Zientzia trago artean

Dibulgazioa · Kolaborazioak

Egunotan Pint of Science ekimena dago martxan Donostia eta Iruñeko zenbait tabernatan. Astelehenean, esaterako, irakurketa prozesuaz eta garunaren plastikotasunaz jardun zuten Clara Martin eta Marie Lallier BCBLko ikertzaileek, entzuleek garagardoak edan bitartean.

Astelehenak egun lasaiak izan ohi dira Donostiako tabernetan; askok huraxe izaten dute asteko atseden eguna, ziurrenik irekita ere bezero gutxi izango dutelakoan. Horregatik, pasa den astelehenean Bengoetxea kaleko kafetegi ezagun baten aurretik igaro zen edonork jakin-minez begiratzen zuen barrura, bertan bilduta zegoen jendetza ikusirik. Garagardoa eskuetan bai, baina bezeroak ez ziren elkarren artean hizketan ari, denak alde berera begira baizik, kontzertu bat izango balitz bezala.

Musikarik ez zen, ordea: proiektore batek irudikatutako garunak, letrak eta bestelako argazkiak, ez besterik. Eta bi ikertzaile: BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language) zentroko Clara Martin eta Marie Lallier, irakurketa eta garunaren plastikotasuna hizpide. Egunotan Pint of Science hitzaldiak egiten ari dira besteak beste Donostia eta Iruñeko zenbait tabernatan, eta ekimen horren parte izan zen BCBLko bi kideok astelehenean eman zuten hitzaldia.

“Jaiotzerako, haurrak prest daude lengoaiarako. Baina irakurketa eta idazketarekin kontrakoa gertatzen da, hartu egiten den ahalmena baita. Dena dela, jaiotzatikoa ez bada ere, irakurketari zonalde zehatz bat dagokio garunean, hitzen tratamenduan espezializatua dagoena”, hala azaldu zuen Martinek, irakurketa eta elebitasunaz eskaini zuen hizketaldian.

Grafema fonema bihurtzea da irakurketaren funtsa, eta bi bide daude hori egiteko: zuzena edo zeharkakoa. Irakurketa zuzena egiten dugu, adibidez, lehendik ezagutzen dugun hitz bat irakurtzen dugunean: gure garunean grabatuta dago aurrez, gure “hiztegi mentalean”, eta hura berreskuratu baino ez dugu egin behar hitza irakurtzeko. Zeharkakoa da, aldiz, haurrek irakurtzen ikasten ari direnean edo guk geuk guretzat berria den hitz batekin topo egiten dugunean baliatzen dugun bidea: ez dugu grafema multzo hori identifikatzen, ez dago gure oroimenean, eta beraz, grafema fonema bihurtzeko ariketa une horretan bertan egin behar dugu.

1. irudia: Pint of Science ekimenaren logoa.
1. irudia: Pint of Science ekimenaren logoa.

Esaterako, hizkuntza opaku deiturikoetan, irakurketa zuzena baino ez da baliagarria; egoki irakurri nahi bada, behintzat. Multzo honetan sartzen dira, adibidez, ingelesa eta frantsesa, eta hala deitzen zaie letra bakoitzari ez dagokiolako beti fonema bera. Horiei kontrajarrita, besteak beste euskara eta gaztelania hizkuntza gardenak dira, irakurri eta esan berdintsu egiten baitira beti. Horregatik, euskaldun batek lehenbizikoz ingelesezko pint hitza irakurtzen duenean ez du asmatuko ondo esaten. Bere garunean grabatu behar du hitz zehatz hori /ˈpnt/ esaten dela, hurrengoan ikusten duenean, irakurketa zuzenaren bidez, bere memoriatik berreskuratu eta zuzen esateko.

Irakurketa garunaren zer zatiri lotzen zaion aztertzen du Martinek BCBLn, eta besteak beste erresonantziak egiten dira horretarako, garunaren irakurketa sarea nondik nora doan ikusteko. Hain zuzen, ikertzaile honek hitzaldian azaldu bezala, irakurgai den hizkuntza opakua izan edo ez, sarea zertxobait aldatzen dela ikusi dute ikertzaileek. Hala, hizkuntza gardenen sarea garunaren goialdetik zabaltzen da gehiago, eta opakuena azpialdetik.

Era berean, elebidunei aktibatzen zaien irakurketa sarea elebakarrena baino zabalagoa da. Eta ez hori bakarrik, aktibazioa ez baita berbera irakurlea elebidun goiztiarra edo berantiarra izan. Bigarren hizkuntza lehena baino nabarmen beranduago ikasi badu, batean edo bestean irakurtzean pizten zaion sarea zertxobait bereizten da, hizkuntza bakoitzarekin egin behar duen ahalegin mentala ere ez baita berbera.

Kontuak kontu, irakurketaren aurrean garunak duen plastikotasuna erakusten du honek guztiak; jaiotzatikoa ez den ahalmen bati txoko propio eta zehatz bat egin dio burmuinak. “Garuna plastikoa da. Aldatu egiten da, eta oso azkar gainera, irakurketa ahalmena aktibatzen den unetik aurrera”, nabarmendu zuen Martinek.

2. irudia: Entzuleek oso adi entzun zituzten Martin eta Lallierren azalpenak. (Argazkia: Amaia Portugal)
2. irudia: Entzuleek oso adi entzun zituzten Martin eta Lallierren azalpenak. (Argazkia: Amaia Portugal)

Asteleheneko saioko bigarren hizlariak, Marie Lallierrek, irakurketarekin lotura zuzena duen arazo bat aztertzen du BCBLn: dislexia. Hain zuzen, hura lehenbailehen detektatzeko bideak urratzen dihardute bere ikerketa taldean. Izan ere, haurrak irakurtzen hasi eta bi urte geroago detektatzen dira dislexia kasuak batez beste, eta lehenago antzemanez gero errazagoa litzateke arazoari aurre egitea.

“Lengoaiaren soinuak barneratzeko, erritmoaren pertzepzioa oso garrantzitsua da”, azaldu zuen Lallierrek. Hori horrela, bere taldearen hipotesia zera da, dislexiaren balizko kausa asaldura fonologikoa dela: “Dislexia dutenek desinkronizazio arazo bat dute hizketaren erritmoan”.

Hala, musika eta lengoaia lotuz, dislexia kasuak goiz detektatzeko modu posible bat egon litekeela aipatu zuen Lallierrek. Donostiako danborrada adibide hartuta, ikertzaile honek azaldu bezala, akaso merezi du sinkronia jarraitzeko arazoak dituzten haur txikiengan arreta jartzea, eta erritmo falta hori balizko dislexia kasu bati lotu dakiokeen aztertzea.


Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

2 iruzkinak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.