Asteon zientzia begi-bistan astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluen bilduma da. Zientzia Kaiera blogaren igandeetako gehigarria.
Kimika
Itsasoko urari buruz hausnartu du oraingoan Josu Lopez-Gazpiok eta hasieratik argi uzten digu afera: ez da gomendagarria itsasoko ura edatea. Kimikariaren esanetan, René Quinton (1866-1925) fisiologo frantziarra izan zen teoria horren sortzailea. Quintonek itsasoko ura ur gezarekin diluitzen zuen eta gaixoei ematen zien, ahoz zein injektatuta. Bere teoriak zioen itsasoko urak eta odol-plasmak antzeko konposizioa zutenez, osasungarria zela itsasoko ura edatea. Baina horrek ez dauka oinarri zientifikorik. Lopez-Gazpiok azaltzen digu: “Logika bera jarraituz, pixa edatea ona dela esan genezake odol-plasmaren antzekoa delako (itsasoko ura baino antzekoagoa da, gainera)”. Halaber, itsasoko ura edaten badugu, organismoan dugun gatz kontzentrazioa handitu egiten da. Artikuluan islatzen den moduan, zorionez, giltzurrunak gai dira gatz hori gernuaren bidez kanporatzeko. Hala ere, prozesu horretan edan duguna baino ur gehiago erabiltzen dute eta horren kariaz itsasoko urak deshidratazioa eragiten du.
Medikuntza eta Osasuna
Txertoei buruz aritu zaigu luze Ramon San Juan bere blogean. Txertoek gure sistema immunologikoa hezten dute. Ildo horri jarraiki, gaixotasun kutsakorren aurka ditugun estrategiak azaldu dizkigu. Horien artean, txertoa dugu, prebentzio neurri gisa eta bestetik, sendatzeko metodoak. Bertan, substantzia kimioterapeutikoak egongo lirateke. Antimikrobianoen taldean ere sartzen dira antibiotikoak baina hauek soilik bakterioen aurka doaz. Antibiotikoez gain, antimikotikoen eta antibiralen berri ematen digu artikuluan. Horretaz gain, immunitate motak zeintzuk diren zerrendatzen dizkigu. Txertoek behar dituzten ezaugarriak ere aipatzen ditu tartean; hala nola, seguruak izan behar direla eta erantzun immune bat sortzeko gaitasuna behar dutela izan. Txerto motei dagokienez, desberdinak izan daitezke aktibazioa eragiteko daramatenaren arabera. Azkenik, txertoa jartzen dugunetik gure gorputzak bizi duen prozesua kontatu digu xehetasun osoz.
Alergia gaixotasun ohikoa da gizartean: munduko biztanleen herenek alergiaren bat dute, eta kopurua gora doala diote adituek. Hego Euskal Herriko datuak honakoak dira: lau biztanletik batek du alergia. Kostaldeko herrietan akaroei alergia izatea da ohikoena. Barrualdean, berriz, gramineoen polenak sortzen ditu alergia kasu gehienak. Alergologoek argi daukatena zera da: alergia duenak ez duela jaiotzetik. Inguruan dauden substantzien arabera ateratzen direla alergiak, hain zuzen. Jose Antonio Navarro Donostia unibertsitate ospitaleko alergologoak azaltzen du: “Kontaktu asko izaten dugun substantziekin sortzen dira alergiak. Ematen du gorputzak muga bat jarri duela, eta muga hori gaindituta baztertu egiten duela substantzia hori. Adibidez, Japonian, alergia nagusia zedroaren polenak sortzen du. Andaluzian, berriz, olibondoaren polenak”.
Insomnioa askotan irakurri eta entzun dugun hitza da baina haren arrazoiak eta ondorioak ez dira guztiz ezagutzen. Orain datu berri batekin egin dute topo ikertzailea batzuek: insomnioa duten pazienteek garuneko materia zuria kaltetuta dute. Ikerketak materia zuri anormalaren eta insomnioaren iraupen eta ezaugarrien arteko erlazioa aztertzea zuen helburu. Ikerketaren arabera, insomniodun pazienteek garunaren eskuineko aldean eta talamoan –kontzientzia, loa eta alerta-egoera erregulatzen dituena– materia zuriaren nabarmenki kaltetua zuten, kontrol osasuntsuen aldean. Ikertzaileek diote materia zurian ikusi diren kalteen oinarrian mielinaren galera egon daitekeela, nerbio-zuntzen inguruan egoten den babes-geruzaren galera, hain zuzen ere.
Zoologia
Asiako Hego-Ekialdean du jatorria velutina liztorrak (Asiako liztorra). Orain bere jatorritik at dabil zabaltzen. Frantzian, adibidez, bere hedapena oso azkarra izan da. Italiara eta Belgikara heldu da ere. Ez dago argi nola sartu diren Europara, badirudi hibernatzen zeuden erreginak nahi gabe Txinatik ekarri zituztela. Euskal Herrian ere izan dugu hauen presentzia, Amaiurkoa izan da lehen aipua. Espezie honetako ezaugarriak zerrendatu dituzte artikuluan, animalia honen irudi osoa proiekta dezagun. Ezaugarri fisikoei jarraiki, aipatzekoa da emeak eztena daukala ziztatzeko eta pozoia sartzeko. Arrek, berriz, ez daukate horrelakorik. Velutinaren ezaugarrien berri emateaz gain, artikuluan zehar talde-portaerak eta euren elikadura eta ehiza nolakoak diren azaltzen zaizkigu. Esaterako, dipteeroak, tximeletak, beldarrak eta armiarmak jaten dituzte. Gainera, Vespa velutina espezie oportunista eta orotarikoa da, eta batzuetan sarraskijalea ere; hau da, proteina-iturri alternatiboak erabil ditzake, adibidez haragia edo arraina.
Ingurumena
Biomen zehaztapena egiteko hodeiei behatzea otu zaie AEBtako Buffalo eta Yale unibertsitateetako Adam Wilson eta Walter Jetz ikertzaileei. Amaia Portugalek azaltzen digunez, lainoek eragin zuzena dute zonalde batean botatzen duen eurian, bertan sartzen den eguzki argian, lurrazaleko tenperaturan eta hostoen hezetasunean, eta aldi berean, faktore horiek guztiek baldintzatzen dute toki bakoitzeko flora eta fauna. NASAko Terra eta Aqua sateliteek (Lurraren orbitan dabiltza biak) hamabost urtez bildu dute informazioa eta horrela sortu da lainoen datu-base moduko bat. Ekosistemak kokatu eta zehazteaz gain, mehatxatutako espezieak non bizi diren argitzeko ere baliagarria da tresna. Ikerketaz ez ezik, Jetzek eta Wilsonek lainoen mapa interaktiboa biltzen duen webgune interaktibo bat sortu dute. Edonork kontsulta dezake bertan lainoek hamabost urtez izandako bilakaerak, joerak eta aldaketak.
Genetika
Aurreko astean aurreratu zuten bezala, zeliakiaren abiapuntu genetikoa argitu dute Columbiako Unibertsitateko eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko zientzialariek. Juanma Gallegok azaltzen digu Berrian, zehazki kodetzaile ez den azido erribonukleiko (RNA) batean eritasun zeliakoari loturiko aldaera bat topatu dutela. Zeliakoengan glutenak sortzen duen hanturari lotuta dago genomaren eremu hori, eta IncRNA izeneko familian kokatuta dago. Glutenarekiko intolerantzia garatzeko generik garrantzitsuena ezagututa ere, gaixotasuna “konplexua” dela esan du Ainara Castellanos-Rubio ikertzaileak. Horretaz gain, azaltzen du gaixotasunaren garapena “gene askoren aldagaien konbinaketak” eragingo duela: “Arrisku markatzailea izateak ez du esan nahi gainerako aldagaiak dituzula ere. Puzzle bat bezalakoa da: piezarik handiena eduki dezakezu, baina ez baldin badituzu gainerako pieza txikiak, ezin izango duzu puzzlea bukatu”.
Genetika arloari jarraiki, Euskal Herriko Unibertsitateko NanoBioCel ikertaldeak zelula amei egokitutako sendagaiak diseinatzeko eta garatzeko sistema biomimetiko bat garatu du, genetikoki aldatutako D1 zelula ama mesenkimalak erabiliz, eritropoietina (EPO) jariatzeko. Alternatiba terapeutiko horrek aukera asko ekar ditzake egun tratamendu eraginkorrik ez duten gaixotasun kronikoei aurre egiteko. Halaber, aukera berriak zabaltzen dira zelula amak teknologia horretan txertatuta, sendagaiak jariatzeko sistemak eta leheneratzeko medikuntza errazago konbinatzen direlako.
Euskal Herriko tomatearen hobekuntza eta bereizketa helburu duen ikerketa proiektua abiatu du Neiker-Tecnaliak. Proiektuari Traditom izena jarri diote. Euskal Herriko 100 tomate espezie inguru dituzte germoplasma bankuan —hazien bankua—. Bilduma hori ikertzen hasi dira eta euskal tomatearen hobekuntza eta bereizketa lortzeko asmoa dute. Hala, genetikoki identifikatu nahi dute zein den ekoizlearentzako eta kontsumitzailearentzako tomaterik aproposena. Horrek eskaintza komertzialik egokiena ahalbidetuko luke eta ezaugarri bereizienak eta preziatuenak nabarmenduko lirateke, baita zaporea eta produktibitatea ere. Horretaz gain, nekazaritzaren lehiakortasuna hobetuko luke.
Fisika
Donostia International Physics Centerren egindako ikerketa batek erakutsi du hidrogenoaren izaera kuantikoak eragin handia duela hidrogenotan aberatsak diren konposatuen propietateetan. Horretaz gain, tenperatura altuetan supereroale izateko ahalmenean ere badu eragina. Horregatik, ikertzaileek uste dute hidrogeno sulfuroa bezala, oro har hidrogenotan aberatsak diren konposatuak izan daitezkeela giro-tenperaturako supereroale. Helburua argia da orain: giro-tenperaturako supereroaleak lortzea, belaunaldi berriko superordenagailuak, lebitazio-tresnak eta aplikazio ugari garatzeko oso erabilgarri izango direlakoan. DIPCek eta EHUk gidatutako ikerketa honek urratsak eman ditu hidrogeno sulfuroaren tenperatura altuko supereroankortasunaren atzean portaera kuantikoa dagoela argitu baitu.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.