Mary Anning (1799-1847): Fosilei so egiten zien emakumea

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Lyme Regisen (Ingalaterra) jaio zen Mary Anning. Bere aita, Richard, arotza zen. Gainera, itsas aztarnategietan aurkitutako fosilak saltzen zituen eta horrela lortzen zituen irabaziak baina familia txiroa zen. Joseph eta Mary izan ziren heriotzatik libratu ziren seme-alaba bakarrak.Hauek aitari itsasertzean fosilak bilatzen laguntzen zioten. Anningek, beraz, txikitatik edan zuen aitaren zaletasun horretatik. Aitak afizio zuen alorra, berak bokazio bilakatu zuen.

Hasiera-hasieratik, bere nebarekin batera ateratzen zen fosilen bila, esploratzaileak bailitzan. Horietako batean, bere nebak krokodilo baten buru-hezurra zirudien objektuarekin topo egin zuen. Nebak ez zion kasu handirik egin aurkikuntza horri baina Anningek hori ikertzen jarraitu zuen. Ildo horri tiraka, lehen iktosaurioaren fosila topatu zuen.

Mary Anning
Irudia: Mary Anningen erretratua, gutxi gorabehera 1842. urtekoa.

Anningek bere herrian egin zituen aurkikuntzarik esanguratsuenak. Hala nola, aipatu dugun Jurasiko garaiko iktosaurioa (fosila osorik topatu zuen lehenengo emakumea izateaz gain, animalia horren bozeto zehatzak egiten lehena izan zen ere) eta horren ondotik, plesiosaurioarena. Bere lana oso garrantzitsua izan zen Lurraren historia ulertzeko.

Aurkikuntza nagusiak

Hamabi urte zituen Jurasiko garaiko iktosaurioaren hezurdura topatu zuenean. Lehen aldiz aurkitutako fosila ez zegoen osorik baina urte batzuk geroxeago, beste bat aurkitu zuen egoera bikainean. Itsas-narrastia zen iktosaurioa, izurde baten itxura zeukan. Musker-arraina izenarekin bataiatu zuten. 5,2 metro luze zuen. Horretaz gain, hogeita bi urterekin plesiosaurioaren fosila topatu zuen. Bost metroko luzera zuen beste itsas-narrasti bat zen. Honekin batera, pterosaurioaren hezurduraren zati batzuk aurkitu zituen. Ornodun hegalariak ziren hauek eta dinosauroekin batera bizi ziren aro Mesozoikoan. Paleontologoaren beste ekarpenetako bat belemniteen inguruko aurkikuntza izan zen. Ondorioztatu zuen egungo zefalopodoen antzera, beste animalengandik babesteko tinta erabiltzen zutela.

Garaiko paleontologoak zur eta lur gelditu ziren Anningek egindako aurkikuntzekin. Halere, ez zuten begirunez tratatu. Adibidez, William Daniel Conybeare geologoak, plesiosaurioari buruzko artikulurik garrantzitsuena idatzi zuenean, ez zuen Mary aipatu ere egin. Bere bizitza guztian zehar mespretxuz tratatu zuten; emakumea zelako, batetik eta langile-klasekoa zelako, bestetik.

Ez zen eroso sentitu garaiko komunitate zientifikoan. Emakumea zen eta horretaz gain bere gurasoak behartsuak ziren. Diruz larri ibiltzen zen beti. Dena dela, 27 urte zituenean, denda bat ireki zuen, fosilak saltzen hasteko. Europako eta Amerikako geologoak erakarri zituen. Saxoniako erregea, Federico Augusto II, bere bezeroa izan zen, besteak beste.

Hala ere, oso zaila izan zen gizon noble eta anglikanoez osatutako taldean sartzea. Horren kariaz, bere lana ez zuten inoiz kontuan hartu. Ildo beretik, aipatzekoa da Anningen heziketa oso mugatua izan zela. Eliza kongregazionalistari esker irakurtzen ikasi zuen. Era berean, literatura zientifikoa irakurtzen saiatzen zen, fosilen inguruan gehiago jakiteko. Sarritan, beste batzuek idatzitako artikuluak kopiatzen zituen. Beste batzuetan, animaliak disekzionatzen zituen (arrainak eta txokoak). Hortaz, autodidakta izan zen.

Bularreko minbiziak eragin zion heriotza. Hil zenean, berari buruzko iritziak ez ziren aldatu eta garaiko historialariek eta zientifikoek bere izena liburuetatik desagerrarazi zuten. Naturalistek jaso zuten Anningek paleontologiari egindako ekarriaren ospea, ez baitzen batere egokia langile-klaseko emakume bati horrelako aurkikuntza bat esleitzea. Jokabide horri buruz hausnartu zuen behin baino gehiagotan:

“Munduak ez nau begirunez hartu,

eta horrek gizateria osoa zalantzan jartzera behartu nau”.

Maria-Mercè Marçal poeta katalanak behin idatzi zuena gurera ekarri nahiko nuke: “A l’atzar agraeixo tres dons: haver nascut dona, de classe baixa i nació oprimida. I el tèrbol atzur de ser tres voltes rebel” (Zoriari eskertzen dizkiot hiru dohain: emakumea jaio izana, behe mailakoa izatea eta herrialde zapaldukoa izatea. Eta zeru ilunari, hiru aldiz errebeldea izatea”). Mary Anningek ere oso errotuta izan zituen zoriak ekarri zizkion ezaugarri horiek: emakumea zen, behe-klasekoa eta garaiko zientzialariek zapaldu zuten nolabait. Baina egoerari aurre egin zion eta lanean jarraitu zuen. Horrela lortu zuen paleontologian aitzindari izatea, batzuek bere izena eta ahotsa historiatik at utzi nahi izan duten arren. Emakumea, behe-klasekoa eta zapaldua. Hiru aldiz aldarrikatzaile izateko aukera izan zuen Anningek. Eta ez zuen hutsik egin.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.