Arma gehiago, bularreko minbizia garaitzeko

Amaia Portugal

Londresko Minbiziaren Ikerketa Institutuak test berri bat garatu du. Bularrean tumorea izan duten eta dagoeneko sendagiria jaso duten zenbait pazienteri, hilabete batzuen buruan gaitza berriro izateko arriskurik ba ote duten aurresan diete, odol lagin soil batzuen bitartez.

Zoritxarrez, bularreko minbizia nahiko gaitz arrunta da emakumeen artean, baina zorionez, sendatu egiten da kasurik gehienetan. Izan ere, nagusiki prebentzio kanpainei esker, bularreko minbizia garaiz detektatu ohi da gaur egun, eta beraz, oraindik hura tratatzerik badagoenean. Jakina den bezala, minbizietan eta bestelako gaitz askotan, detekzio goiztiarra da sendatzeko gakoa.

Hain zuzen, Londresko Minbiziaren Ikerketa Institutuak aurrera pausoa eman berri du detekzio goiztiarraren auzi honetan. Bularreko minbizia izan duten eta klinikoki osatuta dauden zenbait pazienteri, hilabete batzuen buruan gaitza berriro izateko arriskurik ba ote duten aurresan diete, odol lagin soil batzuen bitartez. Horretarako garatu duten testak oso garaiz detektatzen du minbizia beraz, eta gainera, ate berri bat zabaltzen dio medikuntza pertsonalizatuari. Hala azaldu dute ikertzaileok, Science Translational Medicine aldizkarian argitaratu duten artikuluan.

Biopsiarik edo bestelako metodo mingarririk gabe ematen ditu emaitzak test honek, aski baita odol laginen azterketarekin. Izan ere, mutation tracking izeneko teknika batean oinarritu dira testa garatzeko: mutazioaren arrastoa jarraitzea da gakoa.

Irudia: Emakume bat, mamografia egitear. (Argazkia: Army Medicine / CC BY 2.0)

Beste minbizien kasuan bezala, bularrekoa garatzen eta hedatzen den heinean ere, mutazio zehatz batzuk metatzen ditu gaixoak. Sortu duten test berri honen bitartez, sendagiria jaso eta gero ere, odolean mutazio gako horien zer arrasto geratu den ikusteko gai izan dira ikertzaileak, eta ondorioz, minbizia berriz izateko arriskurik ba ote dagoen aurresan dute. Gainera, bularreko minbiziak aldaera asko ditu, eta kontuan izan beharreko mutazioak ere desberdinak dira, kasuan kasu. Auzi horiek guztiak barne hartzen ditu test honek, eta beraz, medikuntza pertsonalizaturako bidean ere badakar aurrera pausoa.

Lehen fase honetan, 55 pazienteri aplikatu zieten testa Minbiziaren Ikerketa Institutuko zientzialariek. Bularreko minbizia goiz antzeman zitzaien gaixoak dira horiek guztiak: kimioterapia tratamendua eta ebakuntza egin zitzaien, eta testa egiterako jasoa zuten sendagiria. 55 lagun horiei ebakuntzaren ondoren atera zitzaien lehen odol lagina, eta sei hilabetero, ondoren. Lagin horien emaitzen bilakaera aztertuta, ikertzaileek zehaztasun handiz aurresan zuten paziente horietako bakoitzari minbizia berriro indartuko ote zitzaion. Artikuluaren arabera, testean positibo eman zuten emakumeek gaixoberritzea jasateko zeukaten arriskua handia zen: negatibo eman zutenena halako hamabi.

Minbiziaren Ikerketa Institutuak egindako testaren berri ematen duen bideoa, ingelesez.

Batez beste, minbizia atzera agertu baino ia zortzi hilabete lehenago egin zitzaien detekzioa testean positibo eman zuten emakumeei. Oraindik osasuntsu zeudenean eta sintomarik ez zutenean, horrenbestez. Gaitza garatuko dela hain goiz aurresatea oso garrantzitsua dela azpimarratu du Nicholas Turner ikerketa honen buruak: “Minbizia berriz izango duten pertsonak zein izango diren identifikatzeko gai bagara, tratamendu gehiago eskaini diezaiekegu, berragertzea saiheste aldera”.

Ikerketa lerro hau hasi besterik ez da egin, baina lehen emaitzak oso oparoak izan direla diote Minbiziaren Ikerketa Institutuko kideek. “Odol bidezko test hauek gaixoberritzea aurresan dezaketela erakutsi duen lehen ikerketa da honakoa. Urte batzuk igaro beharko dira testa ospitaleetan erabilgarri egon arte, baina itxaronaldia arinduko dugula espero dugu, datorren urtetik aurrera entsegu kliniko askoz ere zabalagoak egiteko asmoa baitugu”, adierazi du Turnerrek.

Erreferentzia bibliografikoa:

Isaac Garcia-Murillas et al. Mutation tracking in circulating tumor DNA predicts relapse in early breast cancer. Science Translational Medicine, 26 Aug 2015. Vol. 7, Issue 302, pp. 302ra133. doi: 10.1126/scitranslmed.aab0021

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————-

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>