Asteon zientzia begi-bistan #18

Asteon Interneten jorratu diren zientzia-gaien bilduma. Begirada bat emango diogu?

Argazkia @allepeim -i esker

Argazkia @allepeim -i esker

Historiaren istorio bitxia kontatzen digu Ibon Larrazabalek Liber Prodigiorum blogean. 70. hamarkadan Alemaniako liburutegi baten, irakurtezina zen liburu bat aurkitu zuten, zifratua baitzegoen. 105 orri eta 75.000 karakteredun eskuizkribua zen eta XVIII. mendeko talde masoi baten errituala deskribatzen zuen. Xehetasun guztiak “Copiale Cipher”: masoien eskuliburu ezkutua artikuluan.

Eugene Goostman konputazio programa bat da. 13 urteko gazte ukraniar baten antzera jokatzen du, ez du ingeles maila ona eta barkamena eskatzen dio berarekin elkarrizketan diharduenari, hizkuntza kaskarrarengatik. Eugene protagonista izan da azken asteotan, adimen artifizialean adituak diren bost pertsonez osatutako epaimahai bati ziria sartu dielako. Epaileek berarekin bost minutuko idatzizko elkarrizketa bana izan ondoren, gizakia zela ebatzi baitzuten. Amaia Portugal kazetariak kontatzen digu Zientzia Kaieran: Eugene ez da hain argia ere.

Gezurra badirudi ere, aerosolak hodei-sortzaile apartak direla azaltzen digu Guillermo Roa dibulgatzaileak Elhuyar aldizkarian. Israelgo Weizmann Institutuko ikertzaileak egindako ikerketa baten arabera aerosolek ez dute kutsatutako airean bakarrik eragiten, atmosfera garbiko aerosol-kontzentrazioak ere eragin handia baitu hodeien sorreran, antza.

Orain arte zientzia fikzioa izan da gorputz bizien barruan espazio-ontzi txikietan bidaiatzea. Aldiz, bidai horretara hurbil daitekeen teknika bat ezagutarazi digu Javier San Martín kazetariak: mikrotomografia. Teknika honen bidez intsektuen barrua irudikatzen da aleak eskaneatu ondoren eta gero ordenagailuan azter daitezke edozein ertzetatik. Javier Alba-Tercedorrek, Granadako Unibertsitateko Zoologia-katedradunak, teknika honen bidez ditu hainbat intsekturen barrua ikusi eta irudikatu du modu harrigarrian. Zientzia Kaieran: Artea eta zientzia intsektuen barruan.

Atapuercan 21 urte lanean aritu ondoren, ikerketa-taldearen koordinatzailea den Juan Luis Arsuagak, hainbat egilerekin batera, artikulu interesgarria kaleratu du Science aldizkarian. Bertan Atapuercan aurkitutako 17 burezurren katalogo zehatza aurkeztu dute. Horri esker aztarnak datatu dituzte, hauek duela 430.000 urtekoak omen dira. Horrez gain, talde horretan agertu ziren lehen ezaugarri fisiko neandertalak haginetan eta aurpegiaren itxuran eman zirela baieztatu dute. Ana Galarragak kontatzen digu Elhuyar aldizkarian: Datu giltzarriak neandertalen eboluzioaz, Atapuercako 17 garezur analizatuta.

Xabier Pañalver arkeologoa da eta Aranzadi Zientzia Elkartean dihardu ikertzen. Praileaitz kobazuloko indusketen arduraduna da eta bertan egindako lanak biltzen dituen Praileaitz I haitzuloa liburua argitaratu berri du. Egilearen hitzetan liburua “hamar urteko indusketen eta hainbat herrialdetako hogeitik gora taldek egindako laborategiko lanaren ondorioa da.” Juan Luis Zabala kazetariak Berrianhurreratzen digu bertan jasotzen direnak: Ikertzen hasitako gune batzuk ez daude aintzat hartuak dekretuan.

Brasilgo Munduko Kopa dugu egunotan hedabideetan nagusi. Ez gara futbolaz hitz egiten hasiko, ez, baina Nagore Irazustabarrena kazetariak Argian botatzen digun galdera bati jarri diogu arreta: Nondik dator “Brasil” toponimoa? Badirudi, egun Brasil izenaren etimologiaren jatorria ez dagoela argi.

–—–

Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>