Kazetariak eta ikertzaileak, elkar ulertzera kondenatuak

Amaia Portugal

Zientziaren eta komunikabideen arteko gorabeherak izan dituzte eztabaidagai, Natur Zientzien Topaketan egindako mahai-inguru batean. Kazetariek zein zientzialariek nagikeriak eta beldurrak uxatu behar dituzte, eta elkarlanean jardun, dibulgazioaren eta gizartearen mesedetan. Mezu hori eta beste zenbait igorri dituzte hizlariek.

“Eztabaida hau gainditu behar dugu. Elkarren beharra daukagu”. Bego Zubiaren hitzek ondo laburbiltzen dute Komunikabideak zientzian. Zientzia komunikabideetan izeneko mahai-inguruaren mamia. Joan den larunbat arratsaldean egin zuten, Donostiako Eureka Zientzia Museoan, Udako Euskal Unibertsitateak eta Euskal Naturak antolatutako Natur Zientzien 2. Topaketaren barruan.

Zientzialari eta kazetarien arteko hartu-emanak izan zituzten hizpide, mundu bat zein bestea ondo ezagutzen duten lau hizlariren eskutik: Bego Zubia bera, kazetaria eta Teknopolis telebista saioaren zuzendaria; Miren Bego Urrutia UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakaslea; Urko Aristi kazetaria eta ETBko Eguraldia saioaren zuzendari izandakoa; eta Jakoba Errekondo paisajista eta dibulgatzailea.

Irudia: Posterren aretoa, iazko Natur Zientzien Topaketan. Aurten ere jende asko izan da jardunaldietan, bai eta zientzia eta hedabideei buruzko mahai-inguruan ere. (Argazkia: UEU eta EuskalNatura / CC-by-sa 4.0)

Irudia: Posterren aretoa, iazko Natur Zientzien Topaketan. Aurten ere jende asko izan da jardunaldietan, bai eta zientzia eta hedabideei buruzko mahai-inguruan ere. (Argazkia: UEU eta EuskalNatura / CC-by-sa 4.0)

Zientzialariek eta kazetariek, biek ala biek, mezua behar bezala transmititzea galarazten duten akatsak egiten dituzte, eta hori agerian utzi zuten mahai-inguru honetan. Kazetariaren ikuspegitik, trebakuntza falta aipatu zuen Zubiak; izan ere, komunikazio fakultateetan ikasten dira zuzenbidearekin edo ekonomiarekin zerikusia duten irakasgaiak, baina ez zientzia kazetaritzari buruzkoak.

Bestalde, beste alor askotan gertatu ohi den bezala, honetan ere pisu handia dute komunikazio kabineteek, eta tamalez, horietatik jasotzen dituenak erositako prezioan saltzen ditu, maiz, kazetariak. Horren erakusle, Munduko Osasun Erakundeak igorritako prentsa-ohar batetik abiatuta sortu den zalaparta, haragi kontsumoaren eta minbizia izateko arriskuaren arteko balizko loturaren inguruan. “Askotan bere horretan ematen dira informazioak”, gaineratu zuen Zubiak.

Denen artean, goxokia erakargarri egiten saiatzeaz mintzatu zen Aristi: “Zientzialariek marketin apur bat ikasi behar duzue”. Ildo beretik, hizkerak eta hitzen hautuak entzulea urrundu dezaketela gogorarazi zien Errekondok publikoan zeuden ikertzaileei, eta irribarre batzuk eragin zituen, jardunaldian erakusgai zeuden posterren izenburu luze eta korapilatsuei egin baitzien erreferentzia.

Zientzia fakultateetan ere ez dela komunikazioari lotutako irakasgairik ematen adierazi zuten hizlariek. Gainera, albiste zientifiko baten harira, kazetariak argibide eske etortzen zaizkienean, ikertzaile askok beldurra izaten dutela aitortu zuen Urrutiak (maiz aipatu zuten hitz hori mahai-inguruan). “Ez gaude entrenatuta berria den zerbaiti buruz erantzuteko. Beldurra ematen digu notiziak berak, eta kazetariak”, azaldu zuen.

Jakoba Errekondo Natur Zientzien Topaketarako aurkezpen bideo batean. (Bideoa: euskalnatura.net)

Tenporak, bai ala ez?

Zientziari eta zientzia ez denari zer tratamendu ematen zaion, gai horrexek minutu asko hartu zituen. Antolatzaileek hedabideei buruzko inkesta bat betetzera animatu zituzten topaketako parte-hartzaileak, eta inkestak emandako emaitza batzuk mahai-inguruan bertan erakutsi zituzten. Tenporen berri eman beharko al litzateke ETBn?, horixe eztabaida handiena piztu zuen inkestako galdera.

Parte-hartzaile gehienek baietz erantzun zuten, baldin eta eguraldiaren atalean bada, eta argi adierazten bada tenporak ez direla iragarpen zientifikoa. Mahai-inguruko lau hizlarien artean, baina, askotariko iritziak zeuden. Pello Zabalaren ahotan, eguraldiaren tartean tenporen berri eman dutenean, Zabala bera ez dutela zientzialari moduan aurkeztu esan zuen Aristik, eta ez duela kalterik egiten. Ildo horretatik jo zuen Zubiak ere: “Arriskua dago, bakarrik, zientzialarien eta bestelakoen iritziak parean jarri nahi direnean”.

Urrutiaren ustez, ordea, isobaren mapa eta tenporak saio berean aurkeztea nahasgarria izan daiteke, muga “lausoa” baita. Eguraldirako zein bestelako kasuetarako, metodo zientifikoa aldarrikatu zuen UPV/EHUko ikertzaileak: “Zientziaren ezaugarria zera da, emaitzak etengabe jartzen ditugula kolokan. Horrela egiten dugu aurrera. Ezin dugu parean jarri kontrastatuta dagoena eta ez dagoena, sinesmena dena”.

Tenporen afera alde batera utzita, beren buruari galdera bat egiteko eskatu zien Errekondok, ikusleen artean zeuden zientzialariei: “Nola iritsi jendartearengana?” Aurrejuzguak baztertu, eta kazetariek zein zientzialariek nagikeriak eta beldurrak uxatu behar dituztela, hori geratu zen agerian. “Elkarrekin, edo ez dugu aurrera egingo”, laburbildu zuen Aristik.

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>