Joan Clarke (1917-1996): Nazien kode sekretua ‘apurtuz’

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Hitlerren eskuetan erori zen lehena Polonia izan zen Fall Weiss deituriko plan estrategikoari esker. 1939ko urrian lortutako garaipen horrek kemena eman zien naziei: puxikak bezala puztu ziren. Orduan, zerua hegazkinez betetzen hasi zen; ortzia urratuko zuen bonba zaparrada gertu zegoen. Oso gertu. Leku askotan, alarma soinuak entzuten hasi ziren, sortutako zarata burrunbatsuak orientazio sena kolektiboa desagerraraziz. Jendeak ez zekien nora egin behar zuen ihes, halere gehiengoak ez zion korrika egiteari utzi. Gelditzea, une horretan, hiltzea zekarrelako. Eta simulakro bat besterik ez bazen? Ezin ziren zalantzan erori, Hitlerren itzal erraldoia zelatan baitzegoen. Dunbots horretan, makilaren laguntzaz ibiltzen ziren edadetuek, etxetik oroitzapen-zakurik gabe atera zirenek eta jada sakabanatuta zeuden familiek lur azpiko sotoak zituzten jomuga. Garrasiek eta negarrek bete zuten ingurua; amorrua hazten ari zen biztanleen erraietan.

Izuak eztanda egin zuen non-nahi. Naziak Europako lurrak menderatzen hasi ziren. Hori gertatu bitartean, Ingalaterrako Bletchley Park deituriko luxuzko-etxe viktoriarrean, logela esklusibo batean, alemaniarren ‘Enigma’ makinak sortzen zituen mezu konplexuak deskodetzen hasi ziren. Munduko matematikaririk onenak bildu zituzten. Joan Clarke talde horretan zegoen Alan Turingekin batera.

1. irudia: Joan Clarke kriptografoa 1936. urtean.
1. irudia: Joan Clarke kriptografoa 1936. urtean.

Azken honek zioen: “Kodeak igarkizunak bezalakoak dira”. Hala, joko bat bailitzan, lengoaia sekretu horren erantzuna bilatzen hasi ziren. Mezuak airean zeuden, eskura, baina inork ez zuen ezagutzen zifratzeko kodea. Horretan zetzan teknologia horren jeinutasuna. Mezu bat deszifratzeko makinak berezko zuen konfigurazioa ezagutu beharra zegoen. Azkenean, Joan Clarkek etsaien mezuen trafikoa “apurtzea” lortu zuen. Kodeen zentzua antzematea lortu zutenean Clarkek esan omen zuen “batzuetan inork espero ez duenak, espero ez diren kontuak egin eta gauza ditzake“.

Garrantzizkoa izan zen emakume honen lana. Izan ere, komunikazio alemaniar oro aparatu horretatik pasatzen zen. Bigarren Mundu Gerran sortzen ziren mezu zifratuak deskodetzean, naziek diseinatutako estrategiak ezagutzeko aukera izan zuten aliatuek.

Clarke, ahazturiko kate-maila

Guztiok dugu gogoan Keira Knightley aktorearen aurpegia, The Imitation Game (2015) film arrakastatsuan Clarken papera egin zuenean. Pelikularen zuzendariak emakume horren historia berreskuratzeko ahalegina egin zuen baina ez zuen bere benetako lana islatu. Dudarik gabe, Clarke, Alan Turingen itzala (eta emaztea) baino gehiago izan zen.

2. irudia:
2. irudia: The Imitation Game pelikula “Alan Turing: The Enigma” liburuan oinarritzen da. Bertan Alan Turing eta Joan Clarke Enigmaren mezuak deskodetzeko eginiko lana azaltzen da.

Joan Clarkek Dulwich High Schoolen ikasi zuen eta ondoren, 1936an, Newnham Collegen (Cambridge) matematikako titulazio bikoitza lortu zuen. 1939an, Bletchley Parken hasi zen lanean. ‘Enigma’ makinaren patroiak bilatzea eta horiek argitzea zuen helburu. Idazkari gisa hasi zen (hiru dolar kobratzen zituen bi astetan behin). Ondoren, mailaz igo zuten kodeekin zuen abilezia ikusita: zuzendariorde bezala aritu zen Hut 8-an (Turing ere bertan zegoen). Kode deszifratzailea zen Clarke, baina emakumea izanagatik, hizkuntzalaria zela idatzi behar izan zuen formularioetan, soldata kobratu ahal izateko. Britaniar Inteligentziak ez zuen onartzen emakume-kargurik alor horretan. Beraz, bete zuen paper burokratikoan honakoa jarri zuen ironia osoz:

Kargua: Hizkuntzalaria. Hizkuntzak: ezta bakar bat ere.

AEBtatik tropak eta horniketak eramaten zituzten itsasontzi aliatuek Europara. Urpeko alemaniarrek horiek jarraitzen zituzten suntsitzeko asmotan. Azken hauen posizio geografikoa jakiteko funtsezkoa izan zen mezu horiek deszifratzea (momentuan egiten zen) eta hori erdietsi zuen Clarken taldeak.

‘Enigma’ vs ‘Bombe’

Mundu Gerran sortu zuten ‘Enigma (kodetze-teknika hori orduko existitzen zen). Dr. Arthur Scherbius ingeniari alemana izan zen sortzailea. Makinak II. Mundu Gerran izan zuen protagonismorik handiena. Gehiengoak pentsatzen zuen “apurtezina” zela, baina oker zeuden. Egia da mezu zifratu horiek gainontzeko kodeak baino konplexuagoak zirela baina azkenean lortu zuten letra horien erreprodukzioa (hasieran zentzugabekoa) argitzea.

Mezu zifratuak geltokira bidaltzen zituzten, bi multzotan berezituz: mezu urgenteak eta ez urgenteak. Horretaz gain, 3A (abiazioa) eta 3M (armada) ote ziren zehaztu behar zuten mezuetan. Z letrek garrantzia-maila islatzen zuten. Adibidez, 1Z: ez oso garrantzitsua; 5Z: izugarri urgentea. Ondoren, jasotako informazioa laburbiltzen zuten eta hiru kopia bidaltzen zituzten. Gerran garaian, egunero, 18.000 mezu baino gehiago deskodetu zituzten, Alemaniak gidatzen zituen estrategiak ezagutuz horrela. Norvegian aurkitu zuten azken mezu zifratua, Karl Dönitz almirante alemanak sinatua: “Führer-a hil egin da. Gerrak jarraitzen du”. Alemaniarrek ez zuten inoiz susmatu aliatuek bere kuttuneko makinak sortzen zituen mezuak deszifratu izan zituztenik.

3. irudia: El bombe era un dispositivo electromecánico usado por los criptólogos británicos para ayudar a descifrar las señales cifradas por la máquina alemana Enigma durante la Segunda Guerra Mundial.
3. irudia: “Bombe” gailu elektromekanikoa kriptografo britaniarrek sortu zuten “Enigma”ren mezu kodetuak deskodetzen laguntzeko Bigarren Mundu Gerran. Gerora, Estatu Batuetako armadak ere garatu zituzten antzekoak baina beste era baten diseinatuak.

‘Enigma’ indargabetzeko sortu zuten ‘Bombe’ izeneko makina elektromekanikoa Hut 8-an. Makina horietako asko eraiki ziren eta 1940tik aurrera modu masiboan funtzionatzen hasi ziren. Uda horretan, nazien aireko indarrek bidaltzen zituzten mezuak deskodetu zituzten ‘Bombe’ri esker. Ipar Atlantikoan zeuden urpekoetatik iristen ziren mezuak ere atzeman zituzten. Joan Clarken ekarpenik gabe, II. Mundu Gerrak bestelako bukaera bat izango zukeen ziurrenik.


Egileaz:

Uxue Razkin kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.