioaren arabera aldatzen da, aldiz estrontzio isotopoen arrazoiak (87Sr/86Sr), arroka motaren isotopo-erlazioaren araberakoak dira. Ondorioz, bi isotopo-sistema hauen informazio-konbinaketak gizakiaren jatorri eskualde geografikoa mugatuko du.

Iberiar Penintsulako hainbat aztarnategi arkeologikoetako gizaki aztarnak erabili dira isotopo-egonkorrak populazioaren mugikortasun eta elikaduraren azterketa burutzeko: Momoitioko San Juan (Bizkaia), Tauste (Zaragoza), eta Las Gobas (Trebiñuko Konderria). Aztarnategi hauek Iberiar Penintsulako iparraldean kokatzen dira, eta VI-XIII. mendeen artekoak dira. Aipatzekoa da Momoitioko San Juan eta Las Gobas aztarnategiak kristauak direla, aldiz Tauste musulmana da.

Elikadurari dagokionez, elikadura orojaleak zuten, eta batez ere zereal, lekale eta barazkietan oinarritzen zen. Tauste aztarnategiaren kasurako, sexu zein adinaren araberako bereizketa dago. δ15N balio altuek adierazten dutenaren arabera, gizon helduek emakume eta gazteek baino haragi gehiago jaten zuten. Haragia jatea estatus maila altuagoa izateari lotu da betidanik, beraz gizonezkoak pribilegiatuagoak ziren aztarnategi musulman honetan. Bereizketa hau ez da antzeman aztertutako aztarnategi kristauetan.

δ18O eta 87Sr/86Sr arrazoien arabera populazio mugikortasuna urria zen Erdi Aroan zehar, genero eta adinaren araberako desberdintasunik ez zegoen eta bertan bizitakoak ziren gehienetan. Kanpotarrak ziren gizakiak ere identifikatu dira baina hauen jatorri geografikoa ezin izan da ezarri, baina orokorrean aztarnategiarekiko nahiko hurbila izan behar zuela ondorioztatu da.

Iturria

Guede, Iranzu; Alonso-Olazabal, Ainhoa; Zuluaga Maria Cruz; Ortega, Luis Angel (2019). «Isotopo egonkorrak elikadura eta mugikortasun ikerketetan: Erdi Aroko zenbait aztarnategien kasuak»; Ekaia, 36, 2019, 255-274. (https://doi.org/10.1387/ekaia.20841).

Artikuluaren fitxa

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 36
  • Artikuluaren izena: Isotopo egonkorrak elikadura eta mugikortasun ikerketetan: Erdi Aroko zenbait aztarnategien kasuak
  • Laburpena: Gizakien hezur eta hortzetan neurtutako isotopo-erlazioak (87Sr/86Sr, δ13C, δ15N eta δ18O) antzinako gizakien elikadura eta mugikortasun-ereduak berreraikitzeko erabiltzen dira. Gizakien elikaduraren berri izateko, gizaki eta faunaren hezurretik lortutako kolagenoan karbono eta nitrogeno isotopoen analisiak egiten dira. Gainera, gizaki eta animalien mugikortasunari buruzko informazioa lortzeko, hezur eta hortzetan neurtutako estrontzio eta oxigenoen isotopo-erlazioak erabiltzen dira. Isotopo hauek duten aplikazioa ikusteko Erdi Aroko hiru aztarnategiren emaitzak deskribatuko dira, Momoitioko San Juan (Bizkaia), Tauste (Zaragoza) eta Las Gobasekoak (Trebiñuko Konderria), hain zuzen ere.
  • Egileak: Iranzu Guede, Ainhoa Alonso-Olazabal, Maria Cruz Zuluaga eta Luis Angel Ortega
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • eISSN: 2444-3255
  • Orrialdeak: 255-274
  • DOI: 10.1387/ekaia.20841

Egileaz

Iranzu Guede, Ainhoa Alonso-Olazabal, Maria Cruz Zuluaga eta Luis Angel Ortega UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Mineralogia eta Petrologia Sailekoak dira.


Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.