Kutsatzaileak

Zientzia eta Teknologiak 50 urte

Kutsatzaileez hitz egiten dugunean gauza bat baino gehiago datozkigu burura eta bat ere ez ona. Egia esan, askok “kutsatzaile” eta “kaltegarri” edo “toxiko” berbak batera erabiltzen ditugu. Ideia hori, aldiz, zehaztu egin beharko genuke, kontua ez baita uste bezain sinplea izaten. Alde batetik, tokiz, neurriz edo maiztasunez ohikoak ez diren konposatuak hartzen ditugu kutsatzailetzat, hau da konposaturen bat ez dagokion tokian agertzen denean edo haren kontzentrazioa askoz handiagoa denean, edo inoiz baino sarriago agertzeko joera duenean.

Irudia: Inguratzen gaituen airean edo gure araztegietako uretan, giza jarduerek sortutako kutsadurak eragin ugari sortzen ditu izaki bizidunetan. Argazkian, Elgoibarreko araztegiaren irteera. (Argazkia: Nestor Etxebarria)

Ildo horretan, beraz, airean dagoen CO2-a etengabe gora joateak eta ohiko bitarteak gainditzeak kutsatzaile bihurtzen du, gaur egun ezagutzen ditugun klimaren xehetasunak aldatzeko gai baita eta espezie askoren bizi-iraupena kolokan jartzen baitu. Modu bertsuan baina eskala mikroskopikoan, zenbait mikroorganismok konposatu toxiko batzuk ekoizten eta sakabanatzen ditu, ingurua kutsatzeko eta konpetentzia murrizteko.

Hori zinez hala izanik ere, gehienok bestelako iritzi bat izaten dugu. Izan ere, kutsatzaile gisa onartzen ditugun konposatuak merkurioa, beruna edo kadmioa dira, askotan metal horien iturriak eta kasu askotan baita haien eragin kaltegarriak ere begi-bistakoak izan baitira.

Agian, apur bat harago joango bagina, DDT, metilmerkurioa edo tributileztainua aipa lezake baten batek, ustezko kutsatzaileak pestizidekin, zenbait arrainekin edo itsasontziekin harremanak izanez gero. Halaber, konposatu horien toxikotasuna eredugarria izaten da eta hori dela eta, konposatu horiek sarri aztertzen ditugu zoruetan, arrainetan edo itsasoko uretan, besteak beste. Izan ere, azterketa horiek zabaldu zirenetik, gero eta kutsatzaile gehiago zeudela konturatzeaz gain, hainbat konposaturen erabilera mugatu edo erabat debekatu dira.

Onartu beharrekoa da egoera ezerosoan gaudela egun. Alde batetik, hedatua daude, itxuraz behintzat, ingurumenari zor diogun zaintza edo begirunea baina beste alde batetik, gero eta nabarmenagoak dira mehatxu berriak, aldez aurretik ezezagunak izan direnak edo aintzat hartu ez direnak. Izan ere, gero eta konposatu kimiko gehiago erabiltzen ditugu noiznahi eta nonahi, eta askotan ez dakigu zer gertatzen zaien konposatu horiei ingurumenean askatzen direnean. Era berean, ez dakigu zeintzuk diren eragin lezaketen kaltea, bereziki epe luzeko ondorioak aintzat hartu nahi badira.

Adibidez, noizbait entzun dugu zenbait plastikotan erabiltzen den bisfenol A delako konposatuaren erabilera murriztu egin dela, diklofenako izeneko analgesikoak arreta piztu duela eta haren presentziaren berri eman behar dugula hainbat tokitan. Era berean, badakigu eragin toxikologiko nabariak dituztela plastikoetan dauden ftalatoek edo hainbat bulego eta etxetako materialetan erabiltzen diren sugarren ateratzaileek.

Horren ondorioz, ez da harritzeko gero eta kezkatuago bizitzea, ez baikara jabetzen aurrean ditugun arriskuez. Are larriago, kontuan hartzen badugu kutsatzaileak ez datozela banaka, gerta liteke bat gehi bat bi baino gehiago izatea, arriskuaz ari bagara behintzat.

Gizartearen erantzukizuna, beraz, erabatekoa da egon daitezkeen arriskuak moteltzeko, edo erabat ezabatzeko. Egia da herri aurreratuenetan dugun bizi-kalitatea oso ona dela baina agian oraindik ez dakigu zein den horren ordaina. Eskuartean ditugun baliabide teknikoei eta ezagutza zientifikoei esker, ingurumeneko kutsatzaileen nondik norakoak eta haien eragin kaltegarriak ulertzeko aukera daukagu eta ezin dugu huts egin, egon daitezkeen kalteak gure ondorengoek jasan egingo baitituzte.


Egileaz: Nestor Etxebarria katedraduna da UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Analitikoa Sailean.


3 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.