Etxetxorien lumajea

Animalien aferak · Dibulgazioa

Hotza


Orain azalduko dugunak zerikusi handia du balearen istorioarekin, hasiera batean horrela ez dirudien arren. Isolatzeaz arituko gara kapitulu honetan ere, baina bestelako isolatze-moduaz jardungo dugu.

Irudia: Erithacus rubecula, txantxangorria, papar gorriagatik nabarmentzen den hegazti txikia da (14 cm inguruko luzera du), eta Europan bazterretan ikus dezakegu.

Batzuetan, etxetxoriek oso potolo dirudite; egia esan, tenis pilota hankadunak ematen dute. Baina itxura da, ez besterik. Hotz daudenean gertatzen zaie hori; hotz egonik, lumak zabaltzen dituzte aire-geruza lodi bat sortzeko. Aire-geruzak inguratu egiten du ia gorputz osoa. Era horretara isolatuago daude kanpoko aire hotzetik eta bero gutxiago galtzen dute eroapenaz eta konbekzioz. Hau da, bero gehiegirik ez galtzeko hartzen dute hartzen duten pilota itxura hori. Ez daude lodi, beraz.

Hegaztientzat garrantzi handikoa da lumekin jokatuz isolatze-maila beharren arabera aldatu ahal izatea. Etxetxoriak bezain txikiak badira isolatzeko beharra handiagoa dute, gorputz txikien bero-galera, erlatiboki, gorputz handiena baino askoz ere handiagoa baita. Guk, holako ahalmenik ez dugularik, jantziekin jokatzen dugu, tenperatura-erregulazioaren beharren arabera aldatuz. Argi dago, hala ere, hegaztien lumak bezalakorik ez dagoela.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.