Soldaduak

Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia

Hotza

———————————————————————————————————–

Bigarren Mundu Gerraren ostean latitude guztietatik hedatu zen Ameriketako Estatu Batuetako armada eta munduko azken mugaldetan kokatu zituen bere goarnizio, kuartel, kantonamendu edo base militarrak. Horri esker, era askotako datuak bildu ahal izan dituzte iparramerikarrek. Goarnizioetako soldaduek jaten dutena dago, esaterako, biltzen duten informazioaren artean. Ulertzekoa da hori, noski, erosi eta banatu behar den janari-kantitatea ezinbesteko informazioa baita armadarentzat.

Irudia:

Irudia: AEBtako armadak Bigarren Mundu Gerran ibilitako soldaduen janari-kantitateari buruzko datuak bildu zituen. Datuen arabera, soldaduak zeuden lurraldeko tenperaturaren eta kontsumitzen zuten janariaren artean harremana zegoela baieztatu zuten.

Bada, harreman interesgarria aurkitu dute goarnizioa zegoen tokiaren bataz besteko tenperaturaren eta soldaduek kontsumitzen zuten janari kantitatearen artean. Izan ere, askoz gehiago jaten dute toki hotzetan beroetan baino. Energia unitateetan adierazita, honako hauek dira muturreko datuak: 35 °C-ko bataz besteko tenperaturapean dauden soldaduek 3.100 kcal/egun kontsumitzen dute eta -30 °C-ko tenperaturapean daudenek, 5.000 kcal/egun. Muturreko datuak dira horiek, baina erlazioa oso argia da, bi magnitude horien arteko menpekotasun negatibo nabarmena ikus baitaiteke 22 kantonamenduei dagozkien datuen multzoa behatzerakoan.

Tenperatura-erregulazioaren beharrekin zerikusia du aipatutako erlazio horrek. Izan ere, aurreko kapituluko istoriotik ondoriozta daitekeen bezala, garesti samarra da hotzari aurre egitea. Pinguinoek, baraurik egonik, energia-erreserbak erabiltzen dituzte arrautza txitatzen duten bitartean. Soldaduek, berriz, jateko aukera dute, eta datu horiek adierazten dutenaren arabera, gehiago jaten dute hotza egiten duen tokietan.

Beraz, badirudi klima hotzetan bizitzeak dakarren bero-galerari aurre egin behar zaionean gehiago jan behar dela, jan behar den gaineratiko hori “erre” egin behar baita bero galera handiagoak konpentsatzeko. Azken batean, bero-galerak eta bero-ekoizpenak berdinduta egon behar dute gorputz-tenperatura konstante mantendu behar bada, eta beraz, bero gehiago galtzen denean gehiago sortu behar da. Bestalde, eta aski ezaguna denez, metabolismo-jarduera goratzea da bero-ekoizpena igotzeko dugun bide bakarra, baina metabolismo-jarduera goratzeak energia-osagai (erregai) gehiago erretzea dakar. Hau da, gehiago jan behar da (soldaduak) edo, bestela, lehendik pilaturiko energia-erreserbak erabili behar dira (pinguinoak).

—————————————————–

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

—————————————————–

Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #158 - Zientzia Kaiera

[…] behartuta egotea. Toki hotzetan animalia homeotermoek bero gehiago galtzen dute eta, ondorioz, toki hotzetan beroetan baino gehiago jan behar dute. Baina kolibriek nekez jan lezakete jaten dutena baino gehiago, giltzurrunak askoz ere ur gehiago […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>