Marie Pourquié, neuropsikohizkuntzalaria: “Arlo desberdinetako jendea behar da, eta beste hizkuntzetan egin dena euskaraz ere egitea”

Emakumeak zientzian · Kolaborazioak

Nola iristen da euskal filologiako ikasle bat garuneko patologia jakin batzuk ikertzera? Hainbat bide egon daitezke; Marie Pourquié Bidegainek berea egin du, eta diziplinartekotasuna eta elkarlana zein beharrezkoak eta emankorrak diren erakutsi du.

Hain zuzen, Psikohizkuntzalaritzan ikertzen du: “Bereziki hizkuntza-patologiak aztertzen ditut, euskaraz duten manifestazioa zehazki, baina baita frantsesez eta gaztelaniaz dutena ere. Izan ere, euskaldunak elebidunak dira; hala, hizkuntza bakoitzak dituen berezitasunak aintzat hartzen dira eta elkarren artean konparatzen dira, patologiak aztertzeko eta ebaluazio-tresnak garatzeko”.

Hizkuntza bakoitzak bere egitura duenez, tresnak ere hizkuntza bakoitzaren arabera egitaratu behar direla azaldu du Pourquiék: “Horregatik dira beharrezkoak hizkuntza desberdinetako hizkuntzalariak, eta patologiak hizkuntza horietan ikertu dituzten psikologo edo neurologoak, eta estatistikariak… Arlo desberdinetako jendea behar da, eta beste hizkuntzetan egin dena euskaraz ere egitea”.

Irudia: Marie Pourquié Bidegain neuropsikohizkuntzalaria.

Pourquié Baionan hasi zen ikasten Euskal Filologia. Han bi urtez aritu ondoren, Gasteizera joan zen ikastera, eta hango fakultatean ezagutu zuen Xabier Artiagoitia Beaskoetxea irakaslea. Hark hitz egin zien afasiaz. “Azaldu zigun burmuinaren lesio baten ondorioz gertatzen ziren hizkuntza-arazoak zirela, eta horrek aditzera ematen zuela bazela zerbait burmuinean hizkuntzari dedikatua zena, eta, hori kaltetua denean, hizkuntza kaltetua dela, eta ez beste gaitasunak”. Pourquiék txikitatik ezagutzen zuen “afasia” hitza: aitak izan zuzen, istripu baten ondorioz. Irakasle haren ahotik entzun zuenean, erabaki zuen hura ikertu nahi zuela: “Jakin nahi nuen zergatik kaltetzen den hizkuntza bakarrik, adimen orokorra kaltetua ez denean. Eta argi nuen baita ere hori euskaraz ikertu nahi nuela, euskal gramatikan ere interesa bainuen”.

Filologiatik Neuropsikohizkuntzalaritzara

Orduan hasi zen begiratzen zer zegoen egina Euskal Herrian arlo horretan. “Oso gauza gutxi” aurkitu zituela. “Baina ikusi nuen Frantzian badaudela Sciences du langage izeneko ikasketa batzuk. Interesgarriak iruditu zitzaizkidan, eta Euskal Filologia utzi nuen Hizkuntzaren zientziak ikasteko; bereziki, Psikohizkuntzalaritza, afasia eta hizkuntza-patologia aztertzeko gogoz segitzen bainuen”. Beraz, arlo horretako jendearekin harremanetan jarri zen, adibidez, Itziar Laka Mugarza, UPV/EHUkoa eta Beñat Oihartzabal Bidegorri, Baionakoa, zeinak eginak zituen ikasketa horiek Parisen. Hori jakinik, Pourquiék Parisera joatea erabaki zuen, eta han ezagutu zuen George Rebuschi irakaslea. Zortea izan zuela dio, hizkuntza-gaitasuna aztertu nahi zuelako, euskaraz, eta beldur zen Parisen euskaratik urrunduko zela. Rebuschiri esker, ordea, euskarari buruzko lan bat egiteko aukera izan zuen.

“Ergatiboari buruzko lan bat egin nuen, baina ez zuen oraindik lan egiten patologietan”, gogoratu du. Horretarako, arlo horretako aditu batengana jo zuen: Jean-Luc Nespoulous, Tolosan (Frantzia). “Egia da gizon horrek lan handia egin du afasiaren gainean, eta idatzi egin nion, baina beldurrez, ordura arte Hizkuntzalaritzan aritu bainintzen. Ez nituen Neurozientzietako edo Medikuntzako ikasketak egin… Baina erantzun zidan lasai egoteko, hizkuntzaren patologiak aztertzeko behar dela Hizkuntzalaritzan ere jakintza izan“.

Hala, Tolosan masterra egitea erabaki zuen, eta Nespoulousek proposatu zion aztertzea afasia agramatikoaren manifestazioa euskaraz.: “Asko poztu nintzen, azkenean lortu bainuen nire bi gaiak lotzea: euskararen azterketa eta hizkuntza-patologiena”. Aurrez ez zegoen gauza handirik egina, eta Itziar Laka eta Lore Erriondo Korostolaren artikulu batekin hasi zen; Erriondo izan zen afasia euskaldunengan aztertzeko lehen tresna elebiduna egokitu zuena. Gero, logopeda edo ortofonistekin ere harremanetan jarri zen. Hain zuzen, bere lagun bat, Joana Itzaina Malharin ortofonista da, eta hari esker ezagutu zuen paziente bat. Harekin lan bat egin zuen, eta tesia ere egin zuen.

Aurrera begira

Jarraian, doktoretza-ondokoa egitera joan zen Montrealera (Quebec, Kanada), eta BCBLn ere aritu da (Donostia). Orain Iker zentroan dabil, ikertzaile-lanetan, zenbait ildotan. Euskal Herrian logopedia- edo ortofonia-eskola bat sortu behar ote den aztertzen ari da, ez baitago bat bera ere. Gainera, hizkuntza aztertzeko tresnen garapenean dihardu. Besteak beste tresna bat garatu zuen hiru hizkuntzetan: euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz, hizkuntza arazoak dituzten eta ez duten haurretan eta helduetan hizkuntza aztertzeko.

Horrez gain, Europa mailako proiektu batean dabil Amaia Munarriz Ibarrolarekin (UPV/EHU), afasia euskaraz aztertzeko tresna bati lotuta. Eta azkenik, Marijo Ezeizabarrena Segurola (UPV/EHU) eta iparraldeko ortofonista-talde batekin, proiektu bat du haur euskaldunen hizkuntza-garapen tipikoa ezagutzeko. Azken proiektu horren berezitasun bat nabarmendu du Pourquiék: “Ikerketa parte-hartzailea da, eta egiten dugu lan jendearekin, eta test hau ko-eraikitzen dugu ortofonistekin, elkarlanean”. Ikasteari ez dio utzi. Esaterako, Ikergazte kongresuan hitzaldi eta tailer banatara joateko asmoa du, biak ere oso gai desberdinei buruzkoak: medikuntza eta hizkuntzarekin lotua bata, eta egile eskubideez bestea. Oraingoan ere, argi du guztiz baliagarria dela diziplina desberdinak elkartzea.

Fitxa biografikoa

Marie Pourquié Bidegain Baionan jaioa, 1982an. Euskal filologia lizentziatura (Baionan eta Gasteizen) eta Hizkuntzaren Zientziak lizentziatura eta Masterra (Parisen) egin zituen. Gero, neuropsikohizkuntzalaritzan eta afasiologian espezializatu zen, ikerketa-masterra eta doktoretza eginda Le Mirail Unibertsitatean (Tolosa, Frantzia). Ondotik, doktoretza-ondokoa egin du Montrealeko ortofonia-eskolan eta BCBL ikerketa-zentroetan. Gaur egun, ikertzaile dihardu Iker zentroan, eta Euskal Herriko, Europako eta Europaz kanpoko beste erakunde eta talderen proiektuetan ere parte hartzen du.


Egileaz: Ana Galarraga Aiestaran (@Anagalarraga1) zientzia-komunikatzailea da etaElhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariko erredaktorea.


Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.