Musikaren zientzia (eta III): Kultura eta zientzia

Josu Lopez-Gazpio

Zientzia Kaieran musika izan dugu hizpide eta, azaldu bezala, musikaren eta soinuen atzean zientzia asko dago. Soinuei eta notei buruz aritu gara eta guzti horrek uhinen fisikarekin duen lotura aztertu dugu. Artikulu-sortari amaiera emateko, kulturak soinuen pertzepzioan duen eragina eta armonia zer den aztertuko dugu.

Irudia: Musikaren oinarrian zientzia asko dagoen arren, musikan badaude momentuz erantzun ezin diren zalantzak. (Argazkia: Maret Hosemann – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Soinua uhin mekanikoen hedapena eragiten duen edozein fenomeno da, entzungarria edo entzunezina izan. Soinuak dituen ezaugarrien artean, tonuak soinu jakin baten uhinak eskala batean duen posizioa adierazten du -behe-soinuetatik goi-soinuetara doan eskala-. Eskala horretan, 20 eta 20.000 Hz tartean dauden uhinak entzuteko gai gara eta hori oinarri hartuta antolatu da noten eskala.

Do batetik hurrengo do-ra bibrazioaren maiztasuna bikoizten dela jakinda, zortzidunetan antolatutako zazpi notaz osaturiko eskala erabiltzen da Mendebaldeko herrialdeetan. Soinuaren propietate fisikoak direla-eta, maiztasun bikoitza duten notak aldi berean jotzen direnean sortzen den soinua gustuko dugu, alegia, soinuek kontsonantzia dutela esaten da. Soinuak gustuko izatea edo ez, halere, ez da bakarrik maiztasunetan oinarritzen eta kulturak ere badu eragina.

Musika eta armonia: kulturaren eragina

Sarri askotan musika unibertsala dela pentsatu izan da. Modu batera edo bestera kultura guztietan agertzen da musika eta, modu batera edo bestera, musikak eragina du guregan. Musikari buruzko artikulu-sorta honetan ikusi den bezala, musikak lotura estua du zientziarekin. Musika formalizatu daiteke, arrazionalizatu daiteke eta fisikaren arauen bidez azal daiteke. Musika hainbat osagai fisiko eta neurgarrien bidez deskriba daiteke -soinuaren intentsitatea, tonua, tinbrea eta iraupena-. Uhinen maiztasunaren bidez soinua antolatu dugu notak sortzeko, baina, era berean, musikak badu azaldu ezin den alde irrazionala. Zergatik ditugu gustuko musika mota batzuk? Zergatik dira sinfonia batzuk hain erakargarriak?

Horrela galderen erantzuna kulturak musikan duen eragina da, baina, kulturak musikan duen eragina azaltzea ez da erraza. Soinu edo soinu-konbinaketa batzuk gustuko izatea eta beste batzuk ez kulturala edo biologikoa den erantzuten saiatu dira hainbat ikertzaile. Lehen zailtasuna zer da: ez dago musikaren efektuetatik at dagoen gizarterik, hortaz, ez dago kontrol elementurik. Horren adibide bakarrenetakoa da, halere, Amazonaseko oihanean bizi diren Tsimane indigenak. Musika izan badute, baina, berezitasun garrantzitsua du haien kulturak erabiltzen duen musikak: ez du armoniarik.

Armoniak tonuan jarri gabeko instrumentuek soinu desatseginak sortzea eragiten du eta armoniari esker, era berean, gustuko dugu orkestra baten kontzertua. Armoniak abesti bat bere osotasunean egonkorra izatea egiten du eta, neurri batean, matematikan dago armoniaren azalpena. Azaldu den bezala, soinuak uhinen bibrazio-maiztasunekin lotzen dira. Bi soinu edo gehiago batera entzuten ditugunean, alegia, bibrazio desberdin asko elkartzen direnean, haien elkarrekintza kontsonantea edo disonantea izan daiteke.

Horretarako jakin behar dena zera da: zortzidunen eskala hamabi tonuerditan banatuta dagoenez, zenbait kasutan nota desberdinen -zortzidun berekoak edo ez- arteko maitasunak antzekoak dira edo erlazio sinpleak betetzen dituzte -1/2, 2/3, 3/4 -. Bi noten maiztasunen arteko erlazioa zenbaki sinplea denean, biak batera entzuten direnean gustuko izaten dugu –ikusi honako taula-. Esan behar da, hala ere, kontsonantziaren ideia hori oso sinplista dela eta kasu askotan ez dela baliagarria, esate baterako Blues musika ez genuke gustuko izango teoria honen arabera.

Zentzu horretan, musikaren zati handi bat kultura-eraikuntza da eta guztia ezin da maiztasunen arteko erlazioarekin azaldu. Horrexegatik, armoniaren printzipioak ez dira guztiz unibertsalak Tsimane herriak erakutsi duen moduan. Haien musika monofonikoa da, alegia, tonu bakarraz osatutako abestiak egiten dituzte, abeslari edo instrumentu bakarrarekin interpretatzen direnak. Ondorioz, ez dute armoniarik. Mendebaldeko musikarekin harreman minimoa izan dutenez, haiekin egindako esperimentuek balio handia dute musikaren unibertsaltasuna aztertzeko. Ikerketek erakutsi dutenez, Tsimaneek ez dute ez dute desatsegintzat hartzen disonantzia. Era berean, Mendebaldeko musika entzuteko zenbat eta ohitura gehiago izan kontsonantzia atseginagoa dela adierazten dute hainbat populaziok.Nature aldizkarian argitaratutako ikerketaren ondorioen arabera, emaitzek adierazten dute kontsonantzia atsegina izatearen lotura kulturalagoa dela biologikoagoa baino. Horrexegatik, musika azaldu daiteke fisikaren eta uhinen higiduraren arauak erabiliz, baina, musika bere osotasunean ulertzeko ezinbestekoak da gizarte bakoitzaren kulturak duen ekarpena kontuan hartzea. Zenbaitetan, zientziak dio dena ez dela zientzia.

—————————————————–
Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea, irakaslea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.
—————————————————–

Musikaren zientziari buruzko artikulu-sorta:

  1. Musikaren zientzia (I): Soinua
  2. Musikaren zientzia (II): Musika notak eta bibrazio maiztasunak
  3. Musikaren zientzia (eta III): Kultura eta zientzia

4 iruzkin

Eman iritzia

Musikaren zientzia (I): Soinua - Zientzia Kaiera

[…] Musikaren zientzia (eta III): Kultura eta zientzia […]

Asteon zientzia begi-bistan #262 - Zientzia Kaiera

[…] Josu Lopez-Gazpiok azaldu digun moduan, soinuaren eta musikaren atzean zientzia asko dago. Asteon, kulturak soinuen pertzepzioan duen eragina eta armonia zer den aztertu du. Ideia honi jarraiki, zergatik ditugu gustuko musika mota batzuk? Zergatik dira sinfonia batzuk hain erakargarriak?, galdetzen du egileak. Badu erantzuna ere: kulturak musikan duen eragina omen da gakoa. Armoniak, esaterako, abesti bat bere osotasunean egonkorra izatea egiten du eta, neurri batean, matematikan dago armoniaren azalpena. Ez galdu testuan eman dituen xehetasunak! […]

Musikaren zientzia (eta III): Kultura eta zientzia • ZUZEU

[…] Josu Lopez-Gazpio kimikan doktoreak Zientzia Kaieran. […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>