Autoetako nabigatzaileek erabiltzen dituzten satelite berberak baliatuta, ozeanoen garaiera ezagutu daitekeela erakutsi dute ikerketa batean. GPS seinaleek itsas azalean egiten duten islapenari buruzko informazioa biltzea da gakoa.
GPS seinaleei esker, askoz ere gutxiagotan galtzen gara orain, ezezaguna zaigun errepideren batean gidatzen ari garenean. Satelite bidezko nabigazio sistema globala estrategia militarrerako sortu zuten hasiera batean, baina haren aplikazioak nabarmen zabaldu dira azken hamarkadetan. Orain, gure autoko nabigatzailea martxan jartzen duten satelite horiek berek baliatuta, itsasoaren maila neurtu daitekeela egiaztatu dute ikertzaile batzuek.
Normalean, radar bidezko altimetroak erabiltzen dira, espaziotik Lurraren itsas mailaren mapa osatu nahi denean. Kasu honetan, lehenengoz erakutsi dute neurketa hori beste metodo baten bitartez ere egin daitekeela: GPS islapenen teknika (GNSS-R). Ozeanografia Zentro Nazionalak (Southampton, Ingalaterra) Michigango Unibertsitatearekin eta NASArekin (AEB) egindako ikerketa da honakoa, eta Geophisycal Research Letters aldizkarian eman dute lanaren berri.
Orbitan dauden 24 satelite geoegonkorrek osatutako sistema bati esker (GNSS) funtzionatzen dute gure autoetako GPS nabigatzaileek. Lurrean dauden objektuen latitudea, longitudea, altuera, norabidea eta abiadurari buruzko informazioa emateko ahalmena dute satelite horiek. Bada, itsasoaren altuera neurtu ahal izateko, GPS seinale zuzenaren ordez, seinale horren islapena izan dute informazio iturri.
Zuzenean igorletik hartzailera doan seinale baten datuak bildu beharrean, kasu honetan, seinaleak itsas azalera bidaltzen duen islaren informazioa biltzen du hargailu espezifiko batek. Islapen horri esker, itsas mailaren eta haren gorabeheren berri izan dezakegula frogatu dute ikertzaileok.
Ez hori bakarrik. Metodo honekin itsasoaren maila kalkulatu badaiteke, ozeanoetako korronteei behatzeko ere baliagarria izan daiteke. Izan ere, islapen teknika honen bidez itsas azalean detektatu daitezkeen gorabehera txiki eta labur zenbait korronteen adierazleak dira. Paolo Cipollini artikuluaren egileetako batek azaldu bezala, “gure emaitzekin oso pozik gaude, lehenbizikoz erakutsi baitute, itsasoaren mailaren mapa orokorra egin dezakegula espaziotik, GPS islapen teknikarekin. Honek pentsarazten digu, etorkizun hurbilean, gai izan beharko genukeela espaziotik korronteen mapa ere egiteko, itsas azaleko altueran egon daitezkeen bariazio txikiagoak detektatuta”.
NASAk laster martxan jarriko duen CYGNSS misioaren berri ematen duen bideoa
GPS seinaleen islapenetan oinarritzen den teknika honek baditu abantaila batzuk, altimetroekin alderatuta. Izan ere, dagoeneko orbitan dauden eta autoetako nabigatzaileei informazioa ematen dieten satelite berberak baliatzen ditu. Horrenbestez, Lurraren bueltan egon badauden gailuak probesten ditu, eta horiei bigarren erabilera eman. Seinalearen islari buruzko datuak biltzen dituzten hargailu espezifikoak, aldiz, beharrezkoak dira; baina arinak dira, ez dute energia askorik xahutzen, eta beraz, ez da ahalegin oso handirik egin behar halako tresnak espaziora bidaltzeko.
Hain zuzen ere, NASAren CYGNSS misioak horixe du helburu, 2016a bukatzerako GPS seinaleen islapenak jasotzeko ahalmena duen hargailu taldea orbitan jartzea. Ikerketa honetan egindako urratsaren ondoren, atzetik lorpen gehiago ere etor daitezen.
Erreferentzia bibliografikoa:
Clarizia, M. P., C. Ruf, P. Cipollini, and C. Zuffada (2016), First spaceborne observation of sea surface height using GPS-Reflectometry, Geophys. Res. Lett., 43, 767–774, doi:10.1002/2015GL066624
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.