Fatma Moalla: «Maite ditut doitasuna, zehaztasuna eta zintzotasuna, eta horixe bera da matematika!»

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

4 min

Fatma Moalla: «Maite ditut doitasuna, zehaztasuna eta zintzotasuna, eta horixe bera da matematika!»

Fatma Moalla matematikaria da, eta Finslerren espazioen teoria ikertu du, Riemannen barietateen orokortze bat. 1961ean, Frantzian Agrégation de Mathématiques eskuratzen lehen tunisiarra izan zen, eta lau urte geroago, Frantzian matematikako doktoregoa lortu zuen lehen emakume tunisiarra izan zen.

Fatma Moalla
Irudia: Fatma Moallari dedikatutako zigilua Tunisiennes 2 erakusketan (2023). (Iturria: Chaima Sidia / LinkedIn)

Liburuz inguratuta bizitzea

Fatma Moalla 1939ko urtarrilaren 14an jaio zen Tunisian; Mohamed Moella liburu saltzailearen eta haren emaztearen sei alabetako bat zen. Familiaren inguruneak ikasketa giro ona sustatu zuen, Moallak berak azaltzen duen moduan:

Haurtzaro zoriontsua eta nerabezaro betea izan nituen. Nire bost ahizpak eta ni Tunisian bizi ginen. Han jaio ginen, ahizpa nagusia izan ezik; bera Sfaxen jaio zen. Nire aita Tunisiara emigratu zuen lehenengo sfaxtarra izan zen, nire amaren aldeko osabarekin eta Taïeb Miladi jaunarekin batera. Garai hartan barne emigrazioa ere bazegoen. Nire aitak Sfaxen zuen lanbidea mantendu zuen Tunisian: liburu saltzailea zen. […] Figura ezaguna zen Medinako azoketan, eruditoa, ilustratua, liburuen eta irakurketaren zalea, eta maitasun hori oso-oroik transmititu zigun. […] Haurtzaroko oroitzapen ederrak ditut familiaren Bardoko etxean: lorategian, amarekin; hain zen eztia, ilustratua, hain zen irekia, ona. […] Gogoratzen dut, halaber, haurrak ginela, nire ahizpak eta ni poz-pozik jartzen ginela aitaren dendaostera joaten ginenean gure kirolik gustukoena egiteko: irakurtzea! Zenbat liburu irentsi genituen!

Elkarrizketa, 2017

Bigarren Hezkuntzan zegoela, Fatma ikasle ona zen; ikasgai guztiak gustatzen zitzaizkion. Hori dela eta, adarra aukeratu behar izan zuenean (garai hartan hauek ziren aukerak: matematika, zientzia esperimentalak edo filosofia), kostatu egin zitzaion bat bakarrik hautatzea. Azkenean, matematikaren alde egin zuen:

Matematika zen nire izaerarekin gehien bat zetorrena: maite ditut doitasuna, zehaztasuna eta zintzotasuna. Gorroto ditut tranpak. Eta horixe bera da matematika! Zientzia zehatz eta doia da, eta zehatza izan behar da. Hortaz, hitz bakoitzak badu bere garrantzia definizio matematiko batean: ezin da hitzik kendu, gehitu edo aldatu. Matematikak argitasuna eskatzen du, gardentasuna.

Elkarrizketa, 2017

Matematika ikertzea eta matematika irakastea

1957an batxilergoa amaitu ondoren, unibertsitateko ikasketak hasi zituen Institut des Hautes Études de Tunis erakundean. Matematikan graduatu zen 1960ko ekainean, eta ikasketak Frantzian baliozkotu zizkioten urte bereko urrian. Tunisiako gobernuaren beka bati esker (eta gurasoen baimena zuenez), Parisera joan ahal izan zuen Frantzian ikasketekin jarraitzeko. Urtebetez prestatu zituen Certificat d’aptitude au professorat de l’enseignement du second degré (Bigarren Hezkuntzan irakasteko gaitasun ziurtagiria) eta Agrégation de Mathématiques (Frantzian irakaskuntza publikoan irakasle izateko agregazio konkurtsoa), eta azken hori 1961ean gainditu zuen. Fatmarentzat, tunisiarra zenez, arraroa zen Frantzian egotea Aljeriako Indendentziaren Gerra gertatu zen bitartean. Hain zuzen ere, Agrégationerako ahozko azterketa gainditu zuen Bizertako krisialdian zehar.

Bere herrialdera itzuli zen orduan, eta agintaritzek ohorez jaso zuten: matematikan Agrégation delakoa eskuratu zuen lehenengo tunisiarra izan zen. Ordutik aurrera hasi zuen irakaskuntzako etapa, hasieran, bigarren hezkuntzaren (matematika eman zuen berak ikasi zuen ikastegian bertan) eta unibertsitatearen (laguntzaile gisa Matematika, Fisika eta Natura Zientzien Fakultatean, urtebete zeramana irekita) artean.

Baina matematikan ikertzen jarraitu nahi zuen. Eta lortu zuen. 1965ean doktorego tesia defendatu zuen Parisen (Sur quelques théorèmes globaux en géométrie finslérienne). Gradu hori lortu zuen lehenengo emakume tunisiarra izan zen. 1966an bere tesiaren emaitzak argitaratu zituen Annali di Matematica Pura ed Applicata aldizkarian, 47 orrialdeko artikulu luze batean. Bere lana Finslerren espazioen teorian zentratu zen, Riemannen barietateen orokortze batean.

Eta berriro itzuli zen Tunisiara, non irakasle aritu zen Zientzien Fakultatean, erretiroa hartu zuen arte. Ikasleen belaunaldi ugari prestatu zituen hainbeste maite zuen arlo horretan.

Bere herrialdean aitortua

2017an, Tunisiako Emakume Matematikarien Elkarteak Matematikaren Dibulgazioko Fatma Moalla Nazioarteko Saria sortu zuen, publiko orokorrarentzako irisgarriak diren ikerketa matematikoen aurkezpenean nabarmendutako ekarpenak aitortzeko. Saria lehen aldiz eman zuten 2018an.

Gainera, 2023an, Fatma Moalla Tunisiennes 2 Posta Zigiluen Nazioarteko Erakusketan omendutako hogeita hiru emakumeetako bat izan zen. Jarduera hori Familia, Emakume, Haur eta Hirugarren Adinekoen Ministerioak antolatu zuen, Correosekin lankidetzan, Tunisiako Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta (abuztuaren 13a).

Matematika ikasi nahi dutenei, Fatma Moallak gomendatzen die gogor lan egitea… eta irakurtzea:

Eskoletan xehetasun handiz ikasi behar da, eta, batez ere, eskolekin lotutako ahalik eta liburu kopuru handiena kontsultatu, eskolak bakarrik ez baitira nahikoa. Ez horixe! Gora irakurketa! Hitz batez: garrantzitsuena da lanean dena ematea.

Elkarrizketa, 2017

Gomendio ona da, zalantzarik gabe.

Iturriak:


Egileaz:

Marta Macho Stadler, (@martamachos.bsky.social) EHUko Matematikako irakaslea da eta Kultura Zientifikoko Katedrak argitaratzen duen Mujeres con Ciencia blogaren editorea.


Jatorrizko artikulua Mujeres con Ciencia blogean argitaratu zen 2026ko urtarrilaren 21ean: Fatma Moalla: «Me encanta el rigor, la precisión, la honestidad. ¡Y eso es lo que son las matemáticas!».

Itzulpena: EHUko Euskara Zerbitzua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.