Joan Wiffen (1922- 2009): Dinosauroen atzetik

Uxue Razkin

Joan Wiffen agertu zenean, dinosauroa han zen oraindik. Bere fosila bai, bederen. Adituek eta paleontologoek zioten Zeelanda Berriko Ipar Uhartean, Hawkeseko badian, hain zuzen, dinosauroak ez zirela inoiz existitu. Joanek horien existentzia frogatzen zituen fosilak topatu zituen arte. Paleontologia bere kasa ikasi zuen eta arlo horretan aurkikuntza esanguratsuak egitera iritsi zen ikasketa zientifikorik gauzatu gabe, hala nola duela 75 milioi urteko dinosauro teropodo baten buztanaren orno bat eta tiranosauro baten hezur bat. Dinosauroen erregina izan zen Joan Wiffen.

1. irudia: Joan Wiffen, Zeelanda Berriko Dinosauroen erregina. (Argazkia: John Cowpland/NZPA)

Txikitan eskola utzi behar izan zuen. Hasieratik naturarekiko lotura berezia garatu zuen, aparteko jakin-mina sorrarazten zion zientziak. Esaterako, uretako maskorrak asko gustatzen zitzaizkion eta horiek biltzeko ohitura zuen, nahiz eta txikia zenean, ez zekien zer ziren. Bigarren Mundu Gerra gertatu bitartean, bere ametsak alboratu zituen, Women’s Auxiliary Air Forcen izena eman baitzuen; bertan, 6 urtez egin zuen lan. 1953an Pont Wiffenekin ezkondu zen. Hawkeko badian landetxe bat eraiki zuten, abandonatutako etxe bat atondu eta lurra landu zuten, animaliak hezi zituzten baita bi ume eduki ere.

Liburuak tresna izan ziren zientziarekiko zuen lotura hori berreskuratzeko. Liburutegi publikoan hartzen zituenak bere seme-alabekin partekatzen zituen. Zientziarekiko grina handitzen hasi zen familia osoan. Hala, Pont Wiffenek geologian matrikulatzea erabaki zuen eta gauean antolatzen ziren klase batzuetara joaten hasi zen. Baina, gaixotu zenean, eta matrikula ez galtzearren, Joanek erabaki zuen bera joango zela klaseetara senarraren ordez. Ordu hartatik aurrera, geologiaz maitemindu zen; Lurraren historiaz eta antzinako animaliez, are zehatzago, dinosauroez.

Non gogoa, han zangoa

Australiatik barrena espedizioak egin zituen Wiffen familiak, beti harri eta mineralak aurkitzeko asmotan. Joanen azken helburua zen dinosauroen fosilak aurkitzea lurralde horietan. Une hartan, baina, ez zekien aditu gehienek sinesten zutela Zeelanda Berrian ez zirela dinosauroak existitu, uharteak isolaturik egon zirelako denbora luzez. Charles Fleming izan zen iritzi horren aurkari bakarra. Honela zioen: “Lurraldeak ez zuen dinosauroen fosilik, inork aurkitu ez zituelako oraindik”. Hortaz, Flemingen iritziari men eginez, lurralde horietara joango zela erabaki zuen Joanek.

2. irudia: 1991. urtean Joan Wiffenek egindako aurkikuntzei buruzko liburua argitaratu zuen.

Mapa geologiko zahar bat eskuratu zuen horretarako. Bertan zehazten zen narrastien hezurrak zeudela Mangahouanga haranean. Zehazki, Te Hoe ibaian, Hawkeko badian. Sei hilabete kostatu zitzaion batetik, leku hori non zegoen zehaztea eta bestetik, esploratzeko baimena lortzea. 1972. urtean bilaketa abiatu zuen boluntario talde txiki batekin eta bere senarrarekin. Joanek publikatutako liburuan Valley of the dragons, zehatz azaltzen du azkar topatu zituela espedizio horretan “hortzak, ezkatak eta arrainen ornoak zituzten harriak, baita marrazoen hortzak eta mota guztietako maskorrak ere”. Urteak igaro zituen inguru hori esploratzen. Han aurkitu zuten uretako narrasti baten hezur-fosila. Aurkikuntza hori, gerora etorriko zen arrakastaren hasiera besterik ez zen izan.

Paleontologiari ekarpena

1975ean Joanek bere lehenengo dinosauro baten hezur-fosila topatu zuen Mangahouangan. Une horretan jakin zuen hezurra oso berezia zela, lurrean bizi zen animalia batena, alegia. Aurkikuntza, baina, fosilak identifikatzen ikasi aurretik egin zuen. Lau urteren buruan, Australian oporretan zegoela, Brisbaneko Queensland museora joan zen. Bertan, Ralph Molnar paleontologoarekin jarri zen kontaktuan. Bere bulegoan ezaguna egiten zitzaion hezur bat ikusi zuen. Molnarrek esan zion dinosauro batena zela eta Joanek erantzun zion bere etxean oso antzekoa zen hezurra zeukala. Azkenean, Molnarrek konfirmatu zuen Joanek berak aurkitutako hezurra orain dela 75 milioi urteko dinosauro teropodo baten buztanaren ornoa zela. Hala, bera izan zen lurralde horretan dinosauroen existentzia frogatu zuen lehena. Are gehiago, hezur hori haragijale batena zela ohartu zen. Ezohikoa zen horrelakoak aurkitzea; izan ere, ordurarte errazagoa zen belarjale batenak topatzea.

1999. urtean beste aurkikuntza esanguratsu bat egin zuen. Tiranosauro baten hezurra topatu zuen. Halaxe kontatu zuen Joanek: “Sedimentuzko harri bat ikusi nuen Te Hoe ibaiaren ertzean, Rugbyko pilota baten tamaina zuena. Hondeatu nuen eta lagun bati eskatu nion mailu batekin irekitzeko. Berehalaxe ikusi nuen hezur-egitura ez zela uretako narrastiena”.

3. irudia: Joan Wiffen eta Ralph Molnar lanean. (Argazkia: Michael Schneider)

Aipatu moduan, autodidakta izan zen eta paleontologia arloan aurkikuntza garrantzitsuak egitera iritsi zen. Baina ez hori bakarrik. Fosilak arroketatik ateratzen ikasi zuen: mailuak, zizelak, esku-zerrak eta lehergailuak erabiltzen zituen. Horretaz gain, aurkitutako fosilen moldeak egiten ikasi zuen, adituei “kopiak” bidali ahal izateko. Bere ibilbide zientifikoa oparoa izan zela frogatzen duena jasotako sarien zerrenda da. 1994an, Masseyeko Unibertsitateak (Zeelanda Berria) ohorezko doktoretza eta Zientzia eta Teknologiako brontzezko dominarekin saritu zuen. Hurrengo urtean, CBEko (Commander of the British Empire) ohorezko titulua jaso zuen. 2004. urtean, saririk garrantzitsuena esleitu zioten: Morris Skinner Saria irabazi zuen, Estatu Batuetako Ornodunen Paleontologia Elkartearen eskutik.

Zientzia arloan ezagutzarik ez zuela leporatu zioten hainbat adituk, pentsa, dinosauroak ikusten zituen existitu ez ziren lurraldeetan. Egia esan, ez zioten bidea erraztu Joani baina aurrera jarraitu zuen. Paleontologia ikasi egin zuen eta azkenean lortu zuen, kostata, bere alorreko adituek osatzen zuten komunitatera sartzea. Horra hor Dinosauroen erregina.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>