Stephanie Kwolek (1923-2014): Zuntz salbatzailearen izenean

Dibulgazioa · Emakumeak zientzian

Stephanie Kwolek kimikaria polimeroekin lanean ari zen laborategian, lortutako emaitzek erabat harritu zutenean. Esku artean zuena ikusita, saiakuntza gaizki egin zuela pentsatu zuen. Soluzio kristalinoa zuen begien aurrean eta berak bazekien natura horretako elementu gehienak biskatsuak izan ohi zirela. Akats batetik jaio zen Kevlarra (poliparafenileno tereftalamida). Zorioneko akatsa. Kimikari estatubatuarrak une horretan ez zen aurkikuntzaren garrantziaz jabetu, baina gerora zuntz horrek 3.200 bizitza salbatuko zituen.

Irudia: Stephanie Kwolek
Irudia: Stephanie Kwolek kimikaria laborategian.

Stephanie Kwolek kimikan lizentziatu zen. 1946an DuPonten hasi zen lanean. Bigarren Mundu Gerraren ondorioz, enpresa horietako gizon askok lana utzi zuten armadan sartzeko asmotan. Hutsune hori betetzeko aukera izan zuen kimikariak. 42 urte zituen Kevlarra asmatu zuenean. Kristal likidozko polimeroak makina batean sartzean erresistentzia handiko materialetan bilakatzen zirela ikusi zuen. Elementu berria jaio zen une hartan.

Bere etxean, kevlarrezko bobina txiki batzuk gordetzen zituen. Ildo horri jarraiki, honakoa esan zuen The News Journal egunkarian egin zioten elkarrizketan (2007): “Ez nuen inoiz imajinatu kristalezko likido horrek horrelako garapena izango zukeenik”. Beste elkarrizketa batean honakoa bota zuen: “Banekien aurkikuntza zela. Ez nuen Eureka oihukatu baina oso hunkituta nengoen, laborategi osoa bezala. Nagusiak ere halaxe zeuden, zerbait berria bilatzen ari ginelako, zerbait desberdina, eta hori zen, dudarik gabe”.

Altzairua baino gogorragoa

Erresistentzia handiko urre koloreko zuntza da kevlarra, altzairua baino bost aldiz gogorragoa. Osagai horren ezaugarri hori baliatu nahian, balen aurkako txalekoak sortzeko erabili zen. 1965ean merkaturatu zuten eta iraultza ekarri zuen. Urte hartatik aurrera, armadek eta segurtasun-indarrek horiek erabili zituzten. Arma zorrotzen aurka ere ziren baliagarriak. Horretaz gain, kevlarra pneumatikoak eta bela nautikoak egiteko erabili zen. “Egin zuena gogoratzen dudanean, izugarria iruditzen zait. Milaka eta milaka pertsona daude bizirik Kwolek-i esker”. Ron McBrideren adierazpenak izan ziren horiek, bizirik atera direnen Kevlar taldeko (Supervivientes Kevlar) zuzendari ohia. Bere semea onik atera zen kevlarrez osatutako balen aurkako txalekoari esker. Iraken zegoen ontzi-aholkulari moduan.

Lehen kristal likidozko polimeroaren sintesia eta Kevlar zuntza asmatzea izan ziren Stephanie Kwolek kimikariaren lorpenak. Gure memorian gorde daitezela.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.