Eugene ez da hain argia ere

#KZJaia · Dibulgazioa

Joan den astean bolo-bolo zabaldu zen albistea: makina batek Turingen testa gainditu omen du, historian lehenbizikoz. Eugene Goostman izeneko konputazio programak bete zuen erronka, Readingeko Unibertsitateak Londresen antolatutako lehiaketa batean, ekainaren 7an; hain zuzen ere, Alan Turingen heriotzaren 60. urteurrenean. Unibertsitateak berak zabaldutako prentsa oharrean, konputazioaren eta adimen artifizialaren historiako mugarritzat jo zuen gertakaria.

Anekdotaz harago, berriak berritik ezer gutxi duela adierazi dute aditu askok azken egunotan. Albistea eta Turingen testa bera xehatzen ahalegindu gara hurrengo lerrootan.

Zer gertatu da?

Eugene Goostman izeneko konputazio programak lehiaketan parte hartu zuten epaileen %33ari (30 epailetik 10) sartu zien ziria: gizaki batekin hizketan ari zirela pentsarazi zien.

Bost makina aritu ziren lehian, eta epaileek bost minutuko idatzizko elkarrizketa bana izan zuten horietako bakoitzarekin, aldi berean gizaki batekin ere hitz egiten zuten bitartean. Kasu bakoitzean, epaileek gizakia eta makina bereizi behar zituzten. Lehenbizikoz, epaileen herenak huts egin zuen Eugenekin hitz egitea egokitu zitzaienean, eta hura jo zuten gizakitzat. Tankera honetako lehiaketa batean, makina batek inoiz ez du hainbesterainoko nahasmena eragitea lortu orain arte. %30etik gorako iruzurra eragin duelako, Turingen testa gainditu duen lehenbiziko makina dela esan dute.

Nor izan zen Alan Turing?

Informatikaren asmatzailetzat jotzen da Alan Turing matematikari ingelesa. 1936an Turingen makina izeneko kontzeptu teorikoa sortu zuen; edozer ezagutza, edozer prozedura, mekanizatu ahal izateko metodo orokor bat. Berak orduan ez bazekien ere, gaur egungo konputagailu ororen funtsa utzi zuen idatzirik. Bigarren Mundu Gerraren bilakaeran ere zeresan handia izan zuen Turingek, alemaniarrek enkriptaziorako baliatzen zuten Enigma makinaren mezuak deskodetzeko ezinbestekoa izan baitzen bere ekarpena. Bere lana sekretupekoa zelako eta, batez ere, homosexuala zelako, bizi artean ez zitzaion merezitako aitorpenik egin.

Alan Turingen eskultura ( Irudia: John Callas / CC BY 2.0)
Alan Turingen eskultura ( Irudia: John Callas / CC BY 2.0)

Zer esan zuen Alan Turingek?

Adimen artifizialaren alorrean egindako ekarpenari dagokionez, Computing Machinery and Intelligence izeneko artikulua argitaratu zuen 1960an, Mind aldizkarian. Honako galderarekin abiatu zuen idatzia: “Makinek pentsatu al dezakete?”.

Jesus Ibañez EHUko Informatika Fakultateko irakasleak azaldu duenez, “adierazten du hain problema sakona, ezen jendea oraindik ez baita ados jarri. Adimen artifizialari buruz oso adostasun gutxi baitago. Turingen asmoa zera zen, zientziaren alorrekoak ez diren objekzioak edo oztopoak saihestea, eta balizko oztopo horiek zeintzuk izan zitezkeen aztertu zuen artikuluan”. Pentsatzea giza arimari soilik dagokion dohaina dela, makina batek logikaren arabera erantzun dezakeen galdera kopurua mugatua dela, gailuek gizakiak gainditu ditzaketela iradokitze hutsa onartezina dela… Gizarteak “makinek pentsatu al dezakete?” galderari ezetz erantzuteko emango zituen argudio (edo aitzakia?) ez-zientifikoak zerrendatu zituen Turingek artikuluan, bai eta bete-betean asmatu ere. “Berak aurreikusi ez zituen argudio gutxi egin dira”, gaineratu du Ibañezek.

Antropozentrismoa medio, pentsatu aditzak eztabaida luzatuko zuela jakitun, hasierako galdera bestela formulatzeko bidea iradoki zuen gero Turingek, artikulu horretan bertan: makinek inoiz gizakiok bezala jokatzerik izango ote zuten planteatzea. Gizakion moduan pentsatu ordez, gizakion moduan pentsatzeko plantak egin: imitazioaren jokoa.

Nondik dator Turingen testa?

Berak ez zuen halakorik aipatu, baina artikulu horretan idatzitakoan oinarritzen da gerora Turingen testa izena hartu duen froga. “Berrogeita hamar bat urteren buruan, uste dut ordenagailuak programatu ahal izango direla imitazioaren jokoan hain ondo jolasteko, ezen galdetzaileak identifikazioa zuzen egiteko aukera ez baita %70 baino handiagoa izango, bost minutuko galdeketaren ondoren”, aipatu zuen testuan. Baieztapen hori du abiapuntu Eugene Goostman programak lehenbizikoz gainditu duen testaren diseinuak.

Eugene Goostman programa
Eugene Goostman programa

Eugene Goostman hain adimentsua al da, orduan?

Azterketa zehatz bat gainditzeko trikimailuak ondo ezagutzen dituen ikasle trebea da Eugene, adimentsua baino gehiago. Hamahiru urteko mutiko ukrainar baten gisara aurkezten du bere burua: horrek esan nahi du epaileak ez direla harritzen ingelesez idaztean akatsak egiten dituenean, ez eta erantzun guztiak zuzen emateko gai ez denean ere. Ustez nerabe bat baita, azken finean. Horregatik, nekez izan daiteke Turingen testa adimen artifizialaren neurgailu perfektua: epaileari ziria sartzea da gakoa, eta ez inoizko makinarik burutsuena diseinatzea.

Gainera, halako lehiaketetan izaten diren emaitzak ez dira erabat zuzenak. Izan ere, beste faktore garrantzitsu bat hartu behar da kontuan: testuingurua. Epaileek badakite makinak haiei ziria sartu nahian dabiltzala, baina lehiaketaz kanpo, askoz ere errazagoa da gizakiok ezustean harrapatzea. Ibañezek aipatu bezala, “Loebner lehiaketa Londresen egindako beste hau baino modu serioagoan antolatzen da, baina zein da daukaten lehenbiziko arazoa? Epaileak konputazio zientzialariak direla, eta haiek badakitela zer den zaila makina batentzat. Baina gero, hortik kanpo, guk zer jarrera dugu, zer erraztasun ematen ditugu engainatuak izateko? Horren inguruan badago Robert Epsteinen artikulu oso interesgarri bat. Gai honetan espezialista izan arren, hilabetetan, programa batek ziria sartu zion, eta ligatzen ari zela pentsarazi. Adierazgarria da”.

Eugene ez da superkonputagailu bat. Bera baino adimentsuagoak dira, esaterako, Gary Kasparov xake txapelduna garaitu zuen Deep Blue makina, edo Jeopardy izeneko jokoan aritu izan den Watson konputagailua. Baina horien adimena ez da Turingen testaren arabera neurtzen, eta Ibañezek esan bezala, “makinek aurreratzen gaituztenean, joera dugu esateko hori ez dela adimena”.

Iturria: What comes after the Turing test? (The New Yorker)


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.


KZJaia2

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.