Elebidunak azkar aukeratzen ohituta gaude

Amaia Portugal

AEBtako Northwestern Unibertsitatean egindako ikerketa baten arabera, bi hizkuntzaren jabe izateak baliabide hobeak ematen dizkio garunari informazioa prozesatzeko. Guztira 35 boluntariok hartu dute parte lan honetan, eta haien burmuineko fluxuen mugimenduei erreparatu zaie emaitzak lortzeko.

Hizkuntza bat baino gehiagoren jabe izatea aberasgarria da berez, jakintza eta kultura aberasgarriak diren heinean. Baina ikertzaileak aspaldi hasi ziren eleaniztasunaren beste onura batzuen bila, neurozientziaren ikuspuntutik. Adibide bat ematearren, Donostiako BCBL zentroan uste dute bi hizkuntza menperatzeak alzheimerra eta beste zenbait gaitzen garapena atzeratu dezakeela, eta ikerlerro bat dute gai horren inguruan.

AEBtako Northwestern Unibertsitatean balizko beste abantaila bat aurkitu diote garun elebiduna izateari. Brain and Language aldizkarian argitaratu duten artikulu baten arabera, buruan hizkuntza bat baino gehiago dutenek baliabide hobeak dituzte informazioa prozesatzeko. Izan ere, uneoro hizkuntza bat aukeratu eta bestea gordetzeko erabakia hartu behar izaten dutenez, garatuago dute une bakoitzean sobera duten hitza baztertzeko ahalmena. “Semaforo bat bezalakoa da. Elebidunak beti ari dira hizkuntza bati argi berdea eta besteari gorria ematen. Uneoro hori egin beharrean zabiltzanean, behar ez dituzun hitzak inhibitzeko trebezia garatzen duzu”, azaldu du Viorica Marian artikuluaren egile nagusiak.

1. irudia: Elebidunen garunak semaforo baten moduan jokatzen du. (Argazkia: Toms Bauģis / CC BY 2.0)

1. irudia: Elebidunen garunak semaforo baten moduan jokatzen du.
(Argazkia: Toms Bauģis / CC BY 2.0)

Lehenbizikoz fMRI teknika baliatu dute hipotesi hori egiaztatzeko; erresonantzia magnetiko funtzionalaren irudiak, alegia. Metodo honen bidez, ikerketan boluntario diren pertsonen garunetan ematen den odol fluxuari erreparatzen zaio, jarduera kognitibo bat egiten duten bitartean. Ikergai den burmuineko erregioan oxigeno eta odolaren zenbat eta fluxu handiagoa egon, orduan eta gogorrago ari da lanean.

Gaztelaniaz eta ingelesez elebidunak diren 17 lagunek eta ingelesezko elebakarrak diren beste 18 boluntariok hartu dute parte ikerketa honetan, eta zenbait ariketa kognitibo egin bitartean, haien garuneko fluxuak alderatu zituzten.

Zehazki, hizkuntza ulermen ariketak egin zituzten boluntarioek. Hitz bat entzutearekin batera, lau objekturen argazkiak erakutsi zizkieten parte hartzaileoi. Adibidez, “cloud” (laino) hitza entzun ondotik, lau argazki ageri zitzaizkien; horietako bat laino batena zen hain zuzen, eta beste bat pailazo batena, ingelesezko “cloud” eta “clown” (pailazo) hitzek antza dutelako.

Boluntarioek hitz zuzena irudikatzen zuen argazkia aukeratu behar zuten. Ariketa erraza, jakina, baina fMRI teknikaren bidez ikertzaileek aztertu zezaketen zer gertatzen ari zen haien garunean erantzun zuzena eman arteko denbora tarte txiki horretan. “Elebakarrek aktibazio handiagoa zuten inhibizioaren kontrolerako garunaren erregioetan; elebidunek baino gogorrago egin behar izan zuten lan”, esan du Marianek. Horrek esan nahi du elebidunek errazago egiten dutela iragazki lana, haien garuna ohituta dagoelako bi hizkuntza kontrolatzen eta une bakoitzean beharrezkoak ez zaizkion hitzak baztertzen.

2. irudia: Badaude aldeak elebidunen eta elebakarren garunen artean. (Argazkia: Allan Ajifo / CC BY 2.0)

2. irudia: Badaude aldeak elebidunen eta elebakarren garunen artean.
(Argazkia: Allan Ajifo / CC BY 2.0)

Ikertzaile honek garunaren odol fluxuekin egin duen lehen lana da honakoa, baina lehen ere aztertu izan ditu elebidunen eta elebakarren arteko desberdintasun neuronalak, begien mugimenduari erreparatuta. Hala, elebidunen kasuan bi hizkuntzen arteko elkar aktibatzeak gertatzen direla ikusi izan du. Esaterako, ingelesez eta errusieraz elebidunak diren pertsonekin. Kasu horretan, ingelesezko “marker” hitza entzunda eta aurrez aurrez zigilu bat erakutsita, boluntario horiek begi mugimenduak egiten zituzten. Izan ere, errusieraz “marka” deitzen diote zigiluari, eta ingelesezko “marker” hitzaren oso antzekoa da, horrenbestez.

Marianek adierazi bezala, “bigarren hizkuntza bat erabiltzeak esan nahi du garunak ariketak egin behar dituela uneoro. Orduan, ez duzu berebiziko ahaleginik egin behar puzzle bat osatzeko, burmuina lehendik ere etengabe ari baita bi hizkuntzaren artean malabarismoak egiten”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Marian Viorica et al. (2014) Differential recruitment of executive control regions during phonological competition in monolinguals and bilinguals. Brain and Language. doi: doi:10.1016/j.bandl.2014.10.005

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>