Asteon zientzia begi-bistan #124

Dibulgazioa · Zientzia begi-bistan

acorns-1710577_1280

Paleontologia

Paleolitoko animalia grabatuak aurkitu dituzte Lekeitioko Armintxe kobazuloan, tartean bi lehoi. Grabatuen multzoa oso berezia da kalitate tekniko handia duelako eta oso argi ikusten delako. Aurkikuntzak hainbat animaliaren dozenaka grabatu inguru jasotzen ditu, eta tartean Kantauri Itsasoaren inguruan oso berriak diren figura batzuk ageri dira, esaterako felinoak. Madeleine garaiko Goi Paleolitoko grabatuak hauek tamaina handikoak dira. Guztira, berrogeita hamar animaliaren figurek osatutako multzoa da, eta duela 14.000 urte inguru erabilitako teknika oso deigarria da; izan ere, irudiak arraste teknika baten bitartez eginda daude, eta horrek altxadura txikiak eragiten ditu; hala, lerro argi bat sortzen da, eta horri esker figurak argi ikusten dira. Irudikatutako figurek bi dimentsiodun bolumena daukate.

Geologia

Eurasia eta Indiako plakek talka egin zuten duela hirurogei milioi urte inguru eta bion gainean zegoen lurrazalaren masaren erdia galdu egin zela kalkulatu dute Chicagoko Unibertsitateko ikertzaile batzuek. Azalpen posible bakarra, material hori guztia hondoratu egin zen, eta mantuarekin nahastu. Horrek orain arteko teoriak hankaz gora jartzen ditu. Izan ere, geologian irakasten denez, lurrazal kontinentalak dentsitate txikia du, eta horregatik, ezin du azpian duen mantuarekin nahastu.

Kimika

Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Kimikoa eta Ingurugiroa Saileko ikertzaileek, karbono zuntzezko materialen hondakinen %100 birziklatzeko metodo bat patentatu dute. Material horiek birziklatzea, dena dela, ez da batere erraza. Hiru arrazoi azaltzen ditu Isabel de Marco ikertzaileak: lehenik, material gehien-gehienak erretxina termoegonkorrez osatuta daude, hau da, ez dira urtzen beroa aplikatuta, eta, beraz, ezin dira berriz moldatu. Bigarrenik, askotariko osagai ugariz osatuta daude eta azkenik, nahasita egon daitezke, edo beste material batzuk eduki. Ikertalde honek argitaratutako patenteak metodo bat zehaztu du lurrunak tratatu eta hidrogeno proportzio handiko gas baliotsu bat lortzeko eta ondoren hori saldu ahal izateko. “Hidrogenoa etorkizuneko erregaia izango da, ez duelako kutsatzen: hidrogenoa erretzean, ura baino ez da sortzen. Gainera, sintesi kimikorako erabil daiteke hainbat eta hainbat aplikaziotan.

Kultura Zientifikoa

Herritarrak zientziari lotutako jardueretan parte hartzea ahalbidetzen duten ekimenak areagotu egin dira azken urteotan. Elhuyar Fundazioko Zientziaren Gizarteratzearen arloko arduradun Garazi Andonegik beste aurrerapauso bat emateko beharra azpimarratu du; datuak edo laginak biltzeaz harago doan ibilbide bat irekitzeaz ari da, hain zuzen. Zientziakide izena jarri diote proiektuari eta Pasaian abiatuko da hurrengo asteburuan. Hogei lagunek, AZTI zentroarekin batera, Pasaiako Badiako uraren kalitatea neurtuko dute eta Andonegik hala azaldu duenez, “prozesu osoan parte hartuko dute”.

Ikerketan parte hartuko dutenak profesionalak ez direnez, une oro AZTIko ikertzaileak izango dituzte alboan, laguntzeko prest. Ekimen honek Europako Batasuneko Horizon 2020 egitasmoan zehaztutako filosofia du oinarri.

Adimen artifiziala

Garuna imitatuz ikasteko gaitasuna duten neurona-sare artifizialei memoria nabarmen hobetu diete Google DeepMindeko ikertzaileek. Neurona-sare artifizialek garunaren antzera ikasteko gaitasuna dute, baina ez dute datu konplexuak prozesatzeko beharrezko den memoria-egiturarik. Bada, Google DeepMindeko ikertzaileek ordenagailuen eta neurona sareen ezaugarri horiek elkartuta “ordenagailu neuronal diferentziagarria” deitu diotena sortu dute. Elhuyarrek azaltzen digun moduan, neurona-sare bat da, adibideetatik abiatuta edo proba eta errorearen bidez ikasteko gai dena, baina, ordenagailuen RAM memoriaren gisako kanpo-egitura bat ere badu.

Medikuntza

Zika birusa gertutik ezagutzeko aukera dugu artikulu honen bitartez. Birusa Rhesus tximinotik isolatu zen 1947an Ugandako Zika basoan. Urte batzuk beranduago, 1952an, gizakietan detektatu ziren lehenengo kasuak, Tanzanian eta Ugandan. Ondoren Afrikatik irten eta Ozeano Bareko Yap estatura eta Mikronesiara iritsi eta hedatu zen; ordutik hona zenbait lurraldetatik hedatzen joan da, batez ere Filipina edo Asiako hego-ekialde inguruan. Azken urte honetan ordea, Brasilera heldu da eta hori izan da Amerikako kontinentean zabaltzeko izan duen atea. Hasieran Brasilen oso arin hedatu zen baina gaur egun Hego Ameriketako lurralde gehienetan detektatzen da Zika. Europara ere iritsi da, batez ere gaixoek transmitituta. Transmisio modu hori berria, birusak eragiten ari da infekzioa.

Osasunari jarraiki, datu-baseak uztartzea, botiken arteko interakzioak detektatzeko tresna eraginkorra dela frogatu dute Columbia Unibertsitateko ikertzaileek. Zehazki, botiken albo-ondorioen, elektrokardiogramen eta laborategiko esperimentuen milioika datu uztartu dituzte, eta ikusi dute bi botika arruntek bihotzaren jarduera asaldatzen dutela, elkarrekin hartzen badira. Bata, zeftriaxona, antibiotikoa bat da, eta bestea, lansoprazola, protoi-punpen inhibitzaile bat, bihotzerrearen kontra erabiltzen dena. Banaka ez dute eraginik bihotzaren jardueran, baina biak elkarrekin hartuz gero arritmia eragiteko arriskua dute, eta, kasu okerrenetan, baita heriotza ere.

Genetika

Julen Díaz bioteknologoa eta EHUko ikertzailea da eta dopin genetikoa detektatzeko metodo bat ikertzen ari da, pasaporte biologikoan oinarrituta eta kirol errendimenduan eragina duten geneak aztertuta. Ikerlariak dio egun ez dela ezagutzen %100 eraginkorra den dopin genetiko detekzio metodorik. Bi arlotan ari da Díaz: alde batetik, genetika lesio arriskua murrizteko nola erabil daitekeen ikertzen dute eta bestetik, dopin genetikoaren detekzioa. Haiek darabilten metodoa azaltzen du elkarrizketa honetan: “Pasaporte biologikoaren eredua erabili nahi dugu, eta kirolarien informazio genetikoa aztertzea bere ibilbideak irauten duen bitartean. Detekzio probekin arlo genetikoa ere aztertzea da asmoa, bereziki kirol errendimenduarekin harremana duten geneak”. Egun, dopin genetikoa detektatzeko erabiltzen dituzten teknikak izan ditu mintzagai ere. Teknika ezberdinak ezagutzen direla azaltzen du, eta zuzenean edo zeharka detekta dezakete dopina: “Batzuk sartu ahal izan den material genetikoa detektatzen zentratzen dira, eta beste batzuk dopin genetikoa txertatzeko metodoen arrastoa jarraitzen dute. Adibidez, dopin genetikoaren teknologiak erantzun immuneak eragin ditzake, eta horien arrastoa azter daiteke ea zerbait arraroa dagoen”.

Emakumeak zientzian

Itziar Garate Lopez Meteorologia Dinamikoaren laborategian lan egiten du, doktoretza-ondoko ikerketa egiten. Orain Parisen dagoen arren, amaitu bezain pronto Euskal Herrira bueltatu nahi du. Orain tesian egindako ikerketaren osagarria egiten ari da. Tesian, Artizarraren poloan dagoen zurrunbilo bat aztertu zuen, Venus Express espazio-ontziaren Virtis espektometroak hartutako datuetan oinarrituta. “Hortik zurrunbiloaren hainbat ezaugarri ezagutu nituen, baina ez zen nahikoa ondo ulertzeko. Orain, zurrunbilo hori bera aztertzeko aukera izango dut, beste modu batera: ordenagailu bidezko simulazioen bitartez, hain justu”.

Biologia

Animalien natura ikasteko beste kapitulu bat dugu hauxe: itsastartzat ditugun hegaztiak. Hauek bizitza gehiena lehorrean edo airean egiten dute eta zentzu horretan, itsasoaren baldintza osmotikoetatik ihes egiteko gaitasuna dute. Bada, badira nagusiki itsastarrak direnak; pinguinoak, esaterako. Hauek ezin dute hegan egin, hortaz uretan edo lehorrean egon behar dute. Hauek bai uretan murgilduta ematen dutela bizitza gehiena, uraren eta gatzen kontzentrazio-gradiente baten aurka borrokatuz. Bestalde, badira itsaso zabalean bizi diren txoriak ere; hauek lehorrean eta airean dihardute gehienbat, baina ez dute ur geza lortzeko modurik. Beraz, itsastarrak diren hegaztiek itsasoko beste ornodun guztien arazo bera dute: gatzik gabeko ura lortzea, gatz-kontzentrazio altua duen uretan bizi direla. Itsas hegaztiek itsasoko ura edaten dute. Baina itsas ugaztunek ez bezala, hegaztiek ezin dute gatz-kontzentrazio altua duen gernurik ekoitzi. Hortaz, nola moldatzen dira itsas txoriak itsasoko ura edanda ur horrek dituen gehiegizko gatzak kanporatzeko? Erantzuna testuan topatuko duzue!


Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.


Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude