Asiatik datorren liztorra (II)

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Asiatik datorren liztorra edo Vespa velutinaren jatorria eta ezaugarriak ikusi genituen Asiatik datorren liztorra (I) artikuluan. Europan izan dugun liztor inbasiorik arrakastatsuenaren protagonistarekin jarraituko dugu. Velutinaren bizi-zikloa ikusiko dugu lehenik eta gerora, Asiako liztorraren inbasioaren ondorioak aztertzera ekingo diogu.

Bizi-zikloa

Monoginoak diren kolonien ziklo biologikoak urtebete irauten du. Hau da, erregina fundatzaile bakoitzak kolonia bakarra osatuko du (habia bat), eta handik urtebetera fundatzaile berriak sortuko dira, beste toki batzuetara joan eta habia berria egitera.

Erreginak izango direnak, saiatzen dira toki oso babestuetan, baso-eremuetan edo nekazaritza-eremuetan negua igarotzen. Horretarako, zuloak bilatzen dituzte lurzoruan, harri-zirrikituetan eta arrakaletan. Era berean, eraikinetan babestu daitezke. Negua bukatzen denean eta udaberriko baldintza klimatikoak onuragarriak direnean, erregina fundatzaile bilakatzen dira eta ahalik eta lasterren saiatzen dira habia primario bat eraikitzen, hibernazio-tokietatik gertu. Hori dela eta, oso ohikoa da erregina izango diren horiek habia primarioetan, leku estalietan, eraikinetan, garien edo bestelakoen tokietan, hormetan, zuhaixketan edo lurzoruetan egotea, bertan hibernatzen baitute. Erregina bakoitzak paperezko habia primario bat eratzen du, zelulosazko materiala ura eta listuarekin nahasita. Erreginak, habia horretan errundako 5-10 arrautzetatik sortuko dira lehen langile antzuak apirila-maiatza tartean. Haiek izango dira hurrengo larbak elikatzeko harrapakinak lortuko dituztenak. Hortik aurrera, errutea izango da erreginak izango duen zeregin bakarra, eta horrela, kolonia handituz joango da.

José Álvez (Lugo) Fuente: SEAIC / Planner Media
1. irudia: Vespa velutina edo Asiako liztorren erregina fundatzaile bakoitzak kolonia bakarra osatzen du, habia bat.

Beraz, hasierako fasean erreginak bere kabuz egiten die aurre era guztietako zereginei, eta batez ere larben elikadurari. Lehenengo langileak 4-6 aste beranduago irten arte, berak ehizatu behar du, eta berak egin behar ditu beste lan guztiak. Hauxe da zikloaren unerik kalteberena.

Maiatz-ekain tartean, lehenengo langileen belaunaldiak mantendu eta habia primarioa hobetu dezakete, baina normalean geroago habia sekundario bat eraikitzeko. Leku altu eta seguruagoetan kokatzen da habia sekundario hori, ziurtatu nahi izaten baitute eragozpenik gabe haz daitezkeela, eta oro har urrun daudela harrapariengandik.

Eme antzuek hartuko dute larbak elikatzeko eta habia handitzeko lana. Halaber, panel horizontaletatik zintzilikatzen dituzten gelaxkak antolatzen dituzte. Erreginaren antzera, langileak karbohidratoz elikatzen dira, baina eurentzat behar duten proteina ekarpena, larbengandik lortzen dute trofalaxia izeneko prozesu baten bidez; alegia proteina digeritua ahoz aho aldatzen da. Udaberritik udazkenera arte, milaka ale sortzen dira (batez beste, 10.000 habiako).

Langile antzu berriak (10.000ko kopurukoak ere izan daitezkeenak) habiatik irteten joango dira eten gabe udazkenera arte. Bestetik, ar ugalkorrak baino hiru aldiz eme ugalkor gehiago ekoizten dira aldi honetan, eta batzuk zein besteak ez dira irtengo fotoperiodoa laburtu arte eta tenperatura jaitsi arte. Euren arteko kopularen ondorioz, emeak estali (ernaldu) egingo dira, baina ez da ezagutzen estalduak gertatzen direnen proportzioa. Eme estaliak erregina fundatzaile bilakatuko dira hurrengo urtean. Hortik aurrera, negua igarotzeko estalpea aurkitzea izango dute zeregin bakarra. Gutxik lortuko dute neguan bizirautea, ustez %1-5ak baino ez.

Koloniaren jarduera murriztu egiten da eta erregina zaharra hil egiten da. Azkenik, azaro-abendurako, guztiz gelditzen da jarduera, eta arrak eta langileak ere hil egiten dira. Hurrengo zikloan erregina fundatzaile ernalduak arrakaletan eta zuloetan hibernazioan hasten dira, bakarka edo taldeka. Hotza eta elikagai eza dakartzan negutik babesten dira horrela.

Vespa velutina espeziearen inbasioaren ondorioak

Vespa velutina, Espezie Exotiko Inbaditzaileen hainbat Katalogotan sartuta dago jada (Errege-Dekretua 630/2013, abuztuaren 2koa; Euskal Jaurlaritzako 2158 Dekretua, 2014ko apirilaren 15ekoa, Euskadiko Naturako Kontserbazio Legea). Oro har, honela definitzen da espezie exotiko inbaditzailea: Espezie berri bat ekosistema edo habita natural edo erdinatural batean sartuta aldaketak eragiten direnean edo jatorrizko bioaniztasunerako mehatxua eragiten denean, bai bere inbasio-joeragatik, bai eta kutsadura genetikoaren arriskuagatik.

Lege guztiek bultzatzen dute espezie horiek gehiago aztertzea eta erakundeen arteko elkarlana egitea, sortzen diren arazoak aurreikusteko, kudeatzeko, kontrolatzeko edo ezabatzeko. Horretarako, ezinbestekoa ondo ezagutzea beste lurraldeetan izan dituzten esperientziak eta eragozpenei aurre egiteko erabili dituzten estrategiak.

2. irudia: Vespa velutina liztorra erle bati eraso egin aurretik. (Iturria: Ecocolmena.com)
2. irudia: Vespa velutina liztorra erle bati eraso egin aurretik. (Iturria: Ecocolmena.com)

Entomo fauna ezagutzen duten herrialdeetan, ikusi da velutinaren inbasioak dagoeneko kalte egin diela beste liztorrei. Adibidez, Bursanen (Korea), vesparen populazio guztian, velutina %37a da, baina bertako liztorren proportzioa jaistea eragiten ari da. Horrela, Vespa similina espezieak %20a galdu du eta Vespa mandarinia espezieak %10a. Beraz, gaur egungo polinizatzaileen inguruko eztabaidari begira badirudi velutinak estres-eragile gehiago dakartzala ezti-erle eta polinizatzaileentzat.

Asko hitz egin da erleak harrapatzeko velutinak duen trebeziaz, eta erleengan eragiten duen erakargarritasunaz. Bi ezaugarri horietaz balia liteke velutina bere harrapatze-sistema optimizatzeko. Horrekin batera, honek guztiak ekarriko luke beste polinizatzaileei kalte gutxiago eragitea. Hala ere, ustea egiaztatu gabe dago, zeren eta gure lurraldean ez da ikerketarik egin, ez velutinaren dietan, ez eta polinizatzaileei eragiten duen moduan. Frantzian ordea, eginda daude ikerketak (Muller et al. 201, 2013).

Kontu sozioekonomikoak

Badakigu liztor beltz hau erleen harraparitzan espezializatu dela, eta horrela galera handiak eragiten dituela erlauntzetan. Liztorrak erraz ikasten du erle-tokien bidea, eta erleengan du du proteina-iturri onena, erleak oraingoz defentsa-sistemarik ez duelarik. Ez dago ordea kuantifikatuta zein diren benetan liztorrak eragiten duen kalte espezifikoa, eta zer den liztorra inguruan ibiltzeak eragiten duena. Izan ere, inguruan liztor asko dabiltzanean, erleak irten ere ez dira egiten. Esan izan da erlauntzen %6-%30 edo gehiago suntsi daitezkeela.

Asian ere, ikusi da velutina liztor batek 25-50 Apis cereana erle harrapa ditzakeela egunero, eta horrela koloniaren herena hiltzen dela. Hau guztia egia bada, benetako arazo ekonomiko bati egin beharko genioke aurre. Edonola, datu egiaztatuak eskuan ditugula jorratu beharko litzateke kontua. Gainera, zaila omen da eztigileak mehatxatzen dituen velutina bestelako faktoreetatik bereiztea. Izan ere, erleen aurka badaude era berean bizkarroiak, birusak, habitat-zatikatzea, fitosanitarioak eta mahatsen kontsumoa.

Gainera, azukredun elikagaiak hartzen dituzte loreetatik, eta marrubiak, sagarrak eta mahatsak ere jaten dituzte, eta kalte handiak eragiten dituzte beti ere.

Giza osasuna

Velutinaren ziztadak, mingarriak izan daitezke, eta arriskutsuak ere alergiadunentzat batez ere. Hala ere, horrelakoak dira erlearenak eta hemengo liztorrenak ere.

Bestalde, habiak behatzeko edo hartzeko unean, komenigarria da jantzi berezia erabiltzea. Bere jatorrian, Asian, velutinak apis mellifera eta apis cereana erlea baizik ez ditu harrapatzen, baina azken horrek, oso estrategia eraginkorrak garatu ditu bere koloniak babesteko. Lehenik, hissing soinua (txistu soinu bat bezalakoa) egiten du mehatxatua sentitzen denean. Bigarrenik, erlez egindako Beecarpet izeneko alfonbra eratzen dute sarreran, liztorrei bertan pausatzea eragozteko. Hirugarrenik, liztor bat hurbiltzen denean, erle langileak erlauntzetik irteten dira “shimmering” delakoa egiteko: abdomena altxatzen dute, horrelako olatu bat eginez. Portaera horren bidez, erle-biltzaileei aditzera ematen diete liztor bat inguruan dabilela, eta sarritan, bertan behera uzten da jarduera, liztorra joan arte.

e. irudia: De Martin Falbisoner - Trabajo propio, CC BY-SA 4.0, https://commons.wikimedia.org/w/index.php?curid=41709017
3. irudia: Apis mellifera familiako erlea. (Argazkia: Martin Falbisoner, CC BY-SA 4.0 lizentziapean, Wikimediaren bidez)

Azkenik, liztor bat erlauntzean sartzen saiatzen bada, erleek inguratu egiten dute, bola bat eginez (“heat-balling”). Bola barruko tenperatura 45-Cº-raino igoarazten dute. Tenperatura hau ez da hilgarria erleentzat, baina bai liztorrarentzat. Uste da tenperatura ez ezik C02-ren kontzentrazioa ere igotzen dela eta ondorioz defentsa-mekanismoa hobetu egiten da.

Erle eztigileek mekanismo berberak dituzte, baina, zergatik ez dakigularik, mekanismo horiek ez dira hain eraginkorrak gertatzen eta horregatik, Asian apis mellifera lehenago aukeratzen du cereana baino. Defentsarako ahalmen eza ulertzeko, pentsa daiteke velutina eta mellifera epe laburrean bizi izan direla elkarrekin eboluzioan zehar, eta velutina eta cereana aldiz, elkarrekin eboluzionatu dute luzaro.

Liztorrak polen-bilketen murrizketak eragiten ditu, eta ondorioz erleen erreserbak gutxitu egiten dira, larbak hil egiten dira, eta erreginak erruteari uzten dio. Hauek guztiek, makaldu egiten dute kolonia, zahartu egiten dute. Azkenean, erlauntzak ez du bizirauten neguan, erreserbaren faltagatik.

Erreferentzia bibliografikoak:

  • Chardonnereau E., Thèse: Les frelons ennemis potentiels de l’abeille domestique, Faculté de médecine de Créteil, 2014, France.
  • Muller F., Rome Q., Perrard A., Villemant C.: Le frelon asiatique en Europe, jusqu’où irat-il? Insectes. 2013, 169, 3-6.
  • Rallo A & Garcia-Arbeas L.: Fauna exotiko inbaditzailea Bizkaian. Bizkaiko Iraunkortasunerako Institutua. BFA/DFB. 2012, 330 or. Bilbao
  • Villemant C., Rome Q. & Haxaire J.: Le Frelon asiatique (Vespa velutina). In Muséum national d’Histoire naturelle [Ed]. 2010.

Egileaz:

Juan Carlos Iturrondobeitia UPV/EHUko Artropodoen Zoologiako katedraduna da.


“Asiatik datorren liztorra” artikulu-sorta:

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.