Asteon zientzia begi-bistan #158

Uxue Razkin

Paleontologia

Asteko berria (eta baliteke urtekoa izatea) dakargu igandean ontzen dugun gehigarri honi hasiera emateko: 300.000 urteko Homo sapiens-en fosilak aurkitu dituzte Marokon. Gure espeziea duela 200.000 urte inguru sortu zela uste izan dute orain arte. Orain, aurreko hipotesia iraultzen duen bi ikerketa gauzatu dira. Elhuyarrek azaltzen digu: Jebel Irhoud aztarnategian (Maroko) aurkitutako fosil batzuetan oinarritzen dira ikerketak. Adituen ustez, Homo sapiens espeziaren sorlekua ez legoke Afrikako ekialdean, baizik eta iparraldean. Handik hedatuko zen kontinente osora, lehenik, eta gero Europa aldera (Out of Afrika edo Afrikatik kanpora hipotesia). Max Planck Institutuko Antropologia Ebolutiboko ikertzaileek gidatu dituzte ikerketok eta, datazioaz gain, gure espeziearen eboluzioari buruzko zantzuak ere eman dituzte.

Sustatuk eman du horren berri ere. Ikertzaile guztiak ez dira hipotesi berri honen alde agertu. John Hawks paleoantropologoak, besteak beste, Homo Naledi espezia aurkitu zuen taldeko ikertzaileak, artikulu eszeptiko bat idatzi du: bere ustez, “aurpegi modernoa” izate hutsagatik, Atapuercan aurkitutako Homo Antecessor ere izenda zitekeen Sapiens-aren “aldagai” bezala, eta hori ez da posible (1.2 eta 0.8 milioi arteko Europako espezie bat da Antecessor hau, agian Neandertalen arbasoa, ez ordea gu Sapiens-tarrona.) Halaber, astean agertu den beste azterketa –Hego Afrikako zenbait giza-genoma zahar eta berriren konparaketa– baten berri eman du.

Neurozientzia

Badira monogamoak diren animaliak eta ikerketa batek horiek hartu ditu hizpide. Zehazki, Ipar Amerikako lursagua hartu dute aintzat Emory Unibertsitateko (Atlanta, Georgia, AEB) ikertzaile batzuek, “maitasunaren kode neurala” argitzeko. Hau da, bikotekide leiala bilatu eta aurkitzeko prozesu horretan, animalion garunean zer gertatzen den aztertu dute. Zunda elektrikoak baliatuta, lursagu emeen garuneko bi erregio –kortex prefrontal mediala (erabakiak hartzearekin zerikusia duen atala) eta accumbens nukleoa (sari sistema, plazera…)– arteko komunikazio neurala grabatu eta entzun zuten ikertzaileek, arrekin hartu-emanetan zeuden bitartean. Jarraian, ikertzaileek artifizialki aktibatu zuten garuneko bi erregioen arteko zirkuitu neurala. Horren ondorioz, ar horrekin bizi arteko harreman sendoa izango balu bezala hasi zen jokatzen emea.

Medikuntza eta osasuna

Min kronikoa tratatzeko garrantzitsua izan daiteke neuronen barrura iristea. Nazioarteko ikertzaile-talde batek arratoiekin egindako esperimentu batzuetan ikusi duenez, neuronen azaleko minaren hartzaile batzuek zelularen barnealdera migratzen dute eta ohiko botikak ez dira gai horraino iristeko. NK1R izeneko hartzaileek lotura dute min kronikoarekin; horiek aktibatzean, hantura eta mina eragiten baitute. Hartzaile horiek blokeatzen dituzten konposatuei lipido bat erantsi diete, zelularen mintza zeharkatu ahal izan dezaten, eta ikusi dute horrela mina kentzea lortzen dela.

Medikuntza arloan badugu beste albiste bat. Gelatinazko matrizea garatu du UPV/EHUko NanoBioCel taldeak, hezurren osatze prozesuan euskarri fisiko funtzioa izateaz gain, hazkuntza-faktoreak askatzeko aukera ematen duena, gorputzak modu naturalean egiten duenari jarraiki. Biodegradagarria izateaz gain, gorputzak errefusatzeko oso arrisku baxua du. Artikulu osoa irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Xiringei beldurra diotenek pozarren hartuko dute albiste hau. Izan ere, azken urteotan odola biltzeko teknika berri bat garatzen ari da: Odol Tanta Lehorra. Zer da? Kotoiaz egindako txartel batean odol tanta batzuk ipintzen dira, horretarako gorputzeko edozein tokitan (atzamarra, orpoa edo belarria) orratz batekin ziztada bat eginez. Odola lehortu denean txartel hauek oso erraz gorde daitezke eta edonora eraman. Gero, laborategian odola duen paper zati bat zulatzen da, odola erauzten da eta interesatzen zaigun metabolitoa edo droga analiza daiteke. Baina zergatik ez du azken honek baztertu guztiz xiringa bidezko odol ateratzea? Teknika “berria” 1963. urtean erabiltzen hasi zen eta oraindik gutxik izan dute ospitaletan ikusteko aukera. Arrazoi nagusietariko bat analisiak burutzeko behar diren metodo analitikoen mugak izan dira.

Felipe Aizpuru, Osakidetzako Arabako ikerketa unitateko burua elkarrizketatu du Berriak. Bihotz gutxiegitasunaren bilakaera iragarri ahal izateko ikerketa lanetan ari da. 2011. urtetik, gaitz hori duten 13.000 lagunen datuak aztertu dituzte. Big data osasungintzan “aukera” bat dela dio, baina ez du gizateria salbatuko. Zuzentzen ari den ikerketa lanak badu helburu jakin bat, Azipuruk azalduta: “Etorkizunean aurreikuspenak egiteko modeloak landu nahi ditugu. Alegia, medikuek edo erizainek gaixoaren bilakaera zein izango den iragar dezaten. Bestalde, kasuen artean konparazioak egin nahi ditugu, ondorioak ateratzeko”.

Astrofisika

Albert Einsteinek erlatibitatearen teoria orokorra landu zuzenean, aurreikusi zuen argia kurbatu egiten dela masa baten eraginez. Fenomeno horren froga esperimentala lortu dute oraingoan Estatu Batuetako Space Telescope Science Instituteko ikertzaileek. Ez da argiaren desbiazio hori esperimentalki frogatzen den aurreneko aldia, baina. Jada 1919ko eguzki-eklipse batean ikusi zuten. Eguzkiaren atzean zegoen izar bat desplazatuta azaltzen zela ikusi zuten, Eguzkiaren beraren presentziagatik. Orain fenomeno hori Eguzkia ez den beste izar batekin frogatu ahal izan da. Esperimentu horren nondik norakoa ezagutzeko, jo ezazue Einsteinek ezinezkotzat jo zuena lortu zuen artikulura.

KIC 8462852 izarra dugu protagonista albiste honetan. Lurretik 1.300 bat argi-urtera dago eta Tabbyren izarraz ezagutzen da. Portaera bitxia du: izugarrizko iluntzeak gertatzen dira han, baina zientzialariek ez dakite zergatik. Izan ere, distira aldaketa horiek ez dute jarraitzen inolako eredu ezagunik. Marian Martinez, Kanariar Uharteetako (Espainia) Astrofisika Institutuko ikertzaileak dio: “ikertzen ari garen guztiok ez dakigu oso ondo zehazki zeren bila ari garen”. Martinezek azaltzen du orain arte irakurri duen “azalpenik zentzuzkoena” dela honakoa: asteroidez inguratuta dagoen planeta erraldoi batek sortzen dituela iluntzeak.

Nanoteknologia

Material superelastikoak gai dira % 10 deformatu eta atzera jatorrizko itxura hartzeko. Ezaugarri hori ezaguna da eskala makroskopikoan; orain, kobre-aluminio-nikel aleazio bateko gailu oso txikiak ere ezaugarri izan dezaketela frogatu dute EHUko Materia Kondentsatuaren Fisika Saileko eta Fisika Aplikatua II Saileko ikertzaileek. Ikerketa honek aplikazio interesgarriak ekar ditzake, hala nola jantzietan, pantailetan eta abar, eta haientzat osagaiak sortzeko baliagarria izan daiteke, baita osasun-arloan ere, organismo barruan txertatuko liratekeen txipak egiteko, adibidez.

Geodinamika

Lurralde igneo erraldoiak “bolkanismo anomaloaren” egitura adierazgarrienak dira. “Bolkanismo anomalotzat” jotzen da plaken arteko mugetatik urrun gertatzen dena. LIPek zuten ezaugarrietako bat da geologian laburtzat hartzen den epean azaltzen direla, eta onartu ohi da 1 ma baino arinago garatzen direla. Horren epe laburrean horrenbeste arroka igneo azaleratzen delarik, atmosferara gas kantitate izugarriak igortzen dira. Ondorioz, eragina dute bai Lurreko batezbesteko tenperaturan, bai klimatologian, bai eta ozeanoetako baldintzetan, eta zenbait suntsipen biologiko orokor sustatu dituzte. Mendearen hasieran eztabaida sutsua izan zen LIPen jatorria azaltzeko. Bi hipotesi gailendu ziren: batak mantuko luma gorakorren jarduera (lumen eredua) erabiltzen du eragile gisa, eta besteak, kontinenteko litosferaren lodiera-ezberdintasunetan sortutako, tokian tokiko, konbekzio-korronteak eta mantuaren heterogeneotasuna (plaken eredua). Egindako azken ikerketek indartu egin dute luma gorakorraren eredua.

Biologia

Kolibriak hegazti txikienak dira eta nektarra da haien janari nagusia. 12 ordutan zurrupatu behar duten ur kantitatea haien masaren halako 5 baino gehiago da. Ur gehiegi edaten duten animalietan hiperhidratazioa gerta daiteke. Naturan animalia gutxi egon daitezke hori pairatzeko arriskuan. Artikuluaren egileek adibide batzuk aipatu dituzte: anfibioak egon litezke egoera horretan, larruazal iragazkorra dutelako, baina gernu-bolumen handiak ekoitziz konpontzen dute arazoa; anfibioen gernua, bestalde, oso diluitua da, kasik ez du gatzik, haien giltzurruna oso eraginkorra baita gernutik gatzak berreskuratzen. Kolibriek badute urarekin arazoa. Zurrupaturiko uraren % 80 xurgatzen dute kolibriek eta, beraz, giltzurrunak kanporatu behar du ur gehiena. Bada, giltzurrunak mugak ditu. Litekeena da kolibriak toki beroetan bizitzera behartuta egotea. Toki hotzetan animalia homeotermoek bero gehiago galtzen dute eta, ondorioz, toki hotzetan beroetan baino gehiago jan behar dute. Baina kolibriek nekez jan lezakete jaten dutena baino gehiago, giltzurrunak askoz ere ur gehiago prozesatu beharko bailuke orduan.

———————————————————————–
Asteon zientzia begi-bistan igandeetako atala da. Astean zehar sarean zientzia euskaraz jorratu duten artikuluak biltzen ditugu. Begi-bistan duguna erreparatuz, Interneteko “zientzia” antzeman, jaso eta laburbiltzea da gure helburua.

———————————————————————–

Egileaz: Uxue Razkin Deiako kazetaria da.

———————————————————————–

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>