Lursaguek dute maitasunaren gakoa

Amaia Portugal

Monogamia naturala ala kulturala den, asko eztabaidatu daiteke gaiari buruz, gizakiez ari garenean. Baina izan, badira, berez monogamoak diren animalia gutxi batzuk, bizitza osoa bikotekide bat eta bakarrarekin partekatzen dutenak. Microtus ochrogaster lursagua da espezie horietako bat. Hain zuzen, Ipar Amerikako lursagu monogamo honi begira jarri dira Emory Unibertsitateko (Atlanta, Georgia, AEB) ikertzaile batzuk, “maitasunaren kode neurala” argitzeko. Hau da, bikotekide leiala bilatu eta aurkitzeko prozesu horretan, animalion garunean zer gertatzen den aztertu dute. Nature aldizkarian eman dute ikerketaren berri.

Abiapuntua bazuten zientzialariok. Izan ere, aurrez beste lan batzuek iradoki izan dutenez, oxitozina eta dopamina bezalako gai kimikoek garuneko bi erregiotan esku hartzen dute, lursaguen arteko bikote loturak sustatze aldera: kortex prefrontal mediala (erabakiak hartzearekin zerikusia duen atala) eta accumbens nukleoa (sari sistema, plazera…) dira bi erregioak. Horiek sakon aztertuta, bikote loturak bideratzen dituen jarduera neural zehatza aurkitzea zen lan honen gakoa.

1. irudia: Microtus ochrogaster lursaguek bikotekide bakarrarekin partekatzen dute bizitza osoa. (Argazkia: Emory Unibertsitatea)

Zunda elektrikoak baliatuta, lursagu emeen garuneko bi erregio horien arteko komunikazio neurala grabatu eta entzun zuten ikertzaileek, arrekin hartu-emanetan zeuden bitartean. Hau da, bikotekide potentzial bat aurkitu, lehenbizikoz harekin ernalketa izan eta, ondotik, biziarteko lotura osatu dutela erakusten duten adierazleak (ez dira gizakiengandik hain desberdinak zentzu horretan, elkarri lapa-lapa eginda ibiltzen baitira) agertzen diren arteko prozesu guztia jarraitu zuten, emearen burmuinari begira.

Ondorioztatu dutenez, erabakiak hartzen dituen kortex prefrontalak lagundu egiten dio sari sistemaren erdigunea den accumbens nukleoari, bertan dauden neuronen oszilazio erritmikoak kontrolatuta. Bi alorren arteko konexio funtzionala iradokitzen du horrek. Gainera, ikertzaileok ikusi dutenez, konexio funtzional horren indarra desberdina da kasu bakoitzean, eta konektibitate sendoena erakusten duten emeak dira balizko bikotearenganako lotura azkarren erakusten dutenak.

Are gehiago, lehen ernalketak bizkortu egin ohi du lursagu bikotearen arteko harremana, eta garuneko konexio funtzionala ere sendotzen duela egiaztatu dute. Konexio horrek zer indar duen eta animaliok bikote lotura zer azkar (edo motel) egiten duten, korrelazioa dago bi aldagai horien artean. Era berean, emeak ar zehatz batekin bikotea osatzeko duen probabilitatea aurresan daiteke, garuneko bi erregioen arteko komunikazio mailari erreparatuta.

2. irudia: Gerora, autismoa bezalako gaitzei aurre egiten ere lagun dezake ikerketa ildo honek.
(Argazkia: Darryl Leja, National Human Genome Research Institute / CC BY 2.0 lizentziapean)

Horiek guztiak ikusita, jarraian, ikertzaileek artifizialki aktibatu zuten garuneko bi erregioen arteko zirkuitu neurala, optogenetikaren bitartez. Hala, lursagu emeen kortex prefrontalaren eta accumbens nukleoaren arteko komunikazioa indartu zuten teknika horrekin. Optogenetika bidezko estimulazioa baliatzen zuten bitarte horretan, emea ar baten ondoan jarri zuten, baina ez zegoen ez ernalketarik, ez eta kontaktu fisiko txikienik ere haien artean, arra kopa garden baten azpian baitzegoen. Harreman hori ahulegia da, berez, lursaguen arteko bikote lotura osatzeko, baina estimulazio artifizialaren ondorioz, ar horrekin bizi arteko harreman sendoa izango balu bezala hasi zen jokatzen emea.

Epe luzera begira, ikerketa ildo honetatik, erronka are zailago bati heldu nahi diote Emory Unibertsitateko kideek, Robert Liu arduradunak azaldu duenez: “Oro har komunikazio neural hobea sustatzea da gure helburua, adibidez autismoaren moduko gaitzen kasuan, kognizio sozialari bultzada emateko”.

Erreferentzia bibliografikoa:

Elizabeth Amadei et al. Dynamic corticostriatal activity biases social bonding in monogamous female prairie voles. Nature (2017). Published online 31 May 2017. DOI: 10.1038/nature22381

———————————————————————————-

Egileaz: Amaia Portugal (@amaiaportugal) zientzia kazetaria da.

———————————————————————————

Iruzkin 1

Eman iritzia

Asteon zientzia begi-bistan #158 - Zientzia Kaiera

[…] lursagua hartu dute aintzat Emory Unibertsitateko (Atlanta, Georgia, AEB) ikertzaile batzuek, “maitasunaren kode neurala” argitzeko. Hau da, bikotekide leiala bilatu eta aurkitzeko prozesu horretan, animalion garunean zer gertatzen […]

Eman iritzia

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>