Zer da afasia?

Lore Erriondo

Denok erabiltzen dugu hizkuntza, eta hizkuntzaren osagaien artean baditugu mintzatzea, hitz egokiak erabiltzea, ulertzea, irakurtzea, idaztea eta keinuak egitea. Burmuineko lesio baten ondorioz, hizkuntzaren osagai bat ala bestea kaltetua gertatzen denean, gaixoak afasia duela diogu.
zer da afasia?

1. irudia: Afasiak, traumatismo edo shock baten ondorioz mintzaira edota hizkuntza idatziaren galera izendatzen du.

Zer da afasia?

A– aurrizkiak gabe esan nahi du, eta afasia izenak aldiz mintzatu. Hau da, gaixoak ezin du hizkuntzaren bidez nahi duena adierazi. Alegia, garunean jasandako kalteak eraginda, ezin dugu hitz egin (baina ez dugu inolako kalterik jasan ez ahoan, ez mingainean, ez aho-kordetan, ez muskuluetan).

Beste batzuetan ezin dugu guk nahi duguna adierazi baina ez dugu arrazoimena kaltetuta; hau da, badakigu zer esan nahi dugun baina ez dugu lortzen gogoan argi dugun hori ahoskatzea. Edota,ez ditugu hitz egokiak topatzen eta inguru-minguruka gabiltza etortzen ez zaizkigun hitz horien bitartez adierazi nahi genukeena azaldu nahirik. Besteetan, dagoeneko ez dugu esaten zaiguna ulertzen, izan ere, iruditzen zaigu hizkuntza ezezagun batean ari zaizkigula, edo asko hitz egiten dugu baina diogun horrek ez du inolako zentzurik… . Alegia, afasia mota ugari daude, baina… guzti-guztiak dira ikaragarriak haietako bat pairatu behar duenarentzat.

Esan dugun bezala, afasia, ondorio bat da; hots, garuna kaltetu duen zerbait jazo da: istripua, kolpea, ebakuntza, iktus bat, garun-infarto bat, burmuineko odol-jarioa edo istripu zerebro-baskularra… . Hizkuntzaren prozesamendua, adimena edo beste ahalmen bat, garunaren toki horretan kokatuta dago, eta horregatik agertzen dira nahaste edo ezintasun horiek. Horrek ez du esan nahi gizakiak burmuina erabat galdu duenik, baina ingurukoek gaixoak burua galdu duela pentsatu ohi dute, gertaeren azalpena inork eman ez badie ere.

afasia 1

2. irudia: Gehienetan, garunean hizkuntzari dagokion guneei egiten dio kalte afasiak. Besteak beste, Broca guneari eta Wernicke guneari ere.

Irudika ezazue une batez, honako hau esaten entzuten diozuela zuen amari:

“No, no, seittun seittun, itzi ta pa ta ta ta seittun, jo, bai bai. Ba ba dena ta…”

Jo ta seko harrituta geldituko ginateke, egia? Edo aitona entzuten dugula honakoa esaten:

“…gabian geyena, gabian, gabian geyena bai zeak itten, este, txe, txi, ixentra, zuluak itten bestientzako gabez, ta bestiak nola esaten da oik, este, trintxe, trintxeras. Oyek itten aitze giñen, ta ola, ta gero denboakin, ba eztakit zenbat denbora, zea etorri zian atzea askatasuna beste aldea pasatzeko bai ta zea, denbora iñ arte, osea, beste guziyak etorri zian,…, este etorri zanian zea, nola iza izatea zea zentzi ya, lizentziya eta ya etxea geo…”

(Pasarte hauek benetakoak dira, “Afasiko elebidunen hizkuntz trebetasunen azterketa” doktorego-tesirako, ikerketan afasiak jotako kideekin egindako elkarrizketetan jasoak.)

Eta gainera ikusten dugu hizketan ari den bitartean bere buruarekin haserretzen dela, ohartzen delako ezin duela gogoan duen hori behar bezala adierazi, ez dituela hitzak topatzen, oso garbi duela buruan baina gero buruak ez diola jaramonik egiten… . Okerragoa ere gerta liteke, ez izatea ezer esateko gauza, mutu izango balitz bezala baina ahotsa galdu gabe… . Tamalezkoa benetan gertatzen zaionarentzat eta inguruko guztientzat; izan ere, komunikazioa da horren bitartez hondatzen dena, gizakien arteko tratua alegia; izan ere, hori da hizkuntza, norbere buruarekin eta gainerakoekin hartu-emanak izateko tresna, gainerakoak ulertzeko eta gu ulertarazteko….

Batzuetan, sendatu egiten da edota hobera egiten du, baina besteetan ezinezkoa da sendabidea; eta hau guztia, kaltetutako garunaren zonaldearen arabera, jasandako kaltearen intentsitatearen arabera, adinaren arabera, jarreraren arabera,… . Zenbat eta lehenago hasi hizkuntzaren berreskuratze lanean, are eta aukera gehiago daude ahalmenak berreskuratzeko, baina oso garrantzitsua da ingurua eta jarduna. Lanketa logopedikoa oso garrantzitsua da hizkuntza berreskuratzeko, euskara berreskuratzeko.

Lehentxoago aipatu tesiak, elebidunen/eleaniztunen afasia aztertzea zuen helburu, eta horretarako Henry Hécaen eta Michel Paradisek elkarlanean BAT (Bilingual Aphasia Test) tresna sortu eta guk egokitu genuen euskarara EAT (Elebidunentzako Afasia Testa) tresna.

Proba hau, gaixoak ezagutzen dituen hizkuntza guztietan egin behar da. Euskaldunen kasuan, euskarazko bertsioaz gainera honako hizkuntza bikoteentzako bertsioak ditugu egokituta: euskara/gaztelera; euskara/frantsesa; euskara/ingelesa.

afasia 2

3. irudia: Bilingual Aphasia Test. (FREE)

Ikerketa

Guk 59 lagun aztertu genituen, elebidunak guztiak, euskara eta gazteleraren jabe. Jatorrizko hizkuntza euskara zuten ia guztiek baina gazteleraz alfabetatuak izan ziren, gazteleraz eskolatu zirelako guztiak. Oinarrizko ikasketa maila zuten (7 urte eman zituzten eskolan batez beste); haien kultur hizkuntza beraz, gaztelera zen. Beraien ezaugarriak direla eta, gehienak gizonezkoak ziren (%71), batez beste 62 urte zituzten, gipuzkoarrak gehienak (%75,86), euskaldunak jatorriz (%93,2) eta euskara eta gaztelera erabiltzen zituzten egunero. Gehienak sorburu kardiobaskularreko gaitzak jota izan ziren (%95,6), ezkerreko hemisferioa izan zuten kaltetuta (%85) eta afasia mota diagnostikatua zutenen artean, kopuru berean Broca afasia, Wernicke afasia eta erabateko afasia diagnostikatu zitzaien.

Gure ikerketa honek helburu modura hartu zituen, mintzairaren garun-antolaketa, elebakarren eta eleaniztunen arteko desberdintasun eta ezaugarriak, hizkuntzen berreskurapena eta antzerako gaiak.

——————————————————————-

Egileaz: Lore Erriondo UPV/EHUko Pedagogiako irakaslea da eta Hezkuntzaren Teoria eta Historia saileko ikertzailea.

——————————————————————-

3 iruzkin

Eman iritzia

Cuando la ciencia es zientzia #10 | Cuando la ciencia es Zientzia | Cuaderno de Cultura Ci...

[…] buscarlas en nuestro archivo interno y no conseguir que fluyan. Seguramente, eso se deba a la afasia que […]

Afasia, hizkuntzaren antolaketarako erakusleiho - Zientzia Kaiera

[…] Afasiaren ondorioz, hizkuntza-erabilerari dagozkion askotariko arazoak ager daitezke, hala nola hitzak, hotsak edota esaldiak ekoizteko edota ulertzeko zailtasuna edo hizkuntzak bereiz mantentzeko ezintasuna elebidunengan. Arazo horiek ahozko edota idatzizko modalitateetan azalera daitezke, eta ahozko hizkuntzen hiztunengan bezala zeinu-hizkuntzen hiztunengan ere agertzen dira. Horrek guztiak erakusten du afasiak hizkuntzaren prozesamenduaz arduratzen diren burmuineko eremu/prozesuei eragiten diela. […]

Marie Pourquié, neuropsikohizkuntzalaria: "Arlo desberdinetako jendea behar da, eta ...

[…] eta hango fakultatean ezagutu zuen Xabier Artiagoitia Beaskoetxea irakaslea. Hark hitz egin zien afasiaz. “Azaldu zigun burmuinaren lesio baten ondorioz gertatzen ziren hizkuntza-arazoak zirela, eta […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>