Azken hamarkadan inork ikusi ez dituen baina bizirik jarraitu dezaketen animalia eta landareen zerrenda egin du Global Wildlife Conservation erakundeak. Espezie horien artetik, 25 jarri ditu jomugan bereziki. Indonesian bizi den kangurua, buru arrosa duen ahatea… Horiek eta beste batzuk berraurkitzeko kanpaina abiarazi dute.
Gizakiaren esku-hartzeak sekulako kaltea egin dio gure planetaren biodibertsitateari. Habitat ugari suntsitu ditugu zuzenean zein zeharka, eta horietan bizi ziren eta egoera berrira egokitzen asmatu ez duten makina bat espezie desagertu da. Hor ez dago atzera bueltarik. Badira, ordea, desagertuta ez, baina galduta dauden espezieak: adituek ez dituzte ikusi aspaldian (batzuetan, batere irisgarriak ez diren tokietan bizi direlako), baina ale gutxi izan arren, badaude zantzuak oraindik badirela pentsatzeko.
Haientzat ere beranduegi izan baino lehen, galdutako espezieok berraurkitzeko kanpaina abiarazi du Global Wildlife Conservation (GWC) erakundeak. The Search for Lost Species (galdutako espezieen bila) du izena ekimenak. Ehun zientzialari baino gehiagorekin elkarlanean, 160 estatutan galdutzat jotzen diren 1.200 animalia eta landare espezieren zerrenda egin dute: gutxienez azken hamarkadan zientzialari bakar batek ere ez ditu ikusi. Gainera, horien artetik, 25 desiratuenak aukeratu dituzte, eta azken horiexek aurkitzea da lehentasuna.
Robin Moore GWCko komunikazio zuzendariak adierazi bezala, “animalia eta landare xelebre eta karismatikoak daude espezie horien artean, eta kontserbaziorako egundoko aukera dakarte. Espezie iheskor horietako edozein berraurkitzeak haren misterioak askatzen lagunduko liguke, eta informazio baliagarria emango liguke espeziea, bere habitata eta inguruko fauna ulertu eta hobeto kontserbatzeko. Ahaztutako espezie horietako askoren desagertzea galarazteko azken aukera izan liteke hau”.
Lehentasuntzat jo dituzten 25 espezie desiratuenek 18 estatutan dute jatorria, eta horien artean daude hamar ugaztun; hiruna hegazti, narrasti eta arrain; bi anfibio; eta intsektu, krustazeo, koral eta landare bana. Espezie horietako zazpiren kasuan, gutxienez, azken hogei urteotan ikusiak izan direla dirudi, baina oraingoz zientzialariek ezin izan dute haien presentzia berretsi. Bestalde, 25 espezie horietako batzuk aurkitzea erronka bereziki zaila izango dela dirudi. Izan ere, zenbaiten kasuan, ale bakarra baino ez dute antzeman ikertzen hasi zirenetik, eta duela hainbat hamarkada, gainera.
Aniztasuna izan dute helburu 25 espezie horiek aukeratzean: ingurune eta mota oso desberdinetakoak dira. Esaterako, Wondiwoi zuhaitz kangurua 1928an ikusi zuten azken aldiz, Indonesian. Buruan luma arrosa distiratsuak dituen ahate espezie bat 1949an erregistratu zuten azkenekoz, Indian. Zerrendan badago Galapagoetako Fernandina uhartean baino aurkitu ez duten dortoka espezie bat ere, eta 1906tik ez dute ikusi, gainera; baina egiari zor, oso irla basatia da eta ez da batere irisgarria, eta orain arte ez dute nahi bezainbeste ikertu, beraz. Antzeko zerbait gertatzen da Australiako itsas zaldi espezie oso txiki batekin ere: bizitzekotan, gizakiarentzat batere eskuragarri ez dagoen ingurune batean bizi da.
Espezie horietako edozein berraurkitzeak garrantzi handia izango luke biodibertsitatearen ikuspegi soilari begiratuta, baina ez horregatik bakarrik. Venezuelako apo arlekin eskarlata topatzea, adibidez, lagungarria izango litzateke kitridoekiko erresistentzia hobeto ulertzeko, onddo patogeno horiek anfibioak akabatzen ari baitira, munduan luze-zabal.
Kanpainaren lehen fase honetan dirua biltzen dihardu GWC erakundeak. Guztira milioi erdi dolar eskuratu nahi dute, galdutako espezie horiek bizi omen diren inguruneetan espedizio zehatzak egin, eta banan-banan, horietako bakoitza berraurkitzen ahalegintzeko.
Kanpainaren berri ematen duen bideoa, ingelesez
Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.