Biologia
Txori migratzaileak ezagutzeko aukera izan dugu testu honen bitartez. Txoriek gantza eta proteinak pilatzen dituzte migrazioa prestatzeko. Migratzen hasi baino lehen gehiago jaten dute, lau bider gehiago jatera iristen ahal dira. Horretarako, handitu egiten dute digestio-sistemaren edukiera. Migrazioan zehar, hegaldi eta geldialdi zenbait txandakatzen dituzte latitude epeletako txori migratzaile gehienek. Geldialdi horietan energia eta elikagai erreserbak berreraikitzeko aukera dute. Adibide gisa, Dendroica striata txoria dugu. Txikia da eta Ipar Amerikatik Erdialdeko Amerikara edo Hego Amerikako iparraldera migratzen du. Bataz beste, 3.000 km-ko distantzia egiten du itsasoaren gainetik, eta horrek esan nahi du 88 orduko hegaldi etengabea egin behar duela.
Beleak adimena aztertzeko tresna bikainak dira. Lund Unibertsitateko (Suedia) Can Kabadayi eta Mathias Osvath ikertzaileek hainbat esperimentu egin dituzte animalia horiekin. Ondorioztatu dute beleak gai dira etorkizuna planifikatzeko. Esperimentu ugari egin dituzte beleekin. Ikerketa honetatik ondorioztatzen dute, adibidez: “Beleak erabakiak hartzeko gai izan dira, etorkizunean gertatuko diren gauzak irudikatuz. Hau da, etorkizunean gerta daitekeen zerbait kontuan hartu dute unean uneko erabakiak hartzeko”.
Paleontologia
Joan Wiffen izan da aste honetako protagonista. Modu autodidaktan ikasi zuen paleontologia eta “Dinosauroen erregina” deitzen zioten. Bi aurkikuntza nagusi egin zituen Zeelanda Berriko Ipar Uhartean, Hawkeseko badian: duela 75 milioi urteko dinosauro teropodo baten buztanaren orno bat eta tiranosauro baten hezur bat. Halere, adituek ez zioten erraz jarri Joani. Izan ere, lurralde horretan ez zirela dinosauroak existitu zioten gehienek. Joanek horien existentzia frogatzen zituen fosilak topatu zituen arte.
Ekonomia
Barbara Ward (1914-1981) Britainia Handiko ekonomialari, kazetari eta idazlea da. Ahalegin handiak egin zituen mendebaldeko oparotasuna munduaren gainerako herrialdeekin partekatzeko. 60.eko hamarkadan, ingurumenari lotutako gaiak landu zituen, garapen iraunkorraren aldeko defentsan aitzindari bilakatuz. United Nations Conference on the Human Environment biltzarraren aurreko txostenaren idazketan parte hartu zuen.
Neurozientzia
Txinan egindako ikerketa batean ikusi dute anai-arrebarik ez duten haurrek sormen handiagoa dutela eta ez direla hain atseginak. Halaber, ikerketa horren bitartez egiaztatu dute anai-arrebak izan edo ez, garuneko zati batzuetan bolumena aldatu egiten dela. Garuneko eskanerrek eman dituzte datu deigarrienak. Horien arabera, ikerketa honetako ume bakarrek bolumen handiagoa dute lobulu parietaleko atal batean: zirkunboluzio supramarginalean. Ikerketa honetan aurrenekoz egiaztatu da garuneko egitura anatomikoan ikus daitezkeen desberdintasun zenbaitek lotura izan dezaketela jokabidearekin.
Ingeniaritza
Zurichen (Suitza) 3D inprimagailu bat erabiliz silikonazko bihotz bat “inprimatu” dute eta taupadaka jartzeko gai izan dira, ia-ia benetako bihotz baten gisan. Prototipo bat da oraindik, jakina, asko falta da oraindik bihotz-transplanteetan erabiltzeko. Oso-osorik artifiziala den lehenengo bihotza da. “Gaixoaren bihotzaren berdin-berdina den beste bat sortzea da helburua, neurriz eta itxuraz, eta bere funtzionamendua erabat imitatzea”, adierazi dute ikertzaileek.
Victor Mayoral elkarrizketatu dute Berrian, H-ROS nazioarteko proiektuagatik izendatu dute Inovators Under 35 sarietan. Robotikan espezializatutako ingeniaria da, proiektu horretan, “oso berritzailea” bere ustetan, robotetan erabil daitezkeen piezak sortzen ditu. Zertan datza baina? Mayoralek azaltzen duenez, “helburua pieza batzuk sortzea da, robot mota ezberdinen artean truka daitezkeenak, eta baita fabrikatzaile ezberdinen artean trukatu daitezkeenak ere”. Etorkizunera begira, robotek zer aldaketa ekarriko duten galdetuta, hauxe dio: “Oso aldaketa nabarmenak ikusiko ditugu; esaterako, bakarrik ibiliko diren auto eta kamioiak. Aurreratu dezaket datorren hamarkadan sukaldeko robot asko eta asko ikusiko ditugula”.
Medikuntza
Larrialdi medikoetako zerbitzuetan eta zainketa intentsiboen unitateetan (ZIU) erabili ohi da Allen maniobra –odol fluxuaren kalitatea begiratzeko erabiltzen da–. Ahurra goraka dagoela, eskua ukabilean ixten da. Hatzekin arteria erradiala eta kubitala eskumuturraren albo bietan estutzen dira aldi berean, ahurrak kolore zurbila hartzen duen arte. Arteria kubitalaren gaineko presioa askatzen da, erradialaren gainekoari eusten zaiola. Bada, ikerketa batean ondorioztatu dute Allen testak ez duela %100ean odol zirkulazioaren kalitatea ezagutzea bermatzen eta ez duela eragozten arteria ziztatu ostean iskemiaren bat agertzea.
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.
Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.
1 iruzkina
Oso interesgarria eta baliagarria, niretzako, zientziari buruz gehiago jakiteko eta nire euskara lantzeko. Eskerrik asko.