Asteon zientzia begi-bistan #82

Uxue Razkin

Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.

asteon zientzia begi-bistan 82

Arkeologia eta paleontologia

Noiz eta non sortu zen erleen eta erle produktuen inguruko interesa?Zientzia Kaieran plazaratutako artikuluak eman digu erantzuna. Nazioarteko talde batek UPV/EHUko ikertzaileek ikusi dute Turkiako Anatolia penintsulan, K.a. 7.000. urtean kokatu zirela argizariaren lehenengo erabilerak. Ekialde Hurbileko zenbait lekutan Neolitoan nekazaritza sortu zenean, lurrak eta larreak lortzeko basoak ireki ziren eta horrela erleentzako inguru egokiak sortu zituzten. Horretaz gain, atzeman dute Anatoliako ipar-mendebaleko historiaurreko herrietan erleen argizaria erabiltzen zela, K.a. 5.500-5.000 urteen artean. Europan jazotako aurkikuntzak beranduagokoak izan ziren. Grezian, adibidez, 4.900-4.500 urteen artean kokatzen dira argizariaren lehenengo erabilerak.

Biologia

Animaliak eta haien inguruak tenperatura berdinean egon daitezke. Animalia horiei poikilotermo deritze. Horrek eragina du animalien funtzionamenduan, tenperaturaren menpe dagoelako egiten duten jarduera. Dena den, Juan Ignacio Pérezek eta Miren Bego Urrutiak azaltzen digute tenperaturaren eraginarekiko menpekotasun hori leundu egin dezaketela animalia batzuek. Beste alde batetik, hegaztiek eta ugaztunek ingurunearen tenperatura-aldagarritasunaren ondorioei aurre egiteko, beren gorputzen tenperatura konstante mantentzen dute. Homeotermo izendapenarekin ezagutzen dira azken horiek. Bero-fluxuak kontrolatzen dituzte eta horrela lortzen dute tenperatura kontrolatzea. Barneko jatorria du animalia homeotermo gehienen bero gehienak; hau da, metabolismo-jarduera da bero-iturri nagusia. Bero hori trukatzeko moduak argitu dituzte: eroapena, konbekzioa, erradiazioa eta lurrunketa. Esaterako, konbekzioz eta eroapenez beroa galdu ahal izateko, animaliaren gorputzak ukitzen duen masa baino beroago egon behar du. Hiru faktoreen menpe daude beroa galtzeko bi modu horiek. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu horien berri izateko.

Arlo horri jarraiki, aipatzekoa da Arkaitz Carracedo biologoari Berrian egin dioten elkarrizketa. Bertan, AEBetako eta Euskal Herriko ikerkuntza arloan dauden desberdintasunak nabarmentzen ditu minbiziaren inguruko ikerketa lerroan. Horretaz gain, azaltzen du minbizi zelulek nola funtzionatzen duten ulertzea dela haien xedea izan dela eta batez ere, zelulen elikaduran jartzen dutela arreta: “Metabolismoa da ikerketaren oinarria: nola aldatzen den zelula horien elikadura minbiziaren garapenean zehar, eta tratamenduen ostean”.

Bioteknologia eta osasuna

Malariari aurre egiteko eltxo transgenikoak sortu dituzte Kaliforniako Unibertsitateko zientzialariek. Egoitz Etxebestek azaltzen digu Elhuyar aldizkarian hautsak harrotzen ari den geneak editatzeko teknika berri bat (CRISPR/Cas9) erabili dutela eta horri esker lortu dutela eraldatutako eltxoen ia ondorengo guztiek heredatzea bizkarroiarekiko erresistentzia. Zehazki lortu dute % 99k heredatzea antigorputzaren genea, eta gainera ikusi dute genea aktiboa dela eltxo horietan. Ildo horretatik, ikertzaileek kalkulatu dute 10 belaunaldi nahikoak liratekeela gene horiek populazio batean hedatzeko.

Geologia

Apirilean Nepalen izandako lurrikarari heldu dio Arturo Apraizek Zientzia Kaieran. Hondamendi hori oinarri hartuta, Himalaiaren sorrera aztertu du. Himalaiak azken 40 milioi urtetan zehar eratu ziren, plaken mugimenduaren eraginez Indiako kontinente-lurrazalak Eurasiakoarekin bat egin zuenean. Aurretik, bi kontinenteen artean ozeano bat zegoen eta ozeano-litosferak, kontinente-litosfera baino dentsoagoa zenez, Eurasiako kontinente-litosferaren azpitik mantuan barneratzeko gaitasuna zuen. Kontinente-lurrazalaren dentsitatea baxuagoa denez, Asiakoarekin bat egin zuenean, Indiako kontinente-lurrazalak Asiakoaren azpira sartu zen hasieran, baina ezin da dentsoagoa den mantuan barneratu. Ondorioz, bi plaketako kontinente-lurrazalak elkarri bultzatuz dihardute azkeneko 40 milioi urtetan zehar. Bi plaken arteko konbergentzia ez da bukatu, urtero tokiaren arabera 4 eta 5 zentimetro bitartean hurbiltzen ari dira. Nepaleko 2015eko apirilaren lurrikara, horrelako faila baten mugimenduaren ondorioz gertatu zen.

Biokimika

Oxitozinak autisten jokabide sozialean zein mekanismoren bidez eragiten duen argitu dute UPV/EHUko Olga Peñagarikano ikertzaileak eta Kaliforniako Unibertsitateko ikertzaileek elkarlanean. Saguekin egindako entseguek aditzera eman dute oxitozina askatzeak anandamidaren ekoizpena handitzea eragiten duela. Anandamida neurotransmisore bat da eta haren kantitatea handitzean saguek sozialki elkarrekin jarduteko joera handiagoa dutela frogatu dute. Hala azaldu digute Elhuyar aldizkarian. Lortutako emaitzei dagokienez, baliteke pertsonetan eragin bera lortzea. Olga Peñagarikano ikertzaileak dio: “Gaur egun oraindik ez dago oxitozinan oinarritutako tratamendu farmakologikorik jokabide soziala hobetzeko, baina autismorako terapia itxaropentsuenetako bat da oxitozinaren sistemaren manipulazioa”. Hain zuzen ere, jokabide sozialaren hobekuntza hori oxitozinaren sisteman zehazki zein konposatuk eragiten duen argitu izana giltzarria izan daiteke, autismoaren etorkizuneko tratamendurako bide berriak irekitzen ahal direlako horrela.

Medikuntza

Zaporeak interpretatzearen ardura burmuinarena da eta ez mihiarena. Bai, ondo irakurri duzue. Charles S. Zukerrek, Columbia Unibertsitateko Medikuntza Zentroko ikertzailea eta bere taldeak azken hamarkadan egindako lanak berretsi du dastamena garunean dagoela, eta ez mingainean. Are gehiago, dastamenaz arduratzen diren garuneko zelulak ere, nor bere alorrean espezializatuta daude: batzuk zapore garratzez arduratzen dira, besteak mikatzez, besteak gozoez… Amaia Portugal kazetariak azaltzen digu orain Zukerren taldeak erakutsi duela burmuinaren mapa hori baliatu daitekeela dastamena manipulatzeko. Hau da, subjektu bati gozoa edo mikatza den zerbait dastatzen ari dela sinetsarazi diezaiokegula, nahiz eta zerbait hori benetan ur soila izan. Manipulazio hori saguekin probatu dute, optogenetika izeneko teknika biologikoa baliatuz. Zapore batez edo besteaz arduratzen diren neuronak aktibatu dizkiete laser argiaren bidez eta horrela dastamena kontrolatu dute. Ikerketa honek frogatu duen beste ideia bat nabarmentzen da testuan: zaporeekiko erreakzioak ez dira ikasten, berezkoak ditugu. Irakur ezazue artikulu interesgarri hau, ez zarete damutuko!

Emakumeak eta historia

Los Alamosen eraikitako liburutegi zientifikoari buruz mintzatu da Ana Ribera artikulu honetan. Charlotte Serber bertako arduradun nagusia izan zen tokia sortu zenetik lehergailua lortu eta II Mundu Gerra bukatu zen arte. Charlotte Pennsylvaniako Unibertsitatean lizentziatu zen, eta aurretik freelance kazetari eta estatistikari bezala aritu zen. Hasiera batean ez zuten materialik instalazio horretan baina 1939. urtetik aurrera, Estatu Batuetako gobernuak abian jarri zuen Joint Committee on Importations-i esker, Europan II. Mundu Gerran zehar argitaratzen zen ikerketa-emaitza guztien berri izan zuten bertan. Argitalpen hauek guztiak oso garrantzitsuak ziren Los Alamosen, punta-puntako ikerkuntzaren informazioa lortzen baitzuten horrela. Halaber, berehala bazekiten alemaniar zientzialariak zertan ari ziren. Aurrea hartu zioten beste lehiakideei, lehergailu atomikoa lortzeko lasterketan. Nabarmentzekoa da bertan zeuden zientzialari gehienak gizonezkoak zirela, Charlotte Serber izan ezik. Los Alamoseko liburutegiak funtzionatzen du oraindik eta munduan dagoen zientzia eta teknologia-liburu bilduma garrantzitsuenetako bat dauka.

Astrofisika

Apollo 11.a misioaren inguruko pintzelada interesgarriak eman dizkigu Nagore Irazustabarrenak Argian. Apollo 11.a ilargiaren azalerara iritsi baino hiru minutu lehenago, ontziko ordenagailuaren alarmak abian jarri ziren. Ordenagailua gainkargatuta ei zegoen, datuak jaso eta jaso ari zelako. Misioa pikutara joateko bidean zen baina Apollo 11.aren hegaldiko softwarea exekutatze asinkronoa erabiliz garatuta zegoen. Horrek zer esan nahi du? Bada, ordenagailuak behar bezala lanean jarraitu zuela, lehentasunezko lanekin aurrera egin eta hain garrantzitsuak ez ziren jarduerak eteteko diseinatuta zegoelako. Margaret Hamiltonek (Paoli, AEB, 1936) diseinatu zuen hori. AGCren (Apollo Guidance Computer) softwarea garatzeko lantaldean ibili zen eta Apollo eta Skylab misioen software programazio zuzendari izan zen. Berak sortutako software asinkronoak salbatu zuen Apollo 11.aren misioa. Hamabi gizonezkok zapaldu dute ilargia guztira. Margaret Hamiltonek ez zen han ibili, baina hari esker, 1960ko uztailaren 21ean ontziak lur hartu zuen.

—–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>