Asteon zientzia begi-bistan #247

Uxue Razkin

Emakumeak zientzian

Emakume batek irabazi du lehendabiziko aldiz Abel saria, matematiketako sari ospetsua, Nobelaren parekoa. Berrian irakur daitekeen bezala, Karen Keskulla Uhlenbeck du izena irabazleak eta bereziki geometriaren eta matematika fisikoaren arloan ibilia da. Epaileek adierazi dute: “Haren ekarpenek aurrerapauso handiak ekarri dituzte matematiketan igaro 40 urteotan”. Halaber, Norvegiako Zientzien eta Letren Akademiak gaineratu du Uhlenbeck “aitzindaria” izan dela arlo horretan.

Elhuyar aldizkariak ere eman du honen berri. Zehazki, estatubatuarrak Abel saria irabazi du “ekuazio diferentzial partzial geometrikoetan egindako ikerketak” egiteagatik, hala nola, gaugeren teorian eta sistema integragarrietan egindako ekarpenengatik, Akademiak adierazi duen arabera. Texasko Unibertsitatean katedradun emeritua da eta ikertzailea Princetoneko Unibertsitatean eta Ikasketa Aurreratuetako Institutuan ere.

Medikuntza

Juanma Gallego kazetariak argi azaldu du bere testuan: astean zehar izandako lo falta ezin da konpentsatu asteburuan. Boulder-Coloradoko Unibertsitateko (AEB) ikertzaile talde batek loaren banaketari buruzko esperimentua egin du eta hauxe ondorioztatu du: “Gure emaitzetatik iradoki daitekeenez, hain zabalduta dagoen joera hori ez da osasun estrategia egokia: gau eta egun lan egitea, hain zuzen, eta gero lo falta hori asteburuan konpentsatzen saiatzea”. Esperimentua nola egin duten jakiteko, jo ezazue artikulura!

Emakumezkoen lehiaketetan parte-hartzeko testosterona-maila mugatzea erabaki zuen iaz Atletismoko Federazioen Nazioarteko Elkarteak (IAAF). Neurri horrek kritika asko jaso zituen eta orain oinarri zientifikorik ez duela gogorarazi dute Cara Tannenbaum eta Sheree Bekker ikertzaileek eta, era berean, arau horiek bertan behera uzteko eskatu dute. Elhuyar aldizkariak eman dizkigu xehetasunak.

Parkinsonen gaixotasunaren hiru fase ezberdintzeko sistema garatu dute ikerketan Kinect bideo-joko teknologia baliatuta. Ikerketan garatutako sistema gai da hiru faseak ezagutzeko –gaixotasun goiztiarrak, gaixo garatuagoak eta gaixo garatuak–. Ikerketaren helburua izan da parkinson gaixoen ibilera karakterizatzean kinect erabilita garatutako sistemarekin lortutako informazioa baliatuta. Guztira, 30 gaixo hartu dute parte ikerketan, neurologoek parkinson maila diagnostikaturik.

Fisika

Asteon, soinuari buruz gehiago jakiteko aukera eman digu Josu Lopez-Gazpiok. Lehenik eta behin, soinua gerta dadin eta antzeman dezagun, hiru elementu beharrezkoak dira, Lopez Gazpiok azaltzen digunez: soinuaren iturria izango den bibrazioa, bibrazioa hedatzea ahalbidetuko duen ingurunea eta bibrazio hori jaso eta interpretatuko duen hartzailea, esaterako, gure entzumen-aparatua. Horretaz gain, soinuak hiru ezaugarri nagusi ditu –intentsitatea, tonua eta tinbrea– eta horiei esker milaka soinu desberdin bereiz daitezke. Irakur ezazue soinaren ezaugarrien azalpena eta saia zaitez galdera hauei erantzuten: entzun ezin daitezkeen soinuak ba al daude? Eta nola bihurtzen da soinua musika?

Biokimika

Masa-espektometriari buruzko beste kapitulu bat irakurtzeko aukera izango duzue honetan. Kimikarientzat aski ezaguna da teknika, baina esan beharra dago proteinak analizatzeko azken hiru hamarkadetan soilik erabili dela. Jakina da proteinek interesa piztu dutela hasieratik, bizidun ororen oinarrizko molekulak direlako. Ildo horri jarraiki, kontzeptu berri bat agertzen zaigu: proteoma, zelula batek une jakin batean duen proteina-bilduma da. Eta hori analizatzen duen diziplina proteomika da, alegia. Eta zer da zehazki proteomikako laborategi batean egiten dutena? Ez galdu!

Genetika

Aurreko astean ikerketa batek hautsak harrotu zituen: Iberiar penintsularen historia genetikoa aztertu zuten (azken 8.000 urteko historia genomikoa!). Asteon Berriak Iñigo Olalde elkarrizketatu du, Harvardeko Unibertsitatetik ikerketa zuzendu duena. Bertan, Euskal Herriaren eta euskararen historiarako ondorio interesgarriak agertzen dira eta oro har, hipotesi ugari irakurtzeko aukera izango duzue elkarrizketa interesgarri honetan.

–——————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

——————————————————————

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>