Matematikak betidanik izan ditu gustuko Judit Muñoz Matutek. Dioenez, txikitatik zen ona zenbakiekin, eta ez hainbeste Historian, Euskaran eta Gaztelanian: “Asko gustatzen zitzaidan problemak ebaztea, eta Batxilergoan, Durangon, matematika-irakasle oso ona izan nuen, eta horrek ere bultzatu ninduen Matematikak aukeratzera unibertsitatean”, gogoratu du Muñozek.
Onartu du, hori bai, oso desberdinak direla unibertsitatera iritsi aurretik ikasten diren Matematikak eta gero han landu dituenak: “Institutuan ekuazioak ebazten ikasten dugu, baina unibertsitatean da oso abstraktua eta oso zaila. Egia esan, aldaketa erronka bat izan zen niretzat, baina guztiz positiboa izan zen, asko gustatu zitzaidan. Hala ere, etsitzeko arriskua ere badago: nire ikasturtean, karrera hasi genuenotatik erdiak edo bukatu genuen, besteek utzi egin zuten”.
Muñozen ikaskideen generoari erreparatuta, bada datu esanguratsu bat: karreran, bi izan ezik, gainerako guztiak neskak ziren; orain, ordea, Ingeniaritzan dabil doktoretza egiten, Matematika aplikatuetan, eta oso emakume gutxi dira. “Irudipena dut Matematika ikasi duten emakume gehienak joaten direla Biologia, Medikuntza edo Estatistika arloetara, baina Ingeniaritzan ez da ohikoa. Kongresuetan eta gertatzen zait emakumeak, guztira, bizpahiru izaten garela, eta da oso arraroa”.
Haren iritziz, onuragarria izango litzateke emakume gehiago egotea bere arloan: “Dibertsitatea beti da aberasgarria, bestelako ikuspuntuak azaltzen baitira. Nire taldean ere ni izan naiz lehen emakumea, baina, geroztik, emakume gehiago sartzen joan dira, eta orain, 9tik 4 emakumeak gara. Eta nabaritzen da”.
Bere taldean, Matematika Aplikatuan lan egiten dute, batez ere geofisikan, uhin-hedapen problemetan. “Elkarlanerako aukera asko ematen ditu. Nik UPV/EHUn egiten dut lan, baina lankide batzuk BCAMen aritzen dira, eta Europako proiektu batean gaude, beste unibertsitate batzuekin elkarlanean, nazioarteko mailan. Eta enpresekin ere baditugu lankidetzak. Oso motibagarria da”.
Horrekin batera, asko baloratzen du kongresuetara joateko eta atzerrian egonaldiak egiteko aukera izatea ere. Besteak beste, Australian izan zen zortzi hilabetez lanean, eta aurten Txilen izan da hilabetez. Orain, berriz, Texasera doa.
Esklerosi anizkoitzarekin bizi eta ikertu
Esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten duela sei urte, Matematika karrerako azken urtean, baina, bistan denez, horregatik ez da geldirik geratu. Horrek ez du esan nahi, ordea, ez dionik eragin: “Hasieran, ikusmena galdu nuen begi batean, eta azterketetan nengoen. Izugarrizko mina nuen, oso gogorra izan zen. Ospitalean egon behar izan nuen… Hala ere, azterketak egin nituen eta guztiak gainditu nituen”, gogoratu du.
Aurrerago agerraldi bat izan zuen, eta orduan bizi osorako tratamendu bat jarri zioten. 2014tik ez du beste agerraldirik izan. Bere egoeran daudenak edo bestelako diagnostiko batzuk dituztenak ikerketa-taldeetan parte-hartzeak onurarik ekartzen ote duen galdetuta, baietz erantzun du: “Problemak ebazteko bestelako ikuspuntuak eman ditzakegula iruditzen zait. Besteen egoeraz jabetzeko eta enpatia lantzeko ere lagungarria da“.
Ez da erraza, dena den. Bidaiatzeko, adibidez, izan ditu oztopoak: “Australiara ezin nuen hiru hilabete baino gehiagorako tratamendua eraman, debekatuta dago. Bestela, bertan erosi behar da, baina oso garestia da, eta ezin da bidali. Hortaz, asmoa lau hilabeterako joatea bazen ere, hiru hilabetez baino ez nuen egoterik izan. Baina, tira, gero beste bi aldiz joan naiz”.
Ez da hori bidegabekeria bakarra: Espainian, aseguruek ez dituzte gaixotasun kronikoa duten pertsonen larrialdiak estaltzen. Horrenbestez, Danimarkako aseguru bat kontratatu behar izan du.
Hala ere, itxaropenez begiratzen dio etorkizunari. Ezin du jakin agerraldi gehiago izango dituen ala ez, eta orain duen tratamendua ez da sendagarria, baina aurrera egiteko asmoa du: “Oraintxe baieztatu didate nik nahi nuen lekuan egingo dudala lan uda honetan: Oden Institutua. Leszek F. Demkowicz da zuzendaria, munduko matematikaririk onenetakoa. Aurtengo Abel sariaren irabazlea ere, Karen Uhlenbeck, institutu horretakoa da, eta lehenengo aldia izan da emakume bati eman diotela!”, dio, poza ezkutatu ezinik.
Fitxa biografikoa
Judit Muñoz Matute Bilbon jaioa da, 1991ean. Matematikako gradua egin zuen UPV/EHUn, eta jarraian Modelizazio eta Ikerkuntza Matematikoa, Estatistika eta Konputazioko masterra. orain, tesia egiten ari da. Tartean, BCAMen (Basque Center for Applied Mathematics) aritu da lanean, baita atzerriko zentroetan ere: Polonia, AEBak, TXile, Australia eta Britainia Handia.
Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da eta Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.
Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
1 iruzkina
[…] Muñoz Matute matematikaria elkarrizketatu du Ana Galarragak. Txikitatik gustuko izan ditu, bereziki problemak ebaztea. Orain, ingeniaritzan dabil doktoretza […]