Hazkuntza faktoreak askatzen dituzten aldamioak

Dibulgazioa · EHUko ikerketa

Hezur kalteak jasan ostean hezurren birsorkuntza-prozesua hasten du organismoak. Batzuetan, baina, ez da gai jasandako kaltea osatzeko. Kasu horietan, lagungarria izan daiteke kaltetutako tokian egitura bateragarri eta biodegradagarria jartzea: aldamioa.

1. irudia: Hezurretako hutsuneak osatzeko aldamio gisa balia daitezkeen eta hazkuntza-faktoreak askatzen dituzten egitura batzuk sortu dituzte UPV/EHUn.

Aldi baterako aldamio funtzioa izaten dute kaltetutako ehunean, organismoari osatzen laguntzeko. Gelatinazko matrizea garatu du UPV/EHUko NanoBioCel taldeak, hezurren osatze prozesuan euskarri fisiko funtzioa izateaz gain, hazkuntza-faktoreak askatzeko aukera ematen duena, gorputzak modu naturalean egiten duenari jarraiki.

Hezur-kalte kritikoetan (erredura, traumatismo, tumore-erauzketa, …) sor daitezkeen kalteetan aldi batez hezur-matrizea ordezkatu eta hezur-ehuna birsortzen laguntzeko da baliagarria garatutako aldamioa. Kolagenoaren deribatu bat erabili dute, kolagenoa prozesatzean sortzen den gelatina bat, zehazki.

Biodegradagarria izateaz gain, gorputzak errefusatzeko oso arrisku baxua du material honek. Gelatina-proteinak polimerizatu eta aldamioa kohesionatzeko, gardeniaren fruitutik erauzten den molekula bat erabili dute: genipina. Erabili ohi diren beste molekulak (glutaraldehido, adibidez) baino toxizidade baxuagoa du zelulentzat genipinak.

Behin aldamioa diseinatuta, zenbait entsegu eta prozesutan probatu dute; zer-nolako propietate, biobateragarritasun eta zitotoxikotasun dituen jakiteko. Emaitza positiboak lortu dituzte proba guztietan. Are gehiago, entseguetako batean espero baino hobeto erantzun dute zelulek: ohiko euskarri batean aldamioa zelula alfonbra baten gainean jarri zuten, kontaktuan egoteak zelulak intoxikatzen edo hiltzen ziren ikusteko. Aldamioa altxatzean, hutsunea ikusi zuten harekin kontaktuan egondako gainazal osoan eta zelulak hil zirela pentsatu zuten hasieran, baina zelulek aldamiora migratu zutela ikusi zuten orduan, alegia, hazteko jarritako plastikoa baino, nahiago zutela aldamioaren gelatina.

Aldamioa baino gehiago

Zelula ama mesenkimalei (hezur-matrizea birsortzen duten zelulei) sostengatzeko egitura emateaz harago, hazkuntza-faktoreak askatzeko gai den materiala bilatu dute ikertzaileek; unean uneko egoeraren arabera beharrezkoa den moduan eta kantitatean egin dezala, gainera. VEGF and SHH proteinak dira, zehazki, gehitu diren hazkuntza faktoreak. Heparina glikosaminoglikanoa lotzeko atalak dituzte bi proteina hauek haien sekuentzietan eta, ezaugarri hori aprobetxatuta, heparina gehitu da aldamio egiturara, hazkuntza-faktoreak harrapatu eta haien askatze profilak gordetzeko.

Hezurra hautsi eta lehenengo bi egunetan baino espresatzen ez den proteina da SHH, hezurra osatzen laguntzeko inguruko zeluletan zenbait gene aktibatzeko funtzioa duena. Heparina baliatuta aldamioetan gehitutakoan, lehenengo 24 orduetan askatu zen SHH proteina entseguetan, gorputzak sortzen duenaren antzeko portaera. VEGF proteinak, bere aldetik, angiogenesia (odol hodien sorrera) bultzatzen du eta, horretaz gain, zelulak erakartzen ditu hezur ehuna sortzen lagun dezaten. Kasu honetan ere, gorputzak askatzen duen moduan, hainbat egunetan zehar askatu zen aldamioan gehitutakoan.

2. irudia: SHH eta VEFG proteinen askapen grafikoak. (Ikerketa artikulutik hartua)

Proiektuaren lehenengo zatia da ikerketa hau. Animalietan azterketa preklinikoak egin dituzte eta emaitza itxaropentsuak lortu dituzte. Etengabe goraka doan diziplina da medikuntza birsortzailea eta askotariko estrategia terapeutikoak hartzen ditu barnean, proteina birkonbinatu eta zelula ametatik hasi eta, kasu honetan bezala, botikak eta hazkuntza-faktoreak askatzeko material eta matrizeetaraino.

Erreferentzia bibliografikoa

P. Sánchez, J.L. Pedraz, G. Orive.. Biologically active and biomimetic dual gelatin scaffolds for tissue engineering. International Journal of Biological Macromolecules, 98: 486–494 (2017). DOI: 10.1016/j.ijbiomac.2016.12.092.

Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Hezurren birsorkuntza-prozesuan organismoa imitatzen duten gelatinazko gailu berriak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.