Disfuntzio neurologikoa oinarrian duen gaitza, dislexia

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Irakurtzen ikasteko zailtasunak dituzte haur dislexioek, izan ere, dislexia duten haurrei asko kostatzen zaie hitz idatziei antzematea. Dislexiak ez du sendabiderik, baina tratamendu egoki eta goiztiar batek nabarmen hobetu dezake asaldura pairatzen dutenen irakurtzeko eta ulertzeko gaitasuna. Disfuntzio hau ikusmeneko arazotzat jo izan da, baina azken ikerketen arabera, bestelakoa da dislexiaren jatorria.

Ibone Saralegui neuroerradiologoaren ikerketa-lanaren emaitzek ondorioztatu dute, begiaren mugikortasun-asaldurek ez dutela zuzeneko eraginik dislexian. Hau da, batik bat, disfuntzio neurologikoa da dislexia, ez ikusmenekoa.

dislexia1

“Irakurtzeko ahalmena berenganatzeko haur batzuek duten zailtasunari deitzen zaio dislexia. Zailtasun hori dela eta, haurrek ezin izaten dituzte normaltasunez eskuratu idazketarekin lotutako ikaskuntzak, edonolakoak dituztela ere gainerako gaitasun kognitiboak (adimena, arrazoimena, oroimena…)”, azaldu du bere tesian Ibone Saralegui medikuak. Ikusmeneko arazotzat jo izan da dislexia, baina, azken ikerketen arabera, bestelakoa da asalduraren jatorria.

Ibone Saralegui Prieto, Medikuntzan eta Kirurgian lizentziatua da (UPV/EHU), eta neurorradiologoa. Galdakaoko Ospitalean egiten du lan, OSATEKen. Ospitale horretako 3T taldeko ikertzailea da, eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko oftalmologia pediatriko sailaren eta Deustuko Unibertsitateko deustoTECH Life (eVIDA)-ren laguntzarekin burutu du ‘Análisis mediante resonancia magnética funcional de las redes neuronales para la lectura en niños con dislexia’ tesia.

Erresonantzia magnetiko funtzionalaren bidez (fMRI), aldez aurretik berariazko tratamendurik jaso gabeko haur dislexikoetan, irakurketarekin lotutako neurona-sarea aztertu zuen Saraleguik, Ricardo Martínez oftalmologoarekin batera. Ikerketaren emaitzek erakusten dutenez, desberdina da dislexia duten irakurleen irakurketarako neurona-sarea, normal irakurtzen dutenena eta begietan mugikortasun-asaldurak dituztenena ez bezalakoa.

Ikertzaileak dioenez, eragile bat baino gehiago ditu, seguruenik, dislexiak. “Nolanahi ere, haurren irakurketarako bide fonologikoko asaldura bat da dislexiaren eragile nagusietako bat. Jakina, haur horiei aplikatu beharreko terapiarekin lotura estua du horrek. Ikusmenerako eta entzumenerako terapiak, adibidez, ez dira egokiak haur horientzat”, dio tesiaren egileak. Saraleguik dioenez, “dislexia ez da sendatzen. Guraso asko joaten dira oftalmologoaren edo logopedaren kontsultara tratamendu on bat aplikatuta semeak edo alabak dislexiko izateari utziko diola sinetsita. Baina dislexikoak (haurrak zein helduak) beti izango dira dislexiko. Dena dela, tratamendu egoki bat garaiz aplikatuz gero, nabarmen hobetu daiteke dislexikoen irakurtzeko eta ulertzeko gaitasuna”.

Hizkuntzaren arabera dislexikoen portzentaje desberdina

Ikerketaren arabera askoz handiagoa da dislexikoen portzentajea hizkuntza opakuen hiztunen artean (ingelesa, frantsesa…). Opaku deitzen zaien hizkuntzetan letra bakoitzari ez dagokiolako beti fonema bera, eta multzo honetan sartzen dira, adibidez, ingelesa eta frantsesa. Horiei kontrajarrita, besteak beste, euskara eta gaztelania hizkuntza gardenak dira, irakurri eta esan berdintsu egiten baitira beti. Hizkuntza opakuetan fonema bat baino gehiago ikasi behar dira grafema bat ahoskatzeko eta horrek eragina du. “Horregatik, hizkuntza gardenetan baino ia bi aldiz dislexiko gehiago dago hizkuntza opakuetan. Eragin txikiagoa du dislexiak hizkuntza garden eta erdigardenen hiztunen artean, eta geroago agertzen da. Dena dela, ulermen-arazoak izaten dituzte horiek ere”, azaldu du Ibone Saralegui ikertzaileak.

Erreferentzia bibliografikoak

  • Differences in effective connectivity between children with dyslexia, monocular vision and typically developing readers: A DTI study. B. Garcia-Zapiraina, Y. Garcia-Chimenoa, I. Saralegui, B. Fernandez-Ruanova, R. Martinez. Biomedical Signal Processing and Control. 2016; 23: 19-27
  • Reading networks in children with dyslexia compared to children with ocular motility disturbances revealed by fMRI. I. Saralegui, JM Ontañón, B. Fernández-Ruanova, B. García-Zapirain, A. Basterra, E. Sanz-Arigita. Front Hum Neurosci. 2014; 8 (936): 1-15.
  • Automatic classification of dyslexic children by applying Machine Learning to fMRI images. Y. García Chimeno, B. Garcia-Zapirain, I. Saralegui, B. Fernández-Ruanova. Bio-Med Mater Eng. 2014; 24(6): 2995-3002.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Asaldu neurologikoa da, batik bat, dislexia, ez ikusmenekoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.