Hitz ñimiñoen kasu harrigarria

Itziar Laka

Irakurtzen jarraitu aurretik, esan itzazu zazpi bat hitz ozenki.

Zein izan dira zazpi hitz horiek? Postura egingo nuke izenak, adjektiboak eta beharbada aditz izenen bat esan dituzula. Honelako zerbait: etxea, liburua, mahaia, gorria, jan, edan, ogia. Izan ere, hitzetan pentsatzeko eskatzen digutenean gogora ekartzen ditugun hitzak horrelakoak izan ohi dira, inork ez du honelako zerrenda bat egiten: ez, hau, nor, gabe, da, dut, nau. Baina hitz ñimiño ahaztu hauek eraikitzen dute gure hizkuntza, gure gramatika. Gaurkoan, hitz ñimiñoen kasu harrigarria ekarri nahi dizuet gogora. Sekula ahantzi behar ez ditugun hitz ñimiño guztiz funtsezkoak.

Hasi gaitezen jolas txiki batekin: hemen duzun ingelesezko testua ahalik azkarren irakurri, eta esan ezazu zenbat ‘f’ letra dauden hor:

Finished files are the results of years of scientific study combined with the experience of years.

Zenbat daude? (Eman ezazu erantzun hau tranparik egin gabe, hau da, goiko hitzak berriz irakurri gabe). Ingelesdun gehienek ez dute hiru ‘f’ baino gehiago ikusten, batzuek lau ikusten dituzte, baina oso gutxik antzematen dituzte testu horretan ageri diren SEI ‘f’ letrak. Zergatik? Ez dutelako hiru aldiz errepikatzen den of hitz ñimiñoaren ‘f’ letra ikusten, hara. Zuen ingeles maila altua bada, litekeena da zuek ere hiruzpalau ‘f’ baino ikusi ez izana, baina zuen maila baxua bada, litekeena da diren seiak ikustea, zuentzat hitz guztiak maila berean daudelako, denak arrotz.

Ikus ezazu orain hitz-diagrama eder hau:

hitz ñimiñoak 1

Hitz dentsitate-diagrama honek Wikipedia osoan agertzen diren ingelesezko hitzen maiztasunak ageri dizkigu, hitzaren tamaina maiztasunaren araberakoa da. Baina diagrama honek ez du egia osoa islatzen. Izan ere, hemen mintzagai darabiltzagun hitz ñimiñoak nahita baztertuta egin da. Ikus dezagun zer itxura duen hitz dentsitate-diagrama berberak, Wikipedian agertzen diren ingelesezko hitz guztiak sartzen ditugunean, hitz potoloak eta hitz ñimiñoak, denak elkarrekin:

hitz ñimiñoak 2

Guztiz bestelakoa, behin hitz ñimiño ahaztuak kontuan izanik. Horra, ingelesez maizen erabiltzen diren hitzak. Ez dago izen bat, ez adjektibo bat, ez eta aditz izen bat ere. Baina eskumatara, horiz, gorago aipatu dugun of ñimiñoa ageri da, erraldoi eginik. Hemen ingelesaren datuekin erakutsi dudan hau hizkuntza guztietan gertatzen da. Gizakion hizkuntzaren ezaugarri bat da hau, ez hizkuntza jakin batzuena soilik.

Izan ere, gizaki guztiok ikasten dugu hitz ñimiñoak erabiltzen, baina ez dago gizakia ez den organismo bat ere hitz ñimiñoak antzemateko gai denik. Gizakiok jaio orduko hasten gara hitz ñimiñoak bilatzen, erabiltzen, ulertzen. Animalia batzuek, ikas dezakete (egoera oso berezietan, baina ikas dezakete) gure hizkuntzak dituen hitz potolo gutxi batzuk bada ere bereizten, haien esanahia nolabait antzematen. Literatura zientifikoan erakusten denez, txinpantzeak gai dira, gizakien artean hazi baldin badira, hitz potolo batzuk bereizteko. Era bertsuan, artzain txakurrek hitz mordoak bereizten dituzte, baina denak hitz potoloak. Loroen artean ere badakigu sikiera batek, Alex izena zuen loro ezagunak, bazekiela hainbat hitz (potolo) bereizten. Baina hauetarik denetatik batek ere ez zuen sekula ikasi da bezalako hitzik erabiltzen, izan ere gure ume txiki batek urtea bete baino lehen ikasi ohi duen hitza.

Hitz ñimiñoek sortzen dute gramatika, hizkuntzaren egitura. Hitz ñimiñoak hain dira ñimiño, batzuetan hitz potoloei itsatsita idazten ditugu, orrian beren leku propioa izateko adina mailarik ez balute legez. Horregatik, hizkuntza batean hitz bezala banatuta idazten dena, ondokoan lotuta ager daiteke:

  • (1) a. Klararen katua O’Malley da
  • (1) b. El gato de Klara es O’Malley

Adibide hauetan, euskarazko perpausak lau hitz ortografiko ditu, gaztelaniazkoak sei. Klara izena bietan ageri da, baina euskaraz atzizki bezala itsatsita ageri dena (ren), gaztelaniaz banaturik ageri da (de). Hitz ñimiñoak hain dira ñimiño, batzuetan hitz potoloari itsatsita ezkutatu egiten dira. Hitz ñimiñoak laburrak izan ohi dira, azenturik gabeak, inoiz isilak izatera hel daitezke (baina hori beste egun batean kontatuko dugu).

Hizkuntza-patologia ezagun bat bada, agramatismo izenekoa. Gaixotasunaren izenak berak dioenez, gramatikarik gabe gelditzen gara afasia mota honek jotzen bagaitu. Agramatismoa pairatzen duen pertsona batek ezin ditu hitz ñimiñoak ikusi, antzeman, erabili. Hitz ñimiñoei itsu gelditu da, hitz potoloak baino ez ditu sumatzen, eta hitz potoloak bakarrik erabilita, kontuak asko aldatzen dira. Har itzazu ondoko irudi bi horiek:

hitz ñimiñoak 3

Eta orain irakur itzazu perpaus hauek:

  • (2) a. txakurrak katua ikusten du
  • (2) b. katua txakurrak ikusten du
  • (2) c. katuak txakurra ikusten du
  • (2) d. txakurra katuak ikusten du

Zein irudi dagokio perpaus bakoitzak adierazten duen egoerari? Ez da ariketa zaila, ezta? Ezkerreko irudiarekin doaz (2a,b) perpausak, eta (2c,d) perpausak, ordea, ezkerrekoarekin doaz. Denak gatoz bat, eta ez da zaila.

Baina agramatismoa duen gaixo batek ez ditu kontuak hain erraz ikusten.

Galdera bera egiten badiogu, zailtasun handiz erantzungo du, eta ziurrenik, emango digun erantzuna hau izango da (nahiz bestelakoak ere eman ditzakeen, eta ez hitzetan, hitz egitea asko kostatuko baitzaio, erantzuna atzamarrarekin eman diezaguke, adibidez): ezkerreko irudiarekin doaz (2a,d), eskuinekoarekin (2b,c).

Agramatismoa jota dagoenak ez daki zein den perpausen arteko aldea. Ez ditu hitz ñimiñoak ikusten eta ezin jakin nork ikusten duen nor…

Hitz ñimiñoek eusten diote hizkuntzaren egiturari, eta horiek egon ezean, ez dago egiturarik. Giza hizkuntzak badu diseinu orokor bat, hitz ñimiñoak hitz potoloekin tartekatzekoa. Ikusi adibidez ondoko esapide bi hauek:

  • (3) a. [he[visto[la[casa[de [el [chico] ]]]]]]
  • (3) b. [[[[[mutil] a] ren] etxe] a] ikusi] dut]

Bai gaztelaniaz zein euskaraz, beltzatuak ditugun hitz ñimiñoak (Ñ) beste hitz potoloekin (P) tartekatzen dira. Hizkuntza batzuetan, hala nola gaztelaniaz, osagai bakoitzeko Ñ+P sekuentziak sortzen dira [el+chico], eta beste batzuetan, hala nola euskaraz, P+Ñ sekuentziak [mutil+a]. Lehenengo aukera egiten duten hizkuntzei VO deritze, eta bigarrena egiten dutenei OV. Ezagutzen ditugun hizkuntzetan, gutxi gorabehera erdiak lehenengo aukera egiten du eta beste erdiak bigarrena, mapa honetan ikus daitekeenez:

hitz ñimiñoak 5

Hitz ñimiñoek zarata gutxi egiten dute, inoiz hitz potoloei itsatsita datoz, ezkutuan. Baina hitz ñimiñoei esker dugu hizkuntza, hizkuntza hitz ñimiñoetan gordetzen da.

———————————————————————————-

Egileaz:Itziar Laka (@laka_itziar) Hizkuntzalaritzako katedraduna da EHUn, eta Jakiundeko kidea.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>