Musika
Josu Lopez-Gazpiok azaldu digun moduan, soinuaren eta musikaren atzean zientzia asko dago. Asteon, kulturak soinuen pertzepzioan duen eragina eta armonia zer den aztertu du. Ideia honi jarraiki, zergatik ditugu gustuko musika mota batzuk? Zergatik dira sinfonia batzuk hain erakargarriak?, galdetzen du egileak. Badu erantzuna ere: kulturak musikan duen eragina omen da gakoa. Armoniak, esaterako, abesti bat bere osotasunean egonkorra izatea egiten du eta, neurri batean, matematikan dago armoniaren azalpena. Ez galdu testuan eman dituen xehetasunak!
Emakumeak zientzian
Judit Muñoz Matute matematikaria elkarrizketatu du Ana Galarragak. Txikitatik gustuko izan ditu, bereziki problemak ebaztea. Orain, ingeniaritzan dabil doktoretza egiten, Matematika aplikatuetan, eta aipatzen duenez, oso emakume gutxi dira: “Irudipena dut Matematika ikasi duten emakume gehienak joaten direla Biologia, Medikuntza edo Estatistika arloetara, baina Ingeniaritzan ez da ohikoa”. Esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten duela sei urte, Matematika karrerako azken urtean, baina horrek ez du geldiarazi.
Psikologia
Joana Jauregizar psikologoa elkarrizketatu dute Berrian. Bertan dio edozein adin eta maila sozioekonomikotako pertsonek izan dezaketela depresioa. Bere taldeak –berarekin batera aritu dira Maite Garaigordobil eta Elena Bernaras irakasleak–haurren depresioari aurre egiteko azterlan bate gin du UPV/EHUn. “Pozik bizi” deitu diote sortu duten programari, irakasleei eta eskolei zuzenduta dagoena, 8-10 urteko haurretan emozioak eta depresio sintomak hobetzeko martxan jarri dutena.
Mikrobiologia
Krisi klimatikoan mikroorganismoek duten papera oso garrantzitsua da zientzialari talde batek azaldu duenez eta horiek alboratzearen arriskuaz mintzatu dira. Gales Berriko Unibertsitateko (Australia) ikertzaile Ricardo Cavicchioli gidatzen ari da ekimena eta berarekin batera, bederatzi herrialdetako beste 32 mikrobiologok sinatu dute agiria. Adituek argudiatu dutenez, goiko mailako bizidun guztiek mikroorganismoen beharra dute. Juanma Gallegok azaltzen du testuan.
Dibulgazioa
50 urte hauetan zehar Zientzia eta Teknologia Fakultatea osatzen duten langileek jarduera ugari egin dituzte, hala nola Olinpiada Zientifikoak, fakultatean ikasi dezaketen Batxilergoko ikasleen artean, hainbat diziplina zientifikori buruzko jakin-nahia pizteko asmoz antolatzen direnak, hain zuzen. Horiei buruzko informazioa artikulu honetan topatuko duzue.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.