Landareak jaten dituen armiarma

Animalien aferak · Dibulgazioa

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Janaria


Munduan 40.000 armiarma-espezie deskribatu izan dira gutxi gorabehera, eta guztiak intsektu eta bestelako animaliez elikatzen dira. Baina 2009ko urrian Current Biology aldizkarian jakitera eman dutenez, landareak jaten dituen armiarma txiki bat aurkitu dute Erdialdeko Amerikan. Armiarma jauzilarien familiakoa da eta Bagheera kiplingi izen ederra bezain bitxia eman diote. Akazia zuhaixketan bizi da armiarma txiki hau.

Irudia: Bagheera kiplingi armiarma saltari edo jauzilarien espeziekoa da eta egun ezagutzen den armiarma belarjale bakarra da. (Argazkia: Thomas Shahan)

Biologoek ondo ezagutzen dituzte akazia horiek, inurriekin mutualismo-harreman berezia mantentzen dutelako. Inurriek herbiboro gehienengandik babesten dituzte akaziak, eta akaziek babesa eta janaria eskaintzen diete inurriei. Hostoen guruinek ekoitzitako nektarra eta Belt gorputzak izenez ezagunak diren hosto bereziak dira inurrien janaria.

Bagheera armiarmek akazia-inurri sistema hori baliatzen dute, baina «iruzur eginez» nolabait. Inurriek bezala, nektarra eta Belt gorputzak jaten dituzte, baina gero ez dute landarea defendatzen: horregatik esan dugu iruzur egiten dutela, mutualismo-harremanaren onurak bai baina trukean ordainik ematen ez dutelako. Dirudienez, armiarmak bizkorrak dira, oso bista ona dute, eta gaitasun kognitibo handia, eta horri esker inurriek ezin harrapa ditzakete. Gainera, habiak ez dituzte akazietan egiten, beste landareetan baizik, inurriengandik urrun.

Costa Rican 2001ean aurkitu zuten herbiboria mota hau lehenengoz, eta 2007an, Mexikon, berriro behatu zuten. Mexikoko populazioko armiarmek Costa Ricakoek baino landareak jateko joera handiagoa dute. Izan ere, Belt gorputzak dira Mexikoko populazioko armiarma horiek jaten dutenaren % 90. Costa Ricako populaziokoek, berriz, animalia-harrapakinak -inurrien larbak barne- gehiagotan baliatzen dituzte jakia osatzeko.

Basoan definizio altuko filmaketak egin dituzte ikerketa hau aurrera eramateko; horrez gain, laborategiko lanak ere burutu dituzte. Lan horietan, 15N, 14N, 13C eta 12C isotopoen edukiak aztertuz, landareen energia-ekarpena neurtu eta basoan behatutakoa berretsi dute horrela.

Bare haragijale batez arituko gara aurreragoko atal batean. Bare hori ―mamu-barea― ez da bakarra, beste bare haragijaleren bat ere bada-eta munduan. Ez dakigu Bagheera bezalako beste armiarma belarjalerik ba ote den munduan; beste espezieren bat egon daiteke, noski, baina hauek guztiak salbuespenak dira, armiarma herbiboroak eta bare karniboroak. Baina salbuespen izate hori da, hain zuzen ere, animalien malgutasunaren eta ingurune desberdinetara moldatzeko izan dezaketen gaitasun handiaren erakuslerik argiena.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

1 iruzkina

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.