Pinguino enperadorearen bizitza harrigarria

Animalien aferak · Dibulgazioa

Hotza


Pinguino enperadoreak Aptenodytes forsteri du zientzia-izena eta Antartikan bizi da. Munduan ez dago toki hotzagoan bizi den hegaztirik. Beharbada horregatik da hain harrigarria pinguino horren bizimodua.

Aptenodytes forsteri, arrainjalea izanik, itsasoan bakarrik elikatzen da. Pinguino arra, negua hurbiltzen denean, uretatik irten eta oinez abiatzen da, itsaso izoztuaren gainetik, izotz iraunkorrean 50-100 km-tara dagoen txitatze-gunera. Han emea dago zain, erruteko prest. Arra heltzean arrautza bakar bat erruten du emeak eta, ondoren, itsasorantz abiatzen da. Arrari uzten dio arrautza, txita dezan, eta horixe egiten du arrak, hanken artean arrautza gordez.

Irudia:
1. irudia: Pinguino guztien artean handiena da Aptenodytes forsteri. Arra eta emea berdintsuak dira lumei eta tamainari dagokienez: 120 cm-ko garaiera eta 20-45 kg-ko pisua izaten ohi dute.

Bi hilabete baino gehiago irauten du txitatze-aldiak eta horren bitartean pinguinoak ez du ezer jaten. Ez hori bakarrik, negu gordinenean dagoenez, askotan -40 °C edo -50 °C-taraino iritsi daiteke tenperatura, eta gainera, Antartikaren neguan ohikoak izaten dira haize eta elur ekaitzak. Txitatze-aldia amaitzen denean itzultzen da pinguino emea itsasotik, urdaila janariaz beterik dakarrela. Orduan heltzen da pinguino arrarentzat itsasora itzultzeko txanda. Emeak, urdailean ekarri duen janariaz, txita hazten du ondorengo asteetan, arra itsasoan elikatzen den artean.

Harrigarria da, bai, pinguino arraren portaera. Hiru hilabetetan zehar baraurik egotea, berez, ez da batere xamurra; baina hori nahikoa ez balitz, 38 °C-tan mantentzen du gorputzaren barne tenperatura, ingurumenekoa -20 °C eta -50 °C artean dagoenean. Argi dago itsasoan egon den bitartean gorputz azalaren azpian pilatu dituen gantz erreserbei esker egin dezakeela egiten duena. Baina atera ditzagun kontuak.

Barau-aldiak 100 egun inguru iraun dezake eta pinguinoak bere pisuaren % 40 galtzen du denbora horretan. Kontuak ateratzeko, bi dira aintzat hartu behar diren gastu-iturriak, distantzia luze horiek (50-100 km itsasotik etortzeko eta beste horrenbeste itsasora joateko) egiteko behar duena, batetik, eta txitatze-aldian zehar 38º-ko gorputz tenperatura mantentzeko behar duen erregaia, bestetik.

Aptenodytes forsteri pinguino handia da, pinguinoetan handiena. 35 kg-ko pinguino batek 1’5 kg gantz erabili behar du erregai gisa joan-etorria egiteko. Bestalde, laborategian egindako esperimentuetatik lorturiko emaitzen arabera, 25 kg gantz galdu beharko luke pinguino ar batek txitatze-aldi osoan Antartikako neguan ohikoak diren tenperaturetan.

2. irudia: Han emea dago zain, erruteko prest. Arra heltzean arrautza bakar bat erruten du emeak eta, ondoren, itsasorantz abiatzen da. Arrari uzten dio arrautza, txita dezan, eta horixe egiten du arrak, hanken artean arrautza gordez.
2. irudia: Pinguino enperadorearen emeak arrautza bakar bat erruten du eta arrari uzten dio arrautza, txita dezan, eta horixe egiten du arrak, hanken artean arrautza gordez.

Datu hori, baina, ez dator bat naturan ikusitakoarekin. Izan ere, erdia da, gutxi gorabehera, txitatze-aldian galtzen duten gantz masa: 12-13 kg inguru. Beraz, zerbait ez dugu aintzat hartu kontu hauek ateratzerakoan, eta litekeena da pinguinoen portaera izatea kontuan hartu ez dugun hori; izan ere, baliteke laborategian lorturiko datuak guztiz adierazgarriak ez izatea. Neurketak banan-banan egin ziren pinguino banako batzuk erabiliz, baina txitatzen ari direnean pinguinoak ez dira bakarrik egoten, multzotan egiten baitute lan hori. Bakarrik egongo balira, gorputz azal osoa egongo litzateke aire hotzaz inguraturik eta, beraz, azal osotik galduko lukete beroa. Baina txitatze-gunean multzoan daudenez, denbora gehiena beste pinguinoez inguraturik egoten dira eta, beraz, askoz ere bero gutxiago galtzen dute horrela. Bero gutxiago galtzen denean, gutxiago da tenperatura mantentzeko sortu behar den beroa. Hau da, multzotze-portaerari esker erregai, -gantz-, gutxiago gastatu behar dute behar duten beroa sortzeko.

Egia esan, ingurumen hotzean dauden animalia asko -gizakiak barne- multzotan biltzen dira beroa gordetzeko. Baina pinguinoen kasuan bistan da hil ala biziko kontua dela.


Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.


Artikulua UPV/EHUren ZIO (Zientzia irakurle ororentzat) bildumako Animalien aferak liburutik jaso dugu.

2 iruzkinak

  • Oso artikulu interesgarria. Ez dakit posible duzuen erantzutea, jakin-mina sortu zait irakurtzerakoan emea itsasotik bueltatzerakoan arra joaten dela itsasora bueltan. Zer gertatzen da emea ez bada bueltatzen? Enteradore arrak kumearekin jarraitzen du? Utzi eta itsasora bueltatzen da? Bizirauten dute arrak eta kumeak?

    Eskerrik asko!

  • […] ahalmena aurkitu da. Pinguino enperadorea da hegazti horietako bat. Gogora ekarri behar dugu beste atal batean pinguino enperadoreari buruz azaldu genuena: pinguino arrak arrautza txitatzen oso denbora luzea […]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.Beharrezko eremuak * markatuta daude.