Asteon zientzia begi-bistan #253

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

Psikologia

Aurrekoan Josu Lopez Gazpiok kontatu zigun gure bikotekidearen adimena gehiegi balioesteko joera dugula eta txakurrekin berdina egiten omen dugu, hau da, objektiboki dena baino handiagoa dela pentsatzen dugu. Hori argitzeko asmoz, Stephen Lea eta Britta Osthaus ikertzaileek zientzia-literaturaren analisi sakona egin dute. Ondorioei dagokienez, ikerketan ez da adierazten txakurrek aparteko gaitasun bereziak dituztenik antzeko beste espezieekin alderatzen direnean.

Matematika

Alexander von Humboldt ikerketa saria jasoko du Enrique Zuazua matematikariak, hain zuzen, 60.000 euroko diru saria du. Horixe ez da jaso duen bakarra, bere ibilbide osoan zehar 2006an Euskadi ikerkuntza saria jaso zuen, eta 2007an Julio Rey Pastor saria. Mundu mailako ospea du, eta matematikarien nazioarteko biltzarretan parte hartzen du, Berriak kontatu digunez. Datorren ostegunean izango da zeremonia, Berlinen.

Ingurumena

Tokiz, neurriz edo maiztasunez ohikoak ez diren konposatuak hartzen ditugu kutsatzailetzat, hau da konposaturen bat ez dagokion tokian agertzen denean edo haren kontzentrazioa askoz handiagoa denean, edo inoiz baino sarriago agertzeko joera duenean. Nestor Etxebarriak azaltzen digu airean dagoen CO2-a etengabe gora joateak eta ohiko bitarteak gainditzeak kutsatzaile bihurtzen duela. Modu berean, baina eskala mikroskopikoan, zenbait mikroorganismok konposatu toxiko batzuk ekoizten eta sakabanatzen ditu, ingurua kutsatzeko eta konpetentzia murrizteko. Gizartearen erantzukizuna erabatekoa da egon daitezkeen arriskuak moteltzeko edo erabat ezabatzeko.

Hizkuntzalaritza

Marie Pourquiék psikohizkuntzalaritzan ikertzen du. Berak kontatzen duenez, “hizkuntza-patologiak aztertzen ditut, euskaraz duten manifestazioa zehazki, baina baita frantsesez eta gaztelaniaz dutena ere”. Pourquié Euskal Filologia ikasten hasi zen Baionan eta ondoren Gasteizera joan zen. Bertan, afasiaz mintzatu zitzaion irakasle bat eta orduantxe erabaki zuen hori ikasi nahi zuela. Hortaz, Euskal Filologia utzi eta Hizkuntzaren zientziak ikasten hasi zen; bereziki, Psikohizkuntzalaritza. Irakur ezazue osorik artikulua, ez zarete damutuko.

Paleontologia

Denisovatik kanpoko lehen denisovartzat jo dute Tibeteko lautadan aurkitutako fosil bat (masailezur bat). Zehaztu dute fosilak 160.000 urte dituela, eta, haren bidez, baieztatu dute hango biztanleak gizaki modernoa iritsi baino askoz lehenagotik zeudela egokituta garaiera handietara, Elhuyar aldizkariak hemen azaldu digunez. Azterketa morfologikoek, berriz, argi utzi dute ez dela ez Homo erectus ez neandertala; aldiz, parekotasun handiak ditu Denisovako fosilekin. Eta proteomaren analisiak ere denisovarra dela baieztatu du.

Genetika

Ekialde Hurbilean XIII. mendean borrokatu ziren gurutzatuen gorpuzkiei egindako lehen ikerketa genetikoari esker argitu dute gurutzatuak bertako populazioekin ugaldu zirela, baina ez zutela utzi aparteko oinordetza genetikorik. hobian aurkitutako gurutzatu horietatik guztiak ez ziren europar jatorrikoak. bederatzi lagun horietan hiru talde bereizi dituzte. Lau lagun bertokoak ziren, beste hiru europarrak, eta, gainerako biak, europarren eta bertakoen arteko semeak. Ez galdu Juanma Gallego kazetariak ikerketa honi buruz eman dizkigun xehetasunak!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.